Alauda Ruiz de Azúak zuzendutako Los domingos / Sundays (Espainia-Frantzia) film luzeak irabazi du Donostia Zinemaldiaren 73. edizioko Urrezko Maskorra. Epaimahai ofizialak ex aequo eman dio Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra Jose Ramon Soroizi, Maspalomas (Espainia) filmean egindako lanagatik, eta Zhao Xiaohong-i, Jianyu laide mama / Her Heart Beats in Its Cage (Txina) filmean eginiko antzezpenagatik. Gainera, Camila Plaatek eskuratu du Taldeko Interpretazio Onenaren Zilarrezko Maskorra Belén filmean (Argentina) egindako antzezpena aintzatesteko.
Joachim Lafossek, Les chevaliers blancs / The White Knights (2015) filmarekin zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuenak, sari berbera eskuratu du berriz ere Six jours ce printemps-là / Six Days in Spring (Belgika-Frantzia-Luxenburgo) lanari esker, baita gidoi onenaren Epaimahaiaren Saria ere, Chloé Duponchelle eta Paul Ismaëlekin batera. Argazki onenaren saria Pau Estevek jaso du, Los Tigres (Espainia) filmean egindako lanagatik.
Horretaz gainera, Epaimahaiaren Sari Berezia José Luis Guerinen Historias del buen valle / Good Valley Stories (Espainia-Frantzia) filmarentzat izan da, zeinak sari hori bera jaso baitzuen En construcción (2001) lanarekin. Oraingoan, "kamera periferiara eta gutxitan filmatutako aurpegi eta paisaietara zuzentzen duen film bati" eman dio saria epaimahaiak, kontuan izanik "denboraren gainetik eskuzabal eta gizatiar jariatzen den begirada marrazten duela, bidaia horretan zinemaren funtsa bera gogora ekarriz".
J.A. Baiona zinemagilea izan da palmaresa diseinatzeaz arduratu den Epaimahai Ofizialaren buru. Epaimahaikide izan dira, orobat, Laura Carreira zinemagile portugaldarra eta Gia Coppola zuzendari estatubatuarra, Zhou Dongyu antzezlea, Lali Espósito abeslari eta interprete argentinarra, Mark Strong aktore britainiarra eta Anne-Dominique Toussaint ekoizle frantsesa.
Itsaso Arana eta Óscar Lasarte antzezleek aurkeztu dute itxiera ekitaldia gaur gauean Kursaal jauregian, eta, sarien berri eman ondoren, The Winter of the Crow ikusi ahal izan da, edizio honetako amaierako filma. Kasia Adamik zuzendaria, Lesley Manville antzezlea eta Stanislaw Dziedzic ekoizlea izan dira saio horretan.
BESTE SARI OFIZIAL BATZUK
Vaegtloes / Weightless (Danimarka) Emilie Thalunden lehen filmak lortu du Kutxabank-New Directors Saria. Epaimahaikideek, berebat, aipamen berezia egin diote Irati Gorostidi Agirretxeren Aro berria (Espainia) lehen filmari. Proiektu fasean zegoela, Donostia Zinemaldiak, Tabakalerak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen duten Ikusmira Berriak egoitza-programan parte hartu zuen lan horrek.
Horizontes Make & Mark saria Un poeta / A Poet (Kolonbia-Alemania-Suedia) filmarentzat izan da. Simón Mesa Sotoren pelikula Canneseko Un Certain Regard sailean estreinatu zen eta Epaimahaiaren Saria eskuratu zuen. Epaimahaiak bi aipamen berezi ere eman ditu: bata Ikusmira Berriak sailean sorturiko beste proiektu bati, Ana Cristina Barragán EQZEko ikasle izanikoaren Hiedra / The Ivy (Ekuador-Mexiko-Frantzia-Espainia), zeinak gidoi onenaren saria irabazi baitzuen Veneziako Mostrako Orizzonti sailean lan horrekin berarekin, eta bestea, berriz, Daniel Hendlerren Un cabo suelto / A Loose End (Uruguai-Argentina-Espainia) filmari, Venezia Spotlight sailean estreinatua, 2023ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuena eta iazko WIP Latam Industriaren Sariaren irabazlea.
