Donostia Zinemaldiak Jennifer Lawrenceren –gure garaiko aktore garrantzitsuenetako baten– talentua aintzatetsiko du 73. edizioko Donostia Sarietako baten medioz. Oscar sari bat irabazi duen antzezleak irailaren 26an (ostirala) Kursaal Auditoriumean egingo den gala batean jasoko du ohorezko saria. Horren ondoren, Die My Love bere azken filmaren emanaldia egingo da. Izan ere, lan berri hori inflexio-puntua da Lawrenceren ibilbidean, ekoizle gisa ere parte hartzen baitu bertan. Filmak –Lynne Ramsayk zuzendutakoak– Cannesko zinema-jaialdian izan zuen mundu-estreinaldia.
Jennifer Lawrence Oscar sari bat irabazi duen aktore, ekoizle eta aktibista da. Besteak beste, Silver Linings Playbook (2012an emakumezko aktore onenaren Oscar saria eman ziona), American Hustle, Don't Look Up eta Joy film txalotuetako protagonista izan da, The Hunger Games trilogiaz gainera. 2018an, Lawrencek kameraren atzeko eragina zabaldu zuen Excellent Cadaver fundatu baitzuen (fundatzaileetako bat izan zen), istorio ausartak kontatzeko eta hausnartzera bultzatzeko xedea duen ekoiztetxea. Justine Ciarrocchirekin batera (Lawrenceren bazkidea ekoiztetxean), Lawrencek kritikaren harrera oso ona izan duten proiektuz osatutako zerrenda dinamiko bat garatu du, Causeway, No Hard Feelings eta Zurawski v. Texas eta Bread & Roses dokumental txalotuak barne hartuta, azken hori Peabody sari ospetsuarekin aintzatetsia. Excellent Cadaverren azken proiektua –Lawrence protagonista eta ekoizle eta Lynne Ramsay zuzendari dituena–, Die My Love eleberriaren egokitzapen zirraragarria da, Cannesko jaialdiaren 2025eko edizioan emana lehendabizikoz eta azaroaren 7an estreinatuko dena zinema-aretoetan.
Die My Love filmak –Donostia Sariaren Emanaldi gisa programatuta dagoenak– Robert Pattinson, LaKeith Stanfield, Nick Nolte eta Sissy Spacek ditu protagonista.
Lynne Ramsayren (Glasgow, 1969) lehen lan Ratcatcher (1999) Cannesko Un Certain Regarden estreinatu eta Perlak sailean programatu zen geroago. Quinzaine des Cinéastes ataletik igaro ondoren, Morvern Callar (2002) obrak FIPRESCI saria beretu zuen Donostian. Cannesera itzuli zen We Need to Talk About Kevin (2011) eta You Were Never Really Here (2017) pelikulekin, Gidoi Onenaren Saria eskuratu zuen horri esker, eta Gizonezko Aktore Onenaren Saria Joaquin Phoenixentzat izan zen.
AEBko landa-eremuan girotua, Die My Love maitasunean eta eromenean harrapatutako emakume baten erretratua da. Grace, idazle eta ama gaztea, eromenean murgilduko da apurka-apurka. Montanako etxe zahar batean eta ingurunean giltzapetuta, gero eta portaera asaldatu eta aldrebesagoa izango du, eta Jacksonen –bere lagunaren– kezka eta ezintasuna hazi egingo dira.