"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Joseba Sarrionandiaren unibertsoa abiapuntu hartuta film kolektiboa osatu dute hamabi zuzendarik. Atzo aurkeztu zuten Zinemira sailaren baitan, leporaino betetako zinema-aretoan. Euskal Herriko zein atzerriko dozena bat sortzailek aurpegi anitzeko poliedro bat osatu dute beste hainbeste film laburren bitartez. Hamabi zuzendari unibertso bat irudikatuz, beraz.
Oskar Alegria, Özcan Alper, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Eugène Green, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz, Maider Oleaga, Carlos Machado eta Maialen Sarasua zuzendari eta gidoilariak hurbildu dira Sarrionandiaren literaturara, zinemaren begiradaren bitartez ekarpena egiteko asmoz.
Proiektua koordinatu duen Adabaki ekoiztetxeko kideetako batek, Lutxo Egiak, azaldu duenez, “aurrekontuz txikia da filma, baina gogoz handia”. Angel Azkarragak eman zion lehen bultzada egitasmoari (izenburua ere berak ekarri zuen), eta Josu Martinez ikerlari eta zinemagileak eta Elkarreko Anjel Valdesek ere bere biziko garrantzia izan dute prozesu osoan. Pelikula aurrera ateratzeko beharrezkoa izan den konpromisoa ere itzela izan dela aipatu du Egiak. Proiektua hasieratik babestu duten ekoiztetxe, argitaletxe, erakunde, banatzaile eta lantalde artistiko zein teknikoei esker ona agertu die Adabakiko kideen izenean.
“Josu Martinenezek ekarri zigun irudia”, azaldu du Lutxo Egiak aurkezpenean, “Joseba Sarrionandiaren aurpegia ez dela hamaika urtez izoztuta geratu zaigun eta behin eta berriz ikusi izan dugun hori, ezta orain bi urte ezagutu genuen erretratu hartakoa ere. Izatekotan, Josebaren bisaia bere literaturak, bere poemek eta bere ipuinek osatzen dute”. Honek guztiak osatzen duen aurpegi poliedrikoa dago pelikularen asmoan, hau da, Sarrionandiaren iruditeria osatzen duten hainbat osagai: itsasoa, haurtzaroa, trenak, deserrotzea, ihesa, erbestea, gerra, amodioa, mina, misterioa, tortura…
Sortzeko askatasuna
Fikziozko film kolektiboa egiteko askatasun osoa izan dute zinemagileek. Gaiak eta estetika anitzak izanik ere, Iurretako idazlearen literatura-adierazpideko molde guztiak ukitu dituzte hamabi ataletan. Idazlearen lanaren gainean euren begiradak pausatu eta beste lan bat sortzea zen helburua.
Proiektuaren bultzatzaileek ez zuten film zatitu bat egin nahi, koherentzia mantenduko zuen narrazio anitza baizik, eta horregatik, ikusleak ez du jakingo atal bakoitza zeinek egina den bukaera arte. Munduko hainbat tokitan filmatu dute Gure oroitzapenak filmeko materiala: Paris, Lisboa, Kurdistango Diyabakir, Habana… Koordinazioan egon da filmaren erronkarik handienetako bat, ekoizleen aburuz.
Filmak ez du nahi izan Sarrionandiari omenaldi bat, unibertso aberats hori pantailara eramateko saiakera baizik. Ezagutzen dutenentzat bere lanaren gaineko ikuspegi berri bat izateko parada izango da, eta ezagutzen ez dutenenentzat bere iruditeria aberatsean murgiltzeko aukera.
Gure oroitzapenak datorren urriaren 10ean estreinatuko da Ipar Euskal Herrian, eta hilaren 19an, berriz, hegoaldeko hiriburuetan.
Irene Elorza