Guztira, 1935etik 1999ra bitartean estreinatutako 16 film luzek osatuko dute Lillian Hellman gidoilari estatubatuarrari eskainitako Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko atzerabegirakoa. Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute zikloa Filmoteca Españolarekin elkarlanean, eta Lillian Hellman. Ficción, memoria y compromiso liburu monografikoa argitaratuko dute. Egileak Maria Adell, Hannah McGill eta Nuria Vidal dira eta editore lanak Quim Casas kritikari eta Zinemaldiko Hautespen Batzordeko kideak egin ditu.
Liburua gaztelaniaz eta ingelesez argitaratuko da, eta Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak sustatutako bildumaren laugarrena da, Claude Sautet, Hiroshi Teshigahara eta Italiako polizia-zinemari eskainitakoen ondoren. Beste hainbeste egilek idatzitako hiru kapitulu autonomotan banatuta dago lana eta Hellmanen zinema-jarduera nabarmenean jartzen du arreta. Halere, honako gaiak ere jorratzen ditu: bere antzezlanaren analisia, bere memoria-liburu polemikoak, errealitatearen irudikapena, bere obra gehienaren substratu politikoa eta McCarthyren sorgin-ehizaren garaian egileak izan zuen posizionamendua.
Lillian Hellman (1905-1984) urte luzez izan da enigma erabatekoa. Bere obra misteriotsua izanagatik, askok aldarrikatu dute, batik bat alderdi zinematografikoa. Donostia Zinemaldiak bere lana gogoratu nahi du atzerabegirako honen bidez, eta Hellmanen obra zinematografiko guztia eskaini, funtsezkoa baita Hollywoodek joan den mendeko 30eko hamarkadatik 60kora izandako bilakaera estilistiko, tematiko eta ideologikoak ulertzeko.
Hellmanek, besteren testuekin gidoia eginez edo bere antzezlanen egokitzapena eginez, esku hartu zuen filmetatik hiru hauek aipatuta, esanda dago esan beharrekoa: The Little Foxes (1941), William Wylerren filma, Hellmanek bere antzezlanean oinarrituta egindako gidoiarekin, eta Bette Davis protagonista dena; The Children’s Hour (1961), Wylerren beste lan bat, Hellmanen lan konplexu bat duena oinarri —eskola bateko bi irakasleren (Audrey Hepburn eta Shirley MacLaine) gaineko zurrumurru faltsuak jorratzen ditu—, eta Hellmanek berak gidoian parte hartu zuena; eta The Chase (1966), Arthur Pennena, Estatu Batuetako hegoaldeko gizartean hedatutako indarkeriaren eta arrazismoaren erradiografia azpimarragarria, Hellmanek Horton Footeren eleberrian oinarrituta idatzi zuena, Marlon Brando, Jane Fonda eta Robert Redford izanik protagonistak.
William Wylerrekin harreman oparoa izan zuen, aipatu bi film horiez gain, Wylerrek These Three (1936) ere zuzendu baitzuen, hots, The Children’s Hour antzezlanaren lehen bertsioa. Hain zuzen ere, zuzendariak eta idazleak berriz heldu zioten istorio horri The Children’s Hour filma ontzeko: ezustean, pertsonaia-azterketa modernoa da oso; izan ere, neskato batek bi irakasle maitaleak direla haizatu ondoren, gezurrak haien aurka egingo du gogor. Hellman eta Wyler elkarrekin aritu ziren, halaber, drama soziala eta zinema beltza uztartzen dituen Dead End (1937) filmean, eta The Westerner (1940) lanean —akreditatu gabe lan egin zuen Hellmanek western honetan—.
Hellman estreinakoz aritu zen gidoigile-lanetan 1935eko The Dark Angel (Sidney Franklin) melodrama erromantikoan, gerraosteko ondorio emozionalak langai hartuta. Zineman bezala antzerkian ere bide egin zuen, baita idazketan ere, fikzioa eta errealitatea batzen zituen memoria-liburuen bitartez. Zenbait eztabaidaren erdian izan zen, Estatu Batuetako antzerkigintzan berriak ziren kontzeptuak asmatu zituen, etsaitasun aski sonatua izan zuen Mary McCarthy eleberrigilearekin eta beti izan zuen jarrera ezkertiarra.
Ideologiari gagozkiola, berebiziko garrantzia izan zuen Dashiel Hammettekiko harrremanak. Berarekin landu zuen Watch on the Rhine (Herman Shumlin, 1943) dramaren gidoia. Genero beltzeko mugarri diren Uzta gorria edo Maltako belatza eleberrien egilea, ezkerrarekin eta AEBko Alderdi Komunistarekin konprometitua bera, oso presente dago Hellmanen Pentimento memoria-liburuan. Fred Zinnemannek Julia (1977) filma ondu zuen horretan oinarrituta, eta Jane Fondak gorpuztu zuen Hellman, Jason Robardsek jokatu zuen Hammetten pertsonaia eta Vanessa Redgrave izan zen Julia, idazlearen haurtzaroko laguna, nazismoaren goraldi betean Vienan topatuko duena. Hellmanen hirugarren liburu autobiografikoa, Scoundrel Time (1976), sorgin-ehizaren eta jokabide antiamerikarren batzordearen garaian ardazten da. Kathy Bates aktoreak Dash and Lilly telefilma zuzendu zuen 1999. urtean, Hammetten eta Hellmanen arteko harremana oinarri hartuta.
Gidoia egokitu zuelako edo bere testuren baten egokitzapena egin zutelako, besteak beste, Lewis Milestone —The North Star (1943)—, William Dieterle —The Searching Wind (1946)—, Michael Gordon —Another Part of the Forest (1948)— eta George Roy Hill —Toys in the Attic (1963)— zuzendarien filmetan parte hartu zuen. Orobat, kredituetan ageri ez bada ere, The Cowboy and the Lady (H.C. Potter, 1938) lanean eta ezkerreko zinemagintzaren film garrantzitsuenetako batean esku hartu zuen: The Spanish Earth (1937) dokumentala, Espainiako Gerra Zibilari buruzkoa. Joris Ivensek zuzendu zuen, eta idazketan, gainera, Ernest Hemingway eta John Dos Passos idazleek ere parte hartu zuten.
2024az geroztik, Donostia Zinemaldiaren atzerabegirakoa Klasikoak programaren baitan kokatuta dago. Programa hori Zinemaldiak eta Euskadiko Filmategiak bultzatzen dute, nola denboran hala espazioan luzatutako zinema klasikoaren jaialdi gisa. Horiek horrela, Klasikoak programak hiru ziklo biltzen ditu zigilu beraren barruan: atzerabegirakoaren filmak, irailean Zinemaldian proiektatzen diren Klasikoak sailaren lanak eta Filmategiak urteko azken hiruhilekoan programatzen duen zikloaren tituluak (Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko hainbat kultura-erakundetan ematen dituen zaharberritutako dozena bat film).
Klasikoak programak Donostia Zinemaldiaren tradizio historikoari jarraitzen dio, beti berreskuratu nahi izan baititu hasiera-hasieratik indartu dituen zinemagileak, garaiak, gaiak edo hizkuntza zinematografikoak. Hain zuzen ere, 1959an hasi zen eginahal hori, René Clair zinemagileari eskainitako atzerabegirakoarekin. Ildo horretan bertan, Euskadiko Filmategiak ere apustu irmoa egiten du filmak zaharberritzeko eta zabaltzeko.
Kittyk (Merle Oberon) eta Alanek (Fredric March) haurtzarotik ezagutzen dute elkar. Heldu direla, maiteminduta jarraitzen dute elkarrekin. Alani armadara deitu diote, eta gizona joan aurretik ezkontzea erabakiko dute. Apaizik aurkitzen ez dutenez, aliantza euren modura ezarriko dute. Haatik, Alan gerratik itzultzean, harremana ez da lehen bezalakoa izango.
Karen eta Marta unibertsitateko ikaskideak dira, jada graduatuak, eta Karenek amonak oinordetzan utzi zion etxaldea neskentzako eskola bihurtuko dute. Alabaina, egun batean, bi irakasleak eta Joe Cardin doktorea –eskola eraikitzera bultzatu zituen medikua– eskandalu batean nahasiko dira, ikasle gaizto batek difamatzen dituenean.
Ekintza East Siden gertatzen da, New Yorkeko klase apaleko auzo batean. Goi-klaseko jendea joan da bizitzera auzora, zonaldeak hartu duen pintoresko-famak erakarrita. Baby Face Martin (Humphrey Bogart) gangsterra ere hara itzuliko da, eta amarekin eta aspaldiko neskalagunarekin topo egingo du.
2.000 dolarrekin finantzatua eta Joris Ivensek zuzendua, dokumentalak Espainiako Gerra Zibilaren gatazka erakusten du, milizianoen eta nekazarien mugimenduaren ikuspuntutik. Lillian Hellman (akreditatu gabea), Ernest Hemingway, John Dos Passos, Orson Welles eta Jean Renoirren partaidetza izan zuen filmak.
Stretch Willoughby (Gary Cooper) cowboy zakarra da, baina bihotz onekoa. Bere izaerarekin zerikusirik ez duen arren, azkenean Mary Smith (Merle Oberon) dirudunaz maiteminduko da. Maryk ezin du jasan inork esatea zer egin behar duen. Hellmanen akreditatu gabeko parte-hartzea.
Cole Harden (Gary Cooper) cowboy zintzoaren eta Roy Beanen (Walter Brennan, lan honengatik aktore sekundario onenaren Oscar sariarekin saritua) artean sorturiko harremanei buruzko westerna; historikoki urkamendiko epaile gisa ezaguna den pertsonaia apetatsu eta moral berezikoa da Bean. Hellmanek gidoian parte hartu zuen, kredituetan ageri ez bada ere.
XIX. mendearen amaieran, hegoaldeko herri batean, Regina Giddens (Bette Davis) kalkulatzaile eta gupidagabeak borroka krudel bat hasiko du bere haurrideen aurka, familiaren herentzia osorik beretzeko. Emakumearen asmoetan ez dago lekurik sentimenduetarako, ezta bere senar zintzoari dagokionez ere (Herbert Marshall); gaixotasun larri bat izan ondoren, etxera itzuli da gizona, eta emaztearen neurrigabeko handinahiak sortutako giro itogarrian, alabaren maitasunean baino ez du aurkituko giza berotasuna.
Bigarren Mundu Gerra. 1941eko udan, alemanek Errusia komunistarekin mugakide diren herriak inbaditu dituzte. Gazte talde batek herri horietako bat –Ipar Izarra izenekoa– utzi eta oztopoz betetako bidaia bati ekingo diote.
Nazien aurkako kausarekin konprometitutako ingeniari alemaniar bat (Paul Lukas) eta haren emazte estatubatuarra (Bette Davis) hiru seme-alabekin joango dira bizitzera emakumearen familia-etxera, eta nazien aldeko aristokrata errumaniar bat topatuko dute hor.
Europa, 1920ko hamarkada. Alex Hazen (Robert Young) enbaxadoreari ez zaio erraza egiten inoren alde agertzea. Mussolinik boterea hartu aurretik, Cassie Bowmanek (Sylvia Sidney) Erroman utziko du gizona, haserre baitago harekin. II. Mundu Gerra amaituta, Emilyk (Ann Richards) –Hazenen emazteak– afaltzera gonbidatuko du kazetari ospetsu bihurtu den Cassie.
The Little Foxes filmaren prekuela. Istorioa film hartan kontatutako jazoerak baino bi hamarkada lehenago girotuta dago, eta Hubbard familiako kideen harreman konplexu eta gatazkatsuak erakusten ditu. The Little Foxesen pertsonaia nagusia Ann Blythek antzezten du hemen, eta gurasoekin gatazkak ditu, konfederazioko kide batekin ezkondu nahi duelako.
Karen (Audrey Hepburn) eta Martha (Shirley MacLaine) neskentzako eskola bateko irakasleak dira. Ikasle maltzur eta mendekuzale bat, jaso duen zigor batengatik haserre, kasualitatez iruzkin bat entzungo, desitxuratuko eta irakasleei jokabide gaitzesgarri bat leporatzeko erabiliko du. Bi irakasleen harreman sentimentalari buruzko zurrumurru eskandalagarriak azkar zabalduko dira eskola-komunitatean, eta berehalako ondorio suntsitzaileak izango ditu horrek.
Julian Berniersek (Dean Martin) bere emazte Lily (Yvette Mimieux) New Orleansera eraman du, han bere familia ezagut dezan. Opari ederrak daramatzate Carrie (Geraldine Page) eta Anne (Wendy Hiller) Julianen ahizpentzat, eta anaiak ekonomikoki lagunduko dielako itxaropena due bi emakumeek; ez dakite, alabaina, Julianek bere fabrika itxi behar izan duela eta arazo ekonomikoak ere badituela.
Kartzelatik ihes egin duen preso bat (Robert Redford) bere herrira itzuli da, baina auzokoak erabat degradatutako pertsonak, benetako ehizaldiari ekingo diote haren aurka, dibertimendu hutsa izango balitz bezala. Sheriffa (Marlon Brando), gizon zintzo eta zentzuduna izanik, bakarrik saiatuko da gizonaren lintxamendua saihesten.
20ko hamarkadan, Lillian Hellman (Jane Fonda) idazle estatubatuarrak Julia (Vanessa Redgrave) ezagutuko du, familia eskoziar aberats bateko alaba. Adiskidetasun sakona sortuko da bien artean, baina banandu egin beharko dute. Julia Oxfordera joango da ikastera, eta geroago, Vienara, non Freuden ikasle bihurtuko baita, eta Lillian antzerkigile ospetsu bihurtuko da, baina Juliaren adiskidetasunaren falta sumatzen du; beraz, Vienara joatea erabakiko du, baina nazismoa puri-purian dago Europan.
Dashiell Hammett (Sam Shepard) eta Lillian Hellman (Judy Davis) idazleen maitasun- eta arte-harremanen birsorkuntza. Bien historia iskanbilatsua gertaera historikoen esparruan kokatzen da, hala nola bi mundu-gerretan eta Joseph McCarthy senatariaren sorgin-ehizan.