Donostia Zinemaldiak WIP Europa sailean izena emateko epea ireki du gaur. Glocal in Progress programa berritua izango da eta Europako hiru film izan ordez, sei izango ditu. Izena emateko epea uztailaren 1ean amaituko da.
Hiru edizioren ostean, Glocal in Progress WIP Europa bilakatu da. Gainera, hizkuntza ez hegemonikoetan filmatzen diren lanak ez ezik, nagusiki Europan ekoitzitako filmak ere izango ditu. Dena den, erregelamenduaren arabera, kontuan hartuko da egilearen lehen edo bigarren lana izatea eta hizkuntza ez hegemonikoren batean filmatuta egotea.
Donostia Zinemaldiko Hautaketa Batzordeak Europako sei film aukeratuko ditu, gehienez ere, eta banatzaileei, salmenta-agenteei eta ekoizleei aurkeztuko zaizkie Zinemaldian bertan, nazioartean banatzen laguntze aldera. WIP Europa irailaren 21ean, 22an eta 23an izango da; WIP Latam eta IX. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa ere egun horietan egingo da.
WIP Europari norabide berria emanda, Donostia Zinemaldiak sormenaren eta industriaren aldeko apustua handitu du, eta WIP Latam ekimena eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa direla medio, bi zinemagintzen erreferentziako topagunea izango da.
WIP Europa Industria Saria Ad Hoc Studios, BTeam Pictures, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido enpresek ematen dute. Saria film baten postprodukzioan datza, barnean hartuta ingelesez eta gaztelaniaz azpititulatutako DCPa (Digital Cinema Package) sortzea eta Espainian banatzea.
WIP Europa Sariak 10.000 euro emango dizkio WIP Europa Industria Sariaren film irabazlearen ekoizle nagusiari.
Erregelamendua irakurtzeko eta film bat inskribatzeko, klikatu hemen.
HARREMANETARAKO:
Donostia Zinemaldia
Filmen Departamentua
Tel.: +34 943 481212
wips@sansebastianfestival.com
www.sansebastianfestival.com
WIP Europa egitasmoa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren eta Creative Europe MEDIAren laguntzari esker eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren eta Ad Hoc Studios, BTeam Pictures, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido enpresen lankidetzari esker egin ahal izan da.
Industria Saila ondorengoen babesarekin: