"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia Zinemaldiak (SSIFF) eta Tokioko Cervantes Institutuak ‘Donostia Japonian: SSIFF X Tokioko Cervantes Institutua’ programa martxan jarriz sendotzen dute euren kooperazioa; Japoniako hiriburuan zinema-emanaldiak gauzatzea eta Tokioko Nazioarteko zinema-jaialdian (TIFF) elkarrekiko partaidetza bat barne hartzen ditu ekimen horrek.
Lankidetza 2024an hasi zen, eta aurten Soy Nevenka filmaren aurkezpenarekin zabaldu da. Koldo Zuazua eta Isa Campo –Soy Nevenka / I Am Nevenkaren ekoizle eta idazlea, hurrenez hurren– Japonian egongo dira, ikus-entzuleekin egingo diren hainbat topaketatan parte hartzeko. Filma Sail Ofizialeko parte izan zen 2024ko Zinemaldian eta Agenda 2030 Basque Country saria jaso zuen. Tokioko nazioarteko zinema-jaialdian emanaldi berezi gisa aurkeztuko da urriaren 30ean, sortzaileekiko elkarrizketa batekin batera.
Halaber, Donostia Japonian: jaialdi baten historia izeneko aurkezpen berezia egingo da, Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendaria, Lucia Olaciregui zuzendariordea, Isa Campo gidoilaria, Koldo Zuazua ekoizlea eta Daniel Aguilar Zinemaldiak Japonian duen ordezkaria Tokioko Cervantes Institutuan bilduko dituena. Saioa publikoarekiko elkarrizketa ireki gisa sortu da, eta Donostia Zinemaldiaren ibilbidea eskainiko du, baita hark Espainiako zinemaren sustapenean izandako eginkizuna eta Japoniarekiko harreman historikoa ere. Topaketan zehar, lehiaketaren eraldaketak, nazioarteko kolaborazioak eta ikus-entzule japoniarrek zinema iberiarrarekin duten geroz eta interes handiagoa jorratuko dira, jardunaldiari amaiera emateko solasaldi bat egiteaz gainera.
Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariaren hitzetan:
«Japoniak kidetasun bereziko harremana du Zinemaldiarekin. Duen sentiberatasun zinematografikoa, egileei eskaintzen dien errespetua eta Espainiako kulