Jennifer Lawarence-k “zoriona eta lilura” sentitu ditu Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko bigarren Donostia Saria jaso duenean. Zinema-jaialdi honetan, munduko txoko guztietako istorioak kontatzen dira eta, horiei esker, aktorearen aburuz: “Gainerakoei buruz ikas dezakegu, esperientzia emozional bat parteka dezakegu eta, batzuetan, justu une egokian ohartu gaitezke denok batzuetan ematen duena baino lotuago gaudela”. Zinemaldiari eskertu dio “ohore handi” hau eta, bere ustez, “oso berezia da” Zinemaldian egotea: “Hemen jendeak benetan maite du zinema: kontakizuna, artea eta filmen arima”.
Iñigo Gastesi aktoreak aurkeztu du gaur arratsaldean Kursaal auditoriumean egin den gala eta J.A. Bayona zinemagile eta 73. edizioko Epaimahai Ofizialaren buruak eman dio Donostia saria Lawrenceri. Zinemaldia 1986an hasi zen ematen ohorezko sari handiena, Donostia Saria, eta AEBko aktore, ekoizle eta zuzendaria da saria jaso duen pertsonarik gazteena.
“Nik baino lehen, Meryl Streep paregabeak, Pedro Almodovar handiak, Lauren Bacall ikonikoak eta beste artista batzuek jaso dute sari hau. Hau zoriona eta lilura nik ere sari hau jasotzea! Haien ekarpenek eta ausardiak zinema markatu dute, eta bizitza osoan inspiratu naute, bai pertsonalki eta bai sormenari dagokionez. Beraz, ia ezin dut sinetsi ere egin artista horietako bat naizela. Eskerrik asko. Ezin bereziagoa da. Ohore handia da”, esan du.
Gogoratu du film independenteak egitea “oso gogorra” dela eta Lynne Ramsayren Die My Love jarri du adibide, ondoren eman den Donostia Saria Emanaldia. Filmeko pertsonaiarekin “hunkituta” geratu zen. “Nortasun-krisi existentziala izaten ari da, bai noraezean dabilen artista gisa eta bai emazte eta ama berri gisa. Batzuk lehenengoarekin sentituko zarete identifikatuta eta beste batzuk bigarrenarekin, akaso. Oso istorio gordin eta paregabe hau pertsona bakarrarekin egin nezakeen, Lynne Ramsey imitaezinarekin: bere maisutasuna emozio gordinarekin, konplexutasunarekin eta punk zoroarekin eho du”, ziurtatu du.
Bayonak, saria eman baino lehen, umorez gogoratu du orain dela urte batzuk Donostia Saria ere jaso zuen Donald Sutherland-ek pentsatu zuela aktoreak izena aldatu behar zuela, eta Jennifer Lawrence Olivier jarri, “bere talentua britainiar aktore handiarena adinakoa delako”. “Olivier bezalaxe, Jennifer Lawrence ere naturaltasunez ageri da: sotil, zehatz, karismatiko. Kamerari begiratzen dioten antzezleetako bat da, ondo dakiena gure begirada berak nahi duen lekura zehazki gidatzen, gu ohartu gabe”, esan du, eta, ondoren, hauxe: “Bere teknikak moldagarritasun miresgarria dauka; izan daiteke lasaia eta zorrotza, grinatsua eta sotila”. “Izan daiteke Lauren Bacall, baina baita Gena Rowlands ere, eta biak batera film berean. Nahi duena izan daiteke, egiaz betetzen baitu egiten duen edozer”, nabarmendu du.
“Baina, gainera, bere talentu izugarriaz harago, iman bat da publikoarentzat, zeinak gertutasunetik maite eta miresten baitu beti. Horregatik Jennifer Lawrence, 35 urte besterik ez dituena, azken hamarkadetako izar handienetako bat da. Horregatik, hamarka zuzendarirekin lan egin badu ere, bere film guztiak ‘Jennifer Lawrenceren film bat’ ere badira”, esan du. Azkenik, hauxe adierazi du: “Munduko sari guztiak ditu: Oscar saria, BAFTA saria, Independent Spirit bat, bi SAG, hiru Urrezko Globo... Baina Donostia saria falta zitzaion, eta nire aintzatespen gogokoenetako bat: Donostiako publikoaren txalo-zaparrada. Eman diezaiogun, beraz, denon artean gaur”.
Jennifer Lawrence Oscar sari bat irabazi duen aktore, ekoizle eta aktibista da. Besteak beste, Silver Linings Playbook (2012an emakumezko aktore onenaren Oscar saria eman ziona), American Hustle, Don't Look Up eta Joy film txalotuetako protagonista izan da, The Hunger Games trilogiaz gainera.
2018an, Lawrencek kameraren atzeko eragina zabaldu zuen Excellent Cadaver fundatu baitzuen (fundatzaileetako bat izan zen), istorio ausartak kontatzeko eta hausnartzera bultzatzeko xedea duen ekoiztetxea. Justine Ciarrocchirekin batera (Lawrenceren bazkidea ekoiztetxean), Lawrencek kritikaren harrera oso ona izan duten proiektuz osatutako zerrenda dinamiko bat garatu du, Causeway, No Hard Feelings eta Zurawski v. Texas eta Bread & Roses dokumental txalotuak barne hartuta, azken hori Peabody sari ospetsuarekin aintzatetsia.
Excellent Cadaverren azken proiektua –Lawrence protagonista eta ekoizle eta Lynne Ramsay zuzendari dituena–, Die My Love eleberriaren egokitzapen zirraragarria da, Cannesko jaialdiaren 2025eko edizioan emana lehendabizikoz. Filmak Robert Pattinson, LaKeith Stanfield, Nick Nolte eta Sissy Spacek ere ditu protagonista.