71SSIFF - 2023ko irailak 22/30
Hizkuntzak
Babesle
Ofizialak
Media
Partner
Filmak
Filmak
Juan Pablo González
Mexiko - Frantzia - AEB 
95 min.
María García Altos de Jalisco eskualdeko tekila-fabrika tradizional baten oinordekoa da, eta fabrika iraunarazten saiatzen ari da, merkatuan geroz eta nagusiagoak baitira atzerriko korporazioak. Maríak Rafaela kontratatuko du, eta dituen krisi anitzetatik bizirik irauteko itxaropenak berpiztuko dizkio administratzaile berriak enpresaburuari. Izurriteak eta uholde batek Maríaren agabe-plantazio txikia erremediorik gabe suntsitzen dutenean, Maríak negozioa −eta nortasunaren zati bat− itotzen saiatzen ari zaion atzerriko presioaren aurka erreakzionatu beharko du.
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa 2019
Laura Baumeister
Nikaragua - Mexiko - Herbehereak - Alemana - Frantzia - Norvegia 
87 min.
Nikaraguako hiriburuko zabortegi handi bat, beti lainoz betea, María irudimen handiko neskato bereziaren etxea da. Amarekin −Lilibeth− bizi da, eta txakur bat eta txakurkumeak dituzte, saltzear daudenak. Maríak nahi gabe pozoituko ditu txakurtxoak, eta Lilibethek alaba birziklatze-instalazio batean uztea erabakiko du, non beste haur batzuekin batera lan egitera behartzen duten María. Zigorraren ondoren, neskatoa bakardadean murgilduko da, eta bakardade hori laster sumin bihurtuko zaio. Oso jakinduria bereziko haur gaixo eta leial bat ezagutuko du, Tadeo, eta adiskide bihurtuko dira biak. Maríak ametsak baliatuko ditu pairatutako abandonuari aurre egin eta gertatutakoa ulertzen saiatzeko.
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa 2019
Ana Cristina Barragán
Ekuador - Grezia - Mexiko - Alemania 
95 min.
Iris eta Ariel 17 urteko neba-arreba bikiak dira eta amarekin eta Lía haurride nagusiarekin bizi dira molusku eta narrastiz betetako uharte harritsu batean. Nerabeak kontinentetik isolatuta hazi dira, intimitate komunaren mugak gainditzen dituen anaiarteko harreman batean, eta naturarekin duten harremana transzendentala da. Seme-alabekin maitasun-gorroto harremana izan ondoren, amak bere buruaz beste egingo du. Heriotza zakar horrek sakon astinduko ditu neba-arrebak, eta Iris, anaiarengandik banandu behar duela jakinda, lehenengoz hirira bakarrik joatea erabakiko du.
Manuel Abramovich
Argentina - Brasil - Frantzia - Mexiko 
81 min.
Lalo sex-influencerra da: biluzik argazkiak atera eta etxean bideo pornoak filmatu eta posteatu egiten ditu sare sozialetan dituen milaka jarraitzaileentzat. Lalo bere bizitzaren jabe da, baina intimitatean, pertsonaiatik kanpo, etengabeko malenkonian bizi da, agidanez. Zer gertatzen zaio desio propioari bizitza show sexual bihurtzen denean? Pornomelancolíak pornografia hartu eta hausnarketa pizten du sexualitatearen eta lanaren arteko loturari buruz, publikoa izatearen eta bakarrik sentitzeari buruz, eta gure burua munduan erakusteko (edo ezkutatzeko) geure buruaz eratzen ditugun pertsonaiei buruz.
Ikusmira Berriak 2018
Fabián Hernández
Kolonbia - Frantzia - Herbehereak - Alemania 
90 min.
Carlos barnetegi batean bizi da, Bogota hirigunean, eta Gabonak familiarekin igaro nahi ditu. Inguruabarrek matxo-estereotipoa onartzera behartzen dute, eta hori nabarmen kontraesankorra da bere izaerarekin. Bakarka, sentsibilitatea eta hauskortasuna ezagutu eta bestelako maskulinotasun batzuetara gerturatuko da. 16 urterekin, Carlosek bere sexu-nortasuna aztertu eta bere beldurrak, desioak eta benetako gizonek ezkutatzen duten guztia ikusiko du.
Carlos Lechuga
Kuba - Kolonbia - Norvegia - Frantzia 
75 min.
Koloniaren garaitik, Kubako egunkariek mespretxu handiz hitz egin diete uharteko santera deritzenei. Sorginak deitzen zieten eta ez zituzten inoiz haien izenak erabiltzen: Marta A. beltzarana edo Juana D. deitu ohi zitzaien. Vicenta B. Habanan bizi da gaur egun eta pertsonen etorkizuna ikusteko dohain berezia du. Egunero kubatar ugari hartzen ditu etxean, arazoak konponduko dizkietelako itxaropenez. Seme bakarrak Kubatik alde egitea erabakitzen duenean, Vicenta krisian sartuko da, eta horrek ez dio utziko bere bizitzarekin zer gertatzen ari den ikusten, eta ez du jakingo zergatik geratu den bakarrik agidanez fededunak galdu dituen herrialde batean.
Babesle Ofizialak:
Media Partner:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak: