Euskadiko Orkestrak, SGAE Fundazioak eta Donostiako Zinemaldiak Euskadiko Orkestrak Zinemaldiaren baitan eskainiko duen zinemako musikaren kontzertua aurkeztu dute. Belodromoa Zinemaldiaren lehen larunbatean irekiko da musikazale, zinemazale, eta, oro har, ikusleentzat, soinu-banden interpretazio sinfonikoa eta film horien eszenen muntaketa elkartzen dituen ikuskizuna eskaintzeko. Ikus-entzunezko plazerez betetako ordu eta laurdeneko tartea izango da, irailaren 20ean (larunbata), arratsaldeko 18:00etan. Sarrera doakoa da.
Zinemako musikaren kontzertua jada klasiko bihurtu da Donostia Zinemaldian; finkaturik dago Belodromoko proposamenen artean (zalantzarik gabe, gainera, Zinemaldiko eszenatokirik ezagunena da, 3.000 eserlekuko edukierarekin). Juan José Ocón zuzendari donostiarra arduratuko da zinemaren eta soinu-banden arteko topaketa jendetsu honetan Orkestra zuzentzeaz beste behin. Kontzertu berri honetarako, Euskadiko Orkestrak Easo Abesbatza gonbidatu du, eta soinu-banda hauetan hartuko du parte: DragonKeeper, La casa de papel, Parecido a un asesinato eta El capitán Trueno y el Santo Grial.
Aurtengo Kontzertua & Proiekzioa kontzertuak hainbat motatako ikus-entzunezko lanetarako idatzitako eta egokitutako zazpi lan biltzen ditu. Film hauetako soinu-banda originalen laburpenekin Espainiako zinemaren historiari keinua egiten dion kontzertua izango da: La fierecilla domada, El ruiseñor de las cumbres, El secreto de Mónica, Cabriola eta Las chicas de la Cruz Roja, Augusto Alguerók konposatuak eta Claudio Iannik moldatuak; Los futbolísimos 2, Miguel Ángel Lamataren filma (2018), Alba S. Torremocharen musikarekin; La boda de Rosa, Iciar Bollainek (2020) zuzendua eta Vanessa Garderen bandarekin; Dragonkeeper, Salvador Simó eta Li Jianpingen film luzea (2023) Arturo Cardelúsen musikarekin; Jesus Colmenarren La casa de papel seriea, Ivan M. Lacámararen musikarekin; eta Luis Ivarsen konposizioak film luze hauentzat: Parecido a un asesinato (Caminar en el tiempo abestia), Blanca Paloma eta JP Polorekin batera zuzendua, eta El capitán Trueno y el Santo Grial, biak Antonio Hernández Nuñezek zuzenduak (2025 eta 2011). Parecido a un asesinato RTVE Galan estreinatuko da asteartean, hilak 23, 16:30ean, Principe zinemetan, eta Blanca Suárez eta Eduardo Noriega protagonistek eta zuzendariak aurkeztuko dute.
Aurreko urteetan bezala, kontzertuan ikusizko elementu bat gehituko da: musika pelikuletako eszena-muntaketa baten proiekzioarekin uztartuko da 400 metro karratuko pantailan, eta muntaketa hori Morgancrea taldeak sortu du kontzertu honetarako espresuki. Gainera, hainbat konpositore kontzertuan izango dira Belodromoko oholtzan beren lana aurkezteko.
Sarrera doakoa da eta gonbita irailaren 13tik 19ra jaso beharko da Zinemaldiak Kursaal jauregian duen informazio-puntuan, 09:00etatik 20:00etara, edo Boulevardeko Donostia Turismoren bulegoan, astelehenetik larunbatera 09:00etatik 20:00etara, eta igandean, 10:00etatik 14:00etara. Azken sarrerak (eskuragarri badaude) Belodromoko leihatiletan jaso ahal izango dira kontzertuaren egunean goizeko 10:00etatik aurrera.
