Guztira, 15 herrialdetako hamahiru ekoizpenek hartuko dute parte irailaren 17tik 25era 69. edizioa izango duen Donostia Zinemaldiko Kutxabank-New Directors sailean. Aukeratutako lan guztietatik, bederatzi opera prima daude, eta gainerakoak, berriz, egileen bigarren filmak dira, Donostia Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek eta Ainhoa Arruabarrena Kutxabankeko Gipuzkoa Sareko zuzendariak gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez.
Philippe Grégoire da beren lehen lana New Directors sailean estreinatuko duten zinemagileetako bat. Film laburrekin ehun jaialditan baino gehiagotan parte hartu ondoren, Le bruit des moteurs/The Noise of Engines lanarekin lehiatuko da kanadarra Donostia Zinemaldian. Autofikzioko lana da eta zinema-eskola ordaintzeko aduanako agente gisa izan zuen laneko esperientzian oinarrituta dago.
Berlinale Talent eta First Films First programetan parte hartu ondoren, Selman Nacar zuzendari turkiarrak iaz WIP Europa Industria saria eta Donostiako WIP Europa saria irabazi zituen proiektuarekin hartuko du parte New Directors sailean, kontzientzian, familian eta justizian zentratutako İki Şafak Arasında / Between Two Dawns lanarekin, hain zuzen.
WIP Europan Darko Sinko –dokumental eta film laburren zuzendari eta ekoizle esloveniarra– ere hautatu zuten. Sinkoren lehen fikzio luzean (Inventura / Inventory), gizon bat, gertaera tragiko baten ondoren, konturatuko da bere bizitza agian ilusio bat dela eta, beharbada, uste baino jende gehiagok gorroto diola.
Halaber, Hong Sung-eun korearrak lehen aldiz parte hartuko du New Directors sailean Hon-ja Sa-neun Sa-ram-deul / Aloners film luzearekin; film horretan, bizilaguna apartamentuan hilda aurkitzen duen emakume baten istorioa kontatzen digu, bizitza zenbateraino aldatuko zaion jazoera horren ondoren.
Mara Pescio argentinarrak bere debuta aurkeztuko digu zuzendari gisa; Ese fin de semana / That Weekend Donostia Zinemaldiko Koprodukzio Foroan hautatu zen 2017an. Filmaren protagonistak ama-alabak dira, aspalditik elkar ikusi gabe egon ondoren berriz elkartzen direnak.
Sundance zinema-jaialdian izan ostean, Fran Kranz aktore estatubatuarrak zuzendari gisa egin duen lehen lana erakutsiko du New Directorsen; Mass barkamenari eta erruari buruzko lana da, eta Reed Birney, Ann Dowd, Jason Isaacs eta Martha Plimpton antzezleak dira nabarmengarrienak.
Javier Marcok ere esperientzia luzea du film laburren esparruan –Goya Saria irabazi zuen A la cara lanarekin (2020)–, eta Berlinale Talents eta Reykjavik Talent Lab lehiaketetan hautatua izan zen; oraingoan, Josefina / Josephine-rekin parte hartuko du; Belén Sánchez-Arévalok idatzitako lana da eta Emma Suárez eta Roberto Álamo aktoreak dira protagonistak.
Bestalde, Agustín Banchero uruguaitarrak Las vacaciones de Hilda / Hilda 's Short Summer aurkeztuko digu, Zinema Eraikitzen 36 (egungo WIP Latam) lehiaketan hautatutako filma, iraganeko uda bat gogoratuko duen emakume bakartsu bati buruzkoa.
Lena Lanskih zuzendari errusiarrak idatzi eta zuzendutako film laburrak hainbat zinema-jaialditan erakutsi dira, eta Nich'ya / Unwanted bere lehen film luzearekin parte hartuko du oraingoan Zinemaldian; nahi ez zuen haur bat izan ondoren arazo ugariri aurre egin behar dien neska nerabe baten pasadizoa kontatzen digu film berriak.
New Directorsen bigarren film luzea aurkeztuko dutenen artean, Juan Sebastián Mesa kolonbiarra dugu. Bere debutarekin –Los nadie (2016)– Veneziako Kritikaren Nazioarteko Asteko ikus-entzuleen saria irabazi ondoren, La roya / The Rust filmarekin parte hartuko du aurtengo Zinemaldian. Landa-nortasunari buruzko istorio hau Cannesko zinema-jaialdiko Cinéfondation egonaldian garatu eta Donostiako WIP Latam (2020) eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan aurkeztu zen.
Emanuel Parvu errumaniarrak aktore gisa lan egin du Cristian Mungiu, Adrian Sitaru eta Constantin Popescu zuzendariekin, eta Sarajevoko zinema-jaialdian zuzendari eta aktore onenaren sariak irabazi zituen Meda or The Not So Bright Side of Things (2017) debutarekin; oraingoan, erabakiei, mesfidantzari eta errukiari buruzko Marocco / Mikado filmarekin lehiatuko da Donostian.
New Directorsen Tigre (2017) filmarekin parte hartu ostean, Silvina Schnicer argentinarrak eta Buenos Airesen bizi den Ulises Porra katalanak osatutako tandema Carajita filmarekin itzuliko da New Directors Sailera; neska gazte bat eta hazi zuen umezainaren arteko talka kontatuko digu filmak.
Sun Liang zinemagile txinatarra Shu Qi Shi Guang / Lost in Summer lanarekin lehiatuko da, bizi-nahasmenduari aurre egin behar dion mutil nerabe bati buruzko filmarekin, hain zuzen; zinemagilearen lehen lana, Kill the Shadow (2017), Montrealen, Shanghain eta beste hainbat zinema-jaialditan hautatu zuten.
Sail honetako film guztiak dira Kutxabank-New Directors saria irabazteko hautagai. 50.000 euroko saria da, erdibanatzeko zuzendariaren eta filmak Espainian duen banatzailearen artean. Kutxabank-New Directors saria Kutxabankek, Donostia Zinemaldiaren kolaboratzaile ofizialak, babesten du. Kutxabank-New Directors sariaren epaimahaiak baloratu eta saritzen ditu film hauek. New Directors saileko filmak Gazteriaren TCM saria lortzeko hautagai ere badira. Sari hori 18 eta 25 urte bitarteko ikaslek osatutako epaimahaiak erabakitzen du.
New Directors Donostia Zinemaldiak talentu berrien alde egindako apustuaren adibiderik argiena dugu, baina ez bakarra; izan ere, zinemagileen lehen eta bigarren lanak Zinemaldiko ia sail guztietan programatu ohi dira, eta Nesten –mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen film laburren lehiaketa gisako sailean– ere erakutsi ohi dira. Gainera, Tabakalerarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera, ikus-entzunezko proiektu berritzaileak babesten dituen eta arte-egonaldien plan bat barne hartzen duen Ikusmira Berriak programaren buru ere bada Zinemaldia.
|
Sarak eta haren haurtzain Yarisak harreman estu-estua dute, gizarte-maila alde batera utzita: ama-alaben antzekoak dira biak, baina, halako batean, istripu bat gertatu eta ezerk bereiziko ez zituelako lilurakeria xaloa arriskuan egongo da.
Julia bere jaioterriko auzora itzuliko da, iruzur bat era urte batzuk igaro ondoren. Alabari aitarekin bizitzera joaten uzteko baimen bat sinatzera itzuli da, baina, batez ere, han utzi zuen dirua berreskuratzera, arazo asko konpontzeko dirua behar baitu. Iraganera itzultze hori ez da espero zuen bezalakoa izango.
Jina da kreditu-txartelen enpresa bateko bezeroei arreta emateko zentroko langilerik onena. Harreman estuak saihestu nahian, bakarrik bizitzeko eta lan egiteko erabakia hartu du. Jina eroso sentitzen da bere bizimodu bakartian, baina egun batean, bizilagun gogaikarri bat hurbiltzen saiatuko zaio, eta hortik egun gutxi batzuetara hilda agertuko da bizilagun hori. Ordutik aurrera, bizitzatik aldendu zituen pertsona asko gogaitzen hasiko zaizkio: aita, amaren herentziagatik jazartzen ari zaiona; Sujin, lankide berri nekagarri baina atsegin bat; eta Seonghun arduragabea, bizilagun berria.
Langile batek zauri larriak eragiten dizkion istripu bat izan du Kadirren familia-negozioan, eta beraz, Kadirrek bere ametsetan, familian eta zauritutako langilearen emaztearen bizitzan eragina izango duen erabaki moral bat hartu beharko du.
