Zurriola pasealekuan Las hijas del jazz argazki-erakusketa egongo da ikusgai irailaren 28ra arte, AECID Garapenerako Nazioarteko Lankidetzarako Espainiako Agentziak (Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren mendeko erakundea) antolatua eta AC/E Acción Cultural Española instituzioaren lankidetzarekin.
Donostian egindako prentsaurrekoan, Santiago Herrero AECIDeko Harreman Kultural eta Zientifikoen zuzendariak, José Andrés Torres Mora AC/Eko presidenteak, Eneko Goia Donostiako alkateak, Omar Ayyashi argazkilariak eta José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak parte hartu dute.
20ko eta 30eko hamarkadetako Hollywoodeko glamourrean, haustura estetikoan eta bultzada emantzipatzailean oinarrituta, erakusketak pertsona ospetsu historikoen (María Zambrano, Virginia Woolf, Gabriela Mistral etab.) espiritua ospatu eta Espainiako emakumezko aktore garaikideen talentuarekin lotzen du. Proiektuak –Omar Ayyashik sortuak– Hiba Abouk, Leticia Dolera, Marta Etura, Clara Galle, Cayetana Guillén Cuervo, María Hervás, Miren Ibarguren, Clara Lago, Victoria Luengo, Olivia Molina, Lola Rodríguez, Ana Rujas, Aitana Sánchez-Gijón, Milena Smit, Cecilia Suárez, Manuela Velasco eta Natalia Verbeke aktoreen erretratuak hartzen ditu, aitzindari haiek hezurmamitzen dituztela aktoreok.
Proiektua José Romero Sampedroren bildumako "Mujeres de cine. Ecos de Hollywood en España" fotograma-erakusketan –AECIDek 2019an ekoitzitakoan– oinarrituta dago. Erakusketa formatu handiko (120 x 90 cm) 36 argazkiz osatuta dago, erakusketaren funtsari eta sorkuntza-prozesuari buruzko lau testuz lagunduta egonik argazkiok. Erretratu guztiekin batera, halaber, aktoreek berek antzeztutako audio literario bat dago, QR kodeen bidez eskuratu daitekeena, murgiltze-esperientzia errazte aldera.
Omar Ayyashi sortzailearen hitzetan, "erakusketa honek omenaldia egin nahi die euren jarrera eta denborarekin, euren borondate eta indarrarekin, euren ukapenekin, euren kemen, iraunkortasun eta tinkotasunarekin, beren ziurtasunak zabaldu eta besteen bihotzean sar zitezen lortu zuten emakume guztiei".
Hamaikagarren urtez jarraian, AECIDen eta Donostia Zinemaldiaren arteko lankidetzaren ondorioz, Espainiako Lankidetzaren Saria urtero ematen zaio giza garapenari, pobrezia desagerrarazteari eta giza eskubideak bete-betean baliatzeari ekarpen handiena egiten dion film iberoamerikarraren ekoizleari, Espainiako eta Portugalgo ekoizpenak barne hartuta. Aurten epaimahaiburu izango dira Inés López del Pino AECIDeko komunikazioburua, Patxi Presa Gipuzkoako Foru Aldundiko Liburutegiaren eta Kultura Sustapeneko zerbitzuburua, eta Teresa Flaño kazetaria.
Saria 10.000 eurokoa da eta Iberoamerikako ikus-entzunezko industriarekin batera lan egiteko konpromisoa indartzea du helburu, talentu berriak sustatzeko, zinema-proiektuen ekoizpena dinamizatzeko, garapenerako lankidetzaren balioak zabaltzeko eta filmen merkaturatzea eta nazioartekotzea bizkortzeko.
Sail Ofizialeko, New Directorseko eta Horizontes Latinoseko zazpi film dira Espainiako Lankidetzaren Sariaren irabazle izateko hautagai. Saria irailaren 27an emango da, amaierako galan (Kursaalen):
Sail Ofiziala
Tucumán, Argentina, 2014; emakume gazte bat ospitalera joan da sabeleko min gogorrak jota, haurdun dagoela jakin gabe. Esnatzean, ohatilara bilurtuta eta poliziaz inguratuta dago. Apropos abortatu izana leporatzen diote, eta bi urteko behin-behineko espetxealdiaren ondoren, zortzi urteko espetxe-zigorra ezarriko diote giza hilketagatik, loturaren larrigarriarekin. Tucumángo abokatu batek haren askatasunaren alde borrokatuko du, milaka emakume eta erakunderen laguntzarekin, eta denek egingo dute bat historiaren norabidea aldatzeko.
Landa- eta hiri-munduaren arteko hiri inguruko auzo batean, elkarrekin bizi dira gerraostearen ondoren heldutako lehen migranteen etxeak eta lo-hiriaren bloke berriak, migrazio berria biltzen dutenak, txoko xume hau benetako herrixka global bihurtuz. Historias del buen valle imaginarioen eta gizartearen belaunaldi- eta nortasun-gatazken, hirigintza- eta ekologia-gatazken batura da. Baina gaur egungo munduaren ikuspegi patxadatsu eta humanista ere bada.
New Directors
Hamahiru urteko Laura bere familia berrian harrapatuta sentitzen da. Baso zabalen eta palmondo-sailen artean duen bizitza onartzen hasten denean, herriak Lauraren emakume maiteenak arriskuan jartzen dituen sekretu ilun bat ezkutatzen duela jakingo du.
Horizontes Latinos
80ko hamarkadaren hasieran, Txileko basamortuan, hamaika urteko Lidia meatze-herri desatsegin eta hautseztatu baten ertzera bultzaturiko familia queer maitagarri batean bizi da. Zabaltzen ari den gaixotasun misteriotsu baten errua egozten zaie, begirada bakar baten bidez transmititzen omen dena, gizon bat beste gizon batekin maitemintzen denean. Western moderno honetan, Lidia mendeku bila dabil, biolentziari, beldurrari eta gorrotoari aurre eginez, eta familia du babesleku bakarra borroka horretan, non maitasuna den benetako arriskua, beharbada.
Txile, 1990eko uda. Diktadura amaitzen ari dela, hamabost urteko Celeste familiarekin dago, oporretan, Atacamako basamortuaren alboko hondartza batean, baina jazoera batek neskatoaren nerabezaroa hautsiko du eta ama krisi batean hondoratuko. Hilabete batzuk geroago, eguzki-eklipse bat egongo delakoan, hara itzuliko da, baina ezer ez da lehen bezalakoa. Aldatzen ari den herrialde batean, bere bidea aurkitu beharko du.
2009an, gizon bat eta bi konplize chuschagasta komunitate indigenako kideak (Argentinako iparraldean) handik ateratzen saiatu ziren. Lurraren jabetza aldarrikatuz eta pistolaz armaturik, komunitateko buruzagi Javier Chocobar hil zuten azkenik. Hilketa bideoan jaso zen. Bederatzi urte geroago eta hainbat protestaren ondoren, 2018an prozedura judizialak ireki ziren azkenean. Ordura arte, hiltzaileak libre egon ziren.
1979, New Mexiko (AEB). Olmo trabatuta dago. Gaur bere aita zaintzea tokatzen zaio, 14 urte baino ez dituen arren, baina nahiago luke bere lagunik minen Miguelekin eman denbora. Bere bizilagun ederrak (Nina izenekoak) festa batera gonbidatzen duenean, bere eginbeharretatik libratzeko ahal duen guztia egingo du Olmok, bihurrikeria- eta kaos-bidaia batean murgilduz. Gauak aurrera egin ahala, hain luzaroan saihestu nahi izan duen leku hori maitatuko du beharbada azkenean: bere etxea.