"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Josu Ozaita Azpirozek zuzendutako Hatsa filmak eta Saioa Miguelen Gatz Haranak irabazi dituzte, hurrenez hurren, Eusko Label Film Mikrolaburren III. Lehiaketako lehen eta bigarren sariak. Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen dute lehiaketa hori, HAZIren bidez (Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko enpresa publikoa), eta helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko hurbileko produktua zabaltzea eta babestea zinemaren bitartez, bai eta gure nekazaritza-, abeltzaintza- eta arrantza-munduan jasangarritasunari buruzko guztia sustatzea eta ezagutaraztea ere.
Sailkatutako gainerako film laburrak hauek izan dira: Amona, Gonzalo Santamariña; En el baserri / The Farm (Baserrian), Marta Hernaez Susperregui; Lágrimas de Patxi, Mikel Urreta; Nací leche para ser queso / Born Milk, Destined to Be Cheese (Esne jaio nintzen gazta izateko), Beñat Gereka Bikuña; Nautilus, Angel Aldarondo, eta Zura eta itsasoa / The Wood and the Sea (La madre y el mar), Iker Elorrieta.
Hatsa filmak lortu du lehenbiziko Eusko Label saria, 6.000 eurokoa; lan horrek ikatzaz hitz egiten du, gure arbasoen bizimodu gisa. Gatz Harana lanak, berriz, gatzaren ibilbidea erretratatzen du, eskuz ekoizten denetik eguneroko erabilerara arte, eta hark irabazi du bigarren saria, 4.000 eurokoa. Pedro Subijana sukaldaria izan da epaimahaiburua. Karmele Pikabea Euskaber kooperatibako gerenteak eta Raimundo Ruiz de Escudero HAZIko zuzendariak osatu dute epaimahaia.
Donostiako Aquariumean izan dira gaur arratsaldean sari-banaketa eta lan irabazleen eta finalisten emanaldiak, baita Zinemaldiak lehiaketatik kanpo ekoitzi eta zenbait euskal zinemagileri enkargatutako bost film laburrak ere: Anna, Lur Olaizola Lizarralde; Mahasti artean, Lara Izagirre Garizurieta; Mater, Ion de Sosa; Tu piel / Your Skin (Zure azala), Xabier Gutierrez, eta Zaindariak / Keepers (Vigilantes), Koldo Almandoz.
Lehen aldiz, gainera, Luces Cameros Acción film laburren jaialdiarekin lankidetzan proiektatutako lan bat sartu da ekitaldian. Errioxako El Rasillo de Cameros udalerrian egiten da jaialdi hori. Aukeratutako filma Luis Arrojoren Marciano García izan da, zeinak publikoaren eta interpretazio onenaren sariak lortu baitzituen aurtengo edizioan.