Lillian Hellman gidoigilea, Hollywood klasikoko izen handietako bat, William Wyler, Arthur Penn, William Dieterle, George Roy Hill eta enparauekin lan egindakoa bera, Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko atzerabegirakoaren protagonista izango da. Donostia Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute zikloa, Espainiako Filmotekarekin elkarlanean, eta liburu bat argitaratuko dute Hellmani buruz, hiru emakumezko idazlek ondua, haren ibilbidearen alderdi guztiak aintzat hartuta.
Lillian Hellman (1905-1984) urte luzez izan da enigma erabatekoa. Garai gatazkatsuak bizi izan zituen estatubatuar antzerkigile, eleberrigile eta gidoigileak, hasi Depresio Handitik eta macarthismoaren sorgin-ehizara arte, eta horien islak ageri dira bere obran, misteriotsua izanagatik, askok aldarrikatu dutena, batik bat alderdi zinematografikoa. Donostia Zinemaldiak bere lana gogoratu nahi du atzerabegirako honen bidez, eta Hellmanen obra zinematografiko guztia eskaini, funtsezkoa baita Hollywoodek joan den mendeko 30eko hamarkadatik 60kora izandako bilakaera estilistiko, tematiko eta ideologikoak ulertzeko.
Hellmanek, besteren testuekin gidoia eginez edo bere antzezlanen egokitzapena eginez, esku hartu zuen filmetatik hiru hauek aipatuta, esanda dago esan beharrekoa: The Little Foxes (1941), William Wylerren filma, Hellmanek bere antzezlanean oinarrituta egindako gidoiarekin, eta Bette Davis protagonista dena; The Children’s Hour (1961), Wylerren beste lan bat, Hellmanen lan konplexu bat duena oinarri —eskola bateko bi irakasleren (Audrey Hepburn eta Shirley MacLaine) gaineko zurrumurru faltsuak jorratzen ditu—, eta Hellmanek berak gidoian parte hartu zuena; eta The Chase (1966), Arthur Pennena, Estatu Batuetako hegoaldeko gizartean hedatutako indarkeriaren eta arrazismoaren erradiografia azpimarragarria, Hellmanek Horton Footeren eleberrian oinarrituta idatzi zuena, Marlon Brando, Jane Fonda eta Robert Redford izanik protagonistak.
William Wylerrekin harreman oparoa izan zuen, aipatu bi film horiez gain, Wylerrek These Three (1936) ere zuzendu baitzuen, hots, The Children’s Hour antzezlanaren lehen bertsioa. Hain zuzen ere, zuzendariak eta idazleak berriz heldu zioten istorio horri The Children’s Hour filma ontzeko: ezustean, pertsonaia-azterketa modernoa da oso; izan ere, neskato batek bi irakasle maitaleak direla haizatu ondoren, gezurrak haien aurka egingo du gogor. The Little Foxes, The Chase bezala, AEBko hegoalde despotan dago girotuta, eta pertsonaia goranahien erretratu bikaina da. Hellman eta Wyler elkarrekin aritu ziren, halaber, drama soziala eta zinema beltza uztartzen dituen Dead End (1937) filmean.
Hellman estreinakoz aritu zen gidoigile-lanetan 1935eko The Dark Angel (Sidney Franklin) melodrama erromantikoan, gerraosteko ondorio emozionalak langai hartuta. Zineman bezala antzerkian ere bide egin zuen, baita idazketan ere, fikzioa eta errealitatea batzen zituen memoria-liburuen bitartez. Zenbait eztabaidaren erdian izan zen, Estatu Batuetako antzerkigintzan berriak ziren kontzeptuak asmatu zituen, etsaitasun aski sonatua izan zuen Mary McCarthy eleberrigilearekin eta beti izan zuen jarrera ezkertiarra.
Ideologiari gagozkiola, berebiziko garrantzia izan zuen Dashiel Hammettekiko harrremanak. Genero beltzeko mugarri diren Uzta gorria edo Maltako belatza eleberrien egilea, ezkerrarekin eta AEBko Alderdi Komunistarekin konprometitua bera, oso presente dago Hellmanen Pentimento memoria-liburuan. Fred Zinnemannek Julia (1977) filma ondu zuen horretan oinarrituta, eta Jane Fondak gorpuztu zuen Hellman, Jason Robardsek jokatu zuen Hammetten pertsonaia eta Vanessa Redgrave izan zen Julia, idazlearen haurtzaroko laguna, nazismoaren goraldi betean Vienan topatuko duena. Hellmanen hirugarren liburu autobiografikoa, Scoundrel Time (1976), sorgin-ehizaren eta jokabide antiamerikarren batzordearen garaian ardazten da. Kathy Bates aktoreak Dash and Lilly telefilma zuzendu zuen 1999. urtean, Hammetten eta Hellmanen arteko harremana oinarri hartuta.
Gidoia egokitu zuelako edo bere testuren baten egokitzapena egin zutelako, besteak beste, Lewis Milestone —The North Star (1943)—, William Dieterle —The Searching Wind (1946)—, Michael Gordon —Another Part of the Forest (1948)— eta George Roy Hill — Toys in the Attic (1963)— zuzendarien filmetan parte hartu zuen. Orobat, kredituetan ageri ez bada ere, ezkerreko zinemagintzaren film garrantzitsuenetako batean esku hartu zuen: The Spanish Earth (1937) dokumentala, Espainiako Gerra Zibilari buruzkoa. Joris Ivensek zuzendu zuen, eta idazketan, gainera, Ernest Hemingway eta John Dos Passos idazleek parte hartu zuten.
2024az geroztik, Donostia Zinemaldiaren atzerabegirakoa Klasikoak programaren baitan kokatuta dago. Programa hori Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak bultzatzen dute, nola denboran hala espazioan luzatutako zinema klasikoaren jaialdi gisa. Horiek horrela, Klasikoak programak hiru ziklo biltzen ditu zigilu beraren barruan: atzerabegirakoaren filmak, irailean Zinemaldian proiektatzen diren Klasikoak sailaren lanak eta Filmategiak urteko azken hiruhilekoan programatzen duen zikloaren tituluak (Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hainbat kultura-erakundetan ematen dituen zaharberritutako dozena bat film).
Klasikoak programak Donostia Zinemaldiaren tradizio historikoari jarraitzen dio, beti berreskuratu nahi izan baititu hasiera-hasieratik indartu dituen zinemagileak, garaiak, gaiak edo hizkuntza zinematografikoak. Hain zuzen ere, 1959an hasi zen eginahal hori, René Clair zinemagileari eskainitako atzerabegirakoarekin. Ildo horretan bertan, Euskadiko Filmategiak ere apustu irmoa egiten du filmak zaharberritzeko eta zabaltzeko.