Boris Robic gizon arrunta da. Gau batean, ordea, norbait Borisi tiro egiten saiatuko da. Ikerketetan ez da ezer susmagarririk aurkituko. Ez etsairik ez susmagarririk. Dirudienez, inork ez luke inolaz ere Boris hil nahiko. Poliziak ikerketa ixten duenean, bere kabuz ikertzen hasiko da Boris, eta susmagarriaren bila dagoela, ibilbide tragikomiko batean sartuko dela ikusiko dugu. Izan ere, konturatuko da uste baino askoz ere jende gehiagok gorroto diola, eta bere bizitzaz duen irudia ilusio bat besterik ez dela.
Juan espetxe-funtzionarioak igandero behatzen dio, isilik, Bertari; presoetako baten ama da Berta. Azkenik, Bertarekin hitz egitea lortuko du, baina, ia konturatu gabe, beste aita baten itxurak egiten hasiko da, eta kartzela barruan Josefina izeneko alaba bat duela asmatuko du. Juan eta Bertak duten hutsunea betetzeko premiak, inguruan duten errealitatetik haratago elkar topatzera eramango ditu.
Jorge nekazari gaztea mendi baten tontorrean bizi da. Bere belaunaldiko guztiek hirira emigratu dute, baina Jorge geratu egin da aitak oinordetzan utzi zion kafe-etxaldearen ardura hartu duelako, aitona zaintzeaz eta bere lehengusu Rosarekin maitasun-harreman bat izateaz gain. Herriko jaiak hurbiltzen ari dira, eta Jorge irrikaz dago bere neska-lagun ohi Andrearekin noiz topo egingo. Denbora eta distantzia gorabehera, ezin izan du Andrea ahaztu. Emakumea berriz ikusteko gogoa obsesio bihurtuko da, izurrite isil batek kafe-soroak inbaditzen dituen bitartean. Iristear dira jaiak, eta musika kirrinkariaren eta haluzinazioen artean Jorgek ulertuko du elkartzen zituen guztia desagertu egin dela eta bere lurraldean geratzea benetako maitasun- eta erresistentzia-ekintza dela.
Hilda Concepción herrian bizi den emakume bakartia da. Nahita, ingurune hurbileko pertsonekin harreman afektibo oro hautsi du. Bizitza eten egingo zaio abisatzen diotenean semea hainbat urteren ostean bisitan etorriko zaiola. Horrela, etxea eta azken urteotan gain behera erori zaion itxura pertsonala hobetzeko prestaketak egiten hasiko da. Baina, eguna iristear dagoela, semeak bisitaldia bertan behera utzi eta atzeratu egingo du, noiz arte zehaztu gabe. Orain, iraganean eman beharko du Hildak uda.
Poliziako ikertzaileak Alexandre Kanadako aduana-eskolako irakaslea behatzen hasi dira, sexu esplizituko marrazki batzuk direla-eta hiria kezkatuta baitago eta horien jatorria aurkitu nahi baitute.
Magda gazteak boluntario gisa egiten du lan ospitale batean, eta egun batean, bere lepoko garestia oparituko dio gaixo dagoen haur bati; aita ziur dago berriro gezurretan ari dela. Magdak errugabea dela frogatzen duenean, aita lotsatuta eta errudun sentituko da, baina ezingo du onartu oker zegoela. Aita-alaben arteko harremana hautsita dago, nahaspilatuta; iraganeko erabakiek, berriz, ondorio konponezinak izango dituzte.
Zorigaitz deskribaezin baten ondorioz bizitzak suntsituta geratu eta urte batzuetara, bi guraso-bikotek modu pribatuan hitz egitea adostuko dute, aurrera egiten saiatzeko.
Vikak 14 urte ditu eta Uraletako eskualde errusiarreko hiri txiki batean bizi da, hiriburutik kanpo. Basoan, hezeguneetan hazten diren fruituak bildu eta amari laguntzen dio kaleko merkatu batean fruitu horiek saltzen. Eskolako koreografia-eskolak gustatzen zaizkio. Eta haurtxo bat dauka, baina inork ez luke sekula horren berri izan beharko.
Uda iritsi eta institutua amaitu da; nerabe batek bere bizi-nahasmenduari aurre egin beharko dio, eta irtenbide bat aurkitzen saiatuko da edonola. Alabaina, porrot egingo du, eta hilketa bat ere jazoko da.