Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak La Cañada. Ikusezinaren geografiak izeneko erakusketa inauguratuko dute larunbatean. Erakusketa horretan, Guillermo Galoeren Ciudad sin sueño / Sleepless City film luzean bildutako materialak egongo dira ikusgai: batetik, Manuel Rojoren argazkiak eta, bestetik, Txema Tørresen ikus-entzunezko pieza bat. Bestalde, film hori Perlak sailean emango dute, Cannesko Semaine de la Critique ataleko Prix SACD saria irabazi ondoren.
Irailaren 20tik 27ra bitartean, Tabakalerako lehen solairuan izango da erakusketa: Manuel Rojoren Miradas proiektuko argazki-sorta batek Txema Tørresen Aleluya ikus-entzunezko piezarekin dihardu elkarrizketan. Ciudad sin sueño filmatzean harturiko irudiekin eginak dira obrak: unibertso propio bat osatzen dute, baina filmarekin estu lotua. Elkarrizketa artistiko horrek areagotu egiten du esperientzia, Marina García López komisario duen erakusketa honi esker.
Guztira 22 argazkik osatzen dute Rojoren Miradas hautaketa; sabaitik zintzilik daude, “gorputz flotatzaileen koreografia” bat balitz bezala. Tørresen ikus-entzunezko pieza, berriz, “aleluia zinematografiko” gisa pentsatua da, eta filmaketaren plano finkoek, fonema bisualek eta asinkroniek osatzen dute: guztiek ere disolbatu egiten dute hondoaren eta figuraren arteko hierarkia, begiradaren eta gertaeraren artekoa.
Ciudad sin sueño filmak antzezle ez-profesionalak ditu protagonista, eta Madrilgo kanpoaldean dagoen Cañada Real inguruan filmatua da —Europako kokaleku irregular handienean, hain justu—. Instalazioak igarotze-leku bihurtzen du Tabakalerako korridorea, batere ibilbide linealik gabe. Irudiak sabaitik zintzilik daude, eta ez dute ukitzen lurra. Egileek Cañada Real inguruarekin lotzen dute ezaugarri hori: “Hiriaren eta hutsaren artean esekitako espazio bat, deserrotzearen eta pertenentziaren artean dagoena”.
Manuel Rojok eta Txema Tørresek gogoratzen dutenez, filmaketa-garaian sortu ziren lan horiek, baina “ez dokumentazio material gisa, baizik eta keinu artistiko paralelo gisa”. “Hemen ez da erakusten film baten making ofa, baizik eta mugako mundu horren iragaitzazko irakurketa bat, barnetik hartua. Filmaketa ez da helburua, baizik eta eremu emankor bat. Gure bi begiradek, hain justu, hantxe topatu zuten haren forma”, adierazten dute.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatua da erakusketa, eta Sintagma, Buenapinta Media, Encanta Films eta Bteam Prods ekoizpen-etxeekin batera. Ciudad sin sueño filma azaroaren 21ean estreinatuko da zinema-areto komertzialetan.