Fotogramas aldizkariak Urteurreneko Zilarrezko Fotogramas Sari Berezia eman zion bart Donostia Zinemaldiari, eta, Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek gogoratu zuenez: «Zinema-jaialdi guztiek, guzti-guztiek, behar dute industriaren eta hedabideen babesa, bestela ez lirateke existituko».
Madrilgo Eslava antzokian egin zen Zilarrezko Fotogramas sariak emateko gala atzo. Zinemari buruzko aldizkariak, sari berri batekin, Donostia Zinemaldiaren ibilbidea aintzatetsi nahi izan zuen 70. edizioa egingo duen urtean –irailaren 16tik 24ra izango da–. «Fotogramasek ere Espainian eta Espainiatik kanpo ikonikoa den zinema-jaialdi honen urtebetetzea ospatu nahi izan du», argitalpenak adierazi zuenez. Gainera, Zinemaldian aldatzen ez diren alderdiak nabarmendu zituen: «Irekitasunaren aldekoa izatea eta une bakoitzeko zinema jakin-nahienari eta berritzaileenari irekita egotea».
Saria eskertzeko unean, Rebordinosek esan zuen “hilero-hilero Fotogramas irekitzen eta munduko beste toki batzuetatik zetozen filmen eta estreinaldien albisteak ilusio handiz irakurtzen bizitza eman duen belaunaldi horretakoa” dela. “Sari hau 70 urtez, lanaren lanaz, Zinemaldia posible egin duten pertsona horiena guztiena da, baina baita gaur hemen zaudeten guztiena ere. Izan ere, Zinemaldiarentzat ezinbestekoak dira Espainiako zinema-industria eta hedabideak. Zinema-jaialdi guztiek, guzti-guztiek, behar dute industriaren eta hedabideen babesa, bestela ez lirateke existituko eta ez lukete zentzurik izango”, gogoratu zuen. Párrafo bloqueado por Juan Gonzalez Andrés - Festival de San Sebastián
Argazkiak: Ana Ruiz / Fotogramas / Hearst Studio