"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Irailaren 20tik 28ra bitartean, Donostia Zinemaldiaren 72. edizioaren barruan, Istituto Italiano di Culturarekin lankidetzan, Italia biolentoa. Italiako polizia-zinema zikloa ikusi ahal izango da. 20-25 polizia-film inguruko hautaketa horrekin, herrialdearen erretratu egokia egiten asmatu zuen generoa aurkeztuko da, zeina oraindik ere berrikusteke baitago ikuspegi garaikide batetik erreparaturik. Faxismoaren eta gerraostearen urteetatik bizirik atera ondoren, Pietro Germiren Un maledetto imbroglio / The Facts of Murder (1959) filmarekin aurkitu zuen ziurrenik polizia-genero italiarrak bere materializazio kanonikoa. Film huraxe izan zen lehenbizikoa noir frantsesaren imitaziotik aldentzen, eta eredu propio bat finkatu zuen generoaren benetako urrezko aroa ekarri zuena. Handik aurrera, herrialdeko politikaren eta gizartearen bilakaera bera izango du: boom ekonomikoa bizi duen Italiak hiri-espazioetara eramango du, eta delinkuentzia eta krimen antolatuaren hastapenak islatuko ditu; aldiz, 68ko maiatza lehertzean —bereziki sutsua izan zen Italia aldean—, deriba politikorantz joko du, Francesco Rosi, Damiano Damiani eta beste zenbait errealizadoreri esker.
Indagine su un cittadino al di sopra di ogni sospetto / Investigation of a Citizen Above Suspicion (Elio Petri, 1970) filmak eskuraturiko Urrezko Palmorriak eta atzerriko film onenaren Oscar sariak, itxura guztien arabera, generoaren amaiera ekarri zuten. Alabaina, zaharkituta geratu beharrean, mutazio berriak sortu ziren: polizia-genero ortodoxoak Fernando Di Leo eta beste zenbait errealizadorerekin jarraitu zuen, eta, bestalde, mafia movies filmek ordura arte ezezagunak ziren bideak zabaldu zituzten. Donostia Zinemaldian Zilarrezko Maskorra eskuratu ondoren, La polizia ringrazia / Execution Squad (Steno, 1972) filmak poliziottesco generoaren pagotxa zabalduko du, terrorismoaren agerpenak eragindako nahasmenaren ispilu, AEBko indarkeriaren sorrerak ezarritako parametroen arabera islatuta.
Atzera begirakoak Donostia Zinemaldiaren nortasunaren parte izan dira ia hasieratik, orduan, 1959an, René Clair-i eskaini baitzitzaion lehena. Historian zehar, Zinemaldiak zinegile klasiko edo garaikide baten inguruko zikloak programatu ditu, baina hainbat zuzendari ere bildu izan ditu zine gai, garai edo hizkuntza zinematografikoen inguruko atzerabegirakoak programatzeko.
OSATU ZURE LIBURUTEGIA
Gogoratu, Zinemaldiko aurreko edizioetako zikloei eskainitako
liburuak Zinemaldiko Argitalpenen Dendan lor ditzakezula