Bestalde, La tour de glace / The Ice Tower (La torre de hielo [The Ice Tower]) lanak (Frantzia-Alemania) irabazi du Zabaltegi - Tabakalera saria. Lucile Hadzihalilovicen lan berri horrek ekarpen artistikoaren Zilarrezko Hartza eskuratu zuen Berlinaleko Sail Ofizialean. Epaimahaiak, gainera, bi aipamen berezi ematea erabaki du: Paula Tomás Marquesen Duas vezes João Liberada / Two Times João Liberada (Portugal) lanari, eta Sophy Romvariren Blue Heron (Kanada-Hungaria) lanari. Lehen filma EQZEko beste ikasle egresatu baten lana da, eta Berlinaleko Perspectives sailean estreinatu zen; besteak, berriz, opera prima onenaren Swatch saria lortu zuen Locarnoko zinema-jaialdiko Concorso Cineasti del Presente sailean, baita Torontoko Best Canadian Discovery Award ere.
Eva Sajanováren (Academy of Music and Performing Arts - FTF VSMU, Eslovakia) Ako počúvať fontány / How to Listen to Fountains (Eslovakia) film laburrak irabazi du Nest The Mediapro Studio Saria, eta aipamen berezia, berriz, Milan Kumarrek (Film & Television Institute of India, Pune, India) zuzendutako The Old Bull Knows, Or Once Knew (India) lanarentzat izan da. Film Labur Onenaren Movistar Plus+ Saria eta Tabakalera Saria, ostera, Inês Nunesek (Elías Querejeta Zine Eskola - EQZE, Espainia) eta Lenia Friedrichek (Academy of Media Arts Cologne - KHM, Alemania) zuzendutako A solidão dos lagartos / The Loneliness of Lizards (Espainia-Portugal) eta So ist das Leben und nicht anders / Life is Like That and Not Otherwise (Alemania) film laburrek irabazi dituzte, hurrenez hurren.
Culinary Zinema Saria Nan Feixen Mam (Frantzia) filmari egokitu zaio, eta Eusko Label Saria, berriz, Hatsa (Espainia) eta Gatz Harana (Espainia) film laburrek jaso dute; horiekin, Josu Ozaita Azpirozek eta Saioa Miguelek lehen eta bigarren sariak eraman dituzte, hurrenez hurren. Gizarte-gaiei buruzko film laburren lehiaketari dagokionez, Alvaro G. Companyren Maruja (Espainia) filmak eskuratu du Loterías lehen saria, eta bigarrena, berriz, Iñaki Sánchez Arrietaren Medusas (Espainia) pelikulak.
Alauda Ruiz de Azúak zuzendutako Los domingos / Sundays (Espainia-Frantzia) filmak, Urrezko Maskorra ez ezik, nazioarteko kritikariek ematen duten FIPRESCI Saria eta Euskal Zinemaren Irizar Saria ere eskuratu ditu. Gainera, Irizar Sariaren Epaimahaiak aipamen berezia eman dio Zabaltegi-Tabakalera sailean programatutako Marta Medinaren eta Enrique López Lavignen El último arrebato / The Last Rapture (Espainia) lehen filmari.
Perlak saileko publikoak aukeratzen duen Donostia Hiria Publikoaren Saria The Voice of Hind Rajab (La voz de Hind) filmarentzat izan da (Tunisia-Frantzia). Kaouther Ben Haniaren film horrek Zilarrezko Lehoia Epaimahaiaren Sari Nagusia eskuratu zuen Venezian. Europako Film Onenaren Publikoaren Saria, ostera, Amélie et la métaphysique des tubes / Little Amélie or the Character of Rain (Little Amélie) animazio-filmak eskuratu du (Frantzia). Film horrekin Maïlys Vallade eta Liane-Cho Han egileek Cannesko zinema-jaialdiko emanaldi berezietan parte hartu eta Publikoaren Saria eskuratu zuten Annecyko zinema-jaialdian.
Azkenik, Diego Céspedesen La misteriosa mirada del flamenco / The Mysterious Gaze of the Flamingo (Txile-Frantzia-Alemania-Espainia-Belgika) lehen filmak, Horizontes Latinos sailean sartuta, Gazteriaren DAMA Saria irabazi du. Filmak, bere proiektu fasean Ikusmira Berriak programaren post-produkzio saria irabazi zuena, Canneseko Un Certain Regard saria jaso du aurten.
Sari ofizialak – FIAPF |
Beste sari ofizial batzuk |
Industria Sariak |
MARIANA X BHP - Renan Flumian
Ekoizleak: Droma Productions - Quijote Films
(Brasil - Txile)
ALTXALILIAK - Maia Iribarne Olhagarai
Ekoizleak: Doxa Producciones - Gastibeltza Filmak
(Espainia - Frantzia)
LA INCREÍBLE HISTORIA DE UNA PELÍCULA QUE NO HEMOS VISTO - Claudia Chávez Levano - Christine Mladic Janney
Christine Mladic Janney
Ekoizleak: Amazona Producciones - Eleven Hands
(EAB - Peru)
Otros premios |
Ohorezko Sariak |
Sari paraleloak |