"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
José Luis Valleren bigarren filma Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean aurkeztu zuten eta Mexikoko film luze onenaren saria irabazi zuen Guadalajaran. Bizitza osoan Tijuanan lan egin ostean, Rafaelek eta Lidiak beren eskubideen eta duintasunaren aurka eginiko bidegabekeria bat jasan beharko dute. Izapideekin loturiko akats bat dela-eta, erretiro pentsioa kobratzeko eskubiderik ez duela jakingo du Rafaelek. Lidia gurpil-aulki batean eserita bizi den emakume mexikar aberats baten etxean lan egiten duten zazpi pertsonetako bat da. Emakumeak bere txakurra "Princess" mimatzen igaro du bizitza osoa; txakurrak urrezko ontzi batetik jaten du eta zetazko kuxin baten gainean lo egin. Hil ondoren, emakumeak aberastasun guztiak txakurrari utziko dizkio, eta Lidiak nagusi gisa txakur bat izateak zer zentzu duen galdetuko dio bere buruari...