Larunbata, irailak 20, 18:00
Donostiako Belodromoa
Programa
Augusto Algueró: Historia de nuestro cine:
La fierecilla domada (Zuz. Antonio Román)
El ruiseñor de las cumbres (Zuz. Antonio del Amo)
El secreto de Mónica (Zuz. José María Forqué)
Cabriola (Zuz. Mel Ferrer)
Las chicas de la Cruz Roja (Zuz. Rafael J. Salvia)
Alba S. Torremocha: Los futbolísimos (Zuz. Miguel Ángel Lamata)
Vanessa Garde: La boda de Rosa (Zuz. Iciar Bollain)
Arturo Cardelús: Dragonkeeper (Zuz. Li Jianping, Salvador Simó)
Iván Martínez Lacámara: La casa de papel (Zuz. Jesús Colmenar)
Luis Ivars, Blanca Paloma, JP. Polo: Parecido a un asesinato - Caminar el tiempo (Zuz. Antonio Hernández)
Luis Ivars: El capitán Trueno y el Santo Grial (Zuz. Antonio Hernández)
Juan José Ocón, zuzendaria
Easo Abesbatza
Blanca Paloma ahotsa
Euskadiko Orkestra
Kontzertuaren gutxi gorabeherako iraupena: 1h15'
Urteetan zehar, Euskadiko Orkestra modu askotan egon da presente Donostia Zinemaldian bere parte-hartze nabarmenetako bat 2012ko edizioan egin zuen, Orkestrak mundu osoan ospetsua den J.A. Bayonaren The Impossible filmaren soinu-bandaren zuzeneko estreinaldian parte hartu zuenean (Fernando Velázquezek sortutako partiturarekin). Hurrengo urtetik aurrera, 2013tik aurrera, Orkestra modu jarraituan hasi zen zinema-musikako kontzertua zuzenean eskaintzen, lehenik Miramongo egoitzan, eta 2015etik aurrera Belodromoan. Toki horretan bertan eskainiko du kontzertua aurten ere. Zinema-musikako kontzertuen hamarkada honetan, Orkestrak hainbat film luzeren soinu-bandak interpretatu ditu, besteak beste: Handia, Errementari, Arrugas, Pájaros de Papel, Los crímenes de Oxford, Tadeo Jones 2, Mientras dure la guerra, Buñuel en el laberinto de las tortugas… Guztira, gure zinemako pelikulen 70 soinu-banda baino gehiago interpretatu eta erakutsi ditu denbora honetan Euskadiko Orkestrak. Gainera, aipatzekoa da Orkestrak Zinemaldiaren sintonia grabatu zuela 1991 eta 1992ko edizioetan.
Zinemaldian daukan parte-hartze sendoaz gain, Euskadiko Orkestrak filmetako musikarekin lotutako lan handia egin du. Aipatzekoak dira Patria eta Maixabel filmen soinu-banden grabazioak, bai eta aurreko film batzuenak ere, hala nola A Monster Calls —Fernando Velazquezek 2016ko jatorrizko musika onenaren Goya saria jaso zuen—, Ocho Apellidos Vascos, Contratiempo, Submergence, eta abar.
2012az geroztik, SGAE Fundazioak Made in Spain sail ez-lehiakorra antolatzen du beste batzuekin batera. Sail horrek azken urtean ekoitzitako Espainiako filmen aukeraketa bat biltzen du, estreinatuak izan ala ez, eta Zinemaldiak plataforma bikaina eskaintzen die nazioartean hedatzeko. Lan horiek irailaren 23tik 27ra bitartean proiektatuko dira Madrilgo Berlanga Aretoan.
Bestalde, Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiak (SGAE) sortutako Fundazioak Dunia Ayaso Saria ematen du Zinemaldiaren baitan, genero-ikuspegidun gidoi onenarentzat. 2012an hil zen kanariar zuzendariaren omenez antolatutako sari horiek bederatzigarren edizioa beteko dute 2025ean.
Bestalde, SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseiluak Euskal Gidoigile Onenaren Saria babesten du. Sari hori Zinemaldiaren baitan urtero ematen du Euskal Herriko Gidoigileen Elkarte Profesionalak.