Donostia Zinemaldiak eta Loterías y Apuestas del Estado (SELAE) erakundeak gizarte-gaiei buruzko film laburren lehiaketaren bigarren deialdia ireki dute. Lan irabazleak 10.000 euroko sari bat jasoko du, eta bigarren sailkatuak, berriz, 5.000 euroko sari bat. Loterías sarirako izena emateko epea ekainaren 17an amaituko da.
Iazko edizioaren ostean finkatu den lehiaketaren helburua da ikus-entzunezko bitartekoak erabiltzea mezu positibo eta itxaropentsuak zabaltzeko; aberastasuna birbanatzea, desparekotasunak ezabatzea eta gizarte-justizia sustatuko dituzte mezuok.
Deialdiaren oinarrien arabera, film laburren gaiak hauekin lotuta egongo dira: adinekoen ongizatea, horien bakardadearen aurkako borroka eta horien bizi-kalitatea hobetzea; genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzea; kalteberatasun-egoeran dauden pertsonei laguntzea, edo minbizidun pazienteei laguntzea.
Film laburrak online inskriba daitezke Donostia Zinemaldiaren web-orrian. Horien produkzioaren gutxienez % 51 espainiarra izango da, eta gehienez 10 minutuko iraupena izango dute. Lanak aurkezteko euskarria bat etorriko da Donostia Zinemaldiaren eskakizun teknikoekin –lehiaketaren oinarrietan daude zehaztuta–.
Gizarte-gaiei buruzko film laburren Loterías sariak erabakiko dituen epaimahaia Donostia Zinemaldiaren Zuzendaritzak eta Loterías erakundeak aukeratuko dute, eta ikus-entzunezkoen arloko eta gizarte-arloko hiru ordezkarik osatuko dute. Bi lan irabazleak Donostia Zinemaldiaren 73. edizioan proiektatuko dira –2025eko irailaren 19tik 27ra egingo da–.
Iaz, Emma Suarez aktorea buru zuen epaimahai batek Mikel González Beorleguik zuzendutako Antón film laburrari eman zion lehen Loterías saria; bigarrena, berriz, Carlos Fernández de Vigo eta Lorena Aresen Cafunè lanari eman zion, gerora animazioko film labur onenaren Goya saria irabazi zuena.
Arautegia irakurtzeko eta proiektu bat inskribatzeko, klikatu hemen.
IZENA EMATEKO EPEMUGA: EKAINAK 17
Loterías y Apuestas del Estado erakundeak, kulturarekin duen konpromisoarekin bat, Donostia Zinemaldiarekin batera lan egin du azken urteetan. Lehiaketaren barruan emanaldi bereziak eskaintzeaz gain, «Zinemaldia 70. Historia posible guztiak» Donostia Zinemaldiaren artxibo historikoaren proiektuaren babeslea izan zen 2019 eta 2022 urteen artean. Bere laguntzari esker, Donostia Zinemaldiak herritarren eskura jarri ahal izan ditu 4.000 dokumentu digital baino gehiago (argazkiak, kartelak, egunkariak…). Gainera, 27.000 deskripzio-fitxa baino gehiago dituen katalogo bat dago, espezialistek kontsultatzeko. Iaz, bi erakundeek euren aliantza sendotu zuten, gai sozialak jorratzen dituzten film laburren Loterías Saria sortzeko, partekatzen dituzten balioetan oinarrituta. Loterías erakundeak lotura historikoa izan du kulturarekin eta kulturaren elementuak sustatzen eta zabaltzen ditu, gizarte moduan aurrera egiteko; bada, gure arteko lankidetza testuinguru horretan kokatzen da.