"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Ramon Agirrek jasoko du aurtengo Zinemira saria. Datorren irailaren 25ean egingo diote aitortza ibilbide oparoa bezain luzea izan duen aktoreari. Euskal Zinemaren Gala Victoria Eugenia antzokian egingo dute, eta bertan estreinatuko da Jainkoak ez dit barkatzen filma. Donostia Zinemaldiak eta IBAIA eta EPE/APV ekoizleen elkarteak bere ibilbidea euskal zinemagintzan ondu duen pertsona esanguratsu bati ematen diote ohorezko sari hau. Aurreko urteetan, 2009an hasi eta 2017ra bitarte, Imanol Uribe, Álex Angulo, Elías Querejeta, Michel Gaztambide, Juanba Berasategi, Pedro Olea, Karmele Soler, Ramon Barea eta Julia Juaniz izan dira saridunak. Ramon Agirrek (Donostia, 1954) Donostiako Antzerti arte dramatikoko eskolan egin zituen lehen urratsak. 1980ko hamarkadan zinemarako lehen lanak egin zituenetik –27 horas eta Ander eta Yu, besteak beste–ezin konta ahala pertsonaia gorpuztu ditu zineman, antzerkian zein telebistan. Horren adibide gisa, aurtengo Zinemaldian lau filmetan ikusi ahal izango da Agirreren lana: Oreina, Black is Beltza, Errementari eta Bajo la piel de lobo.
I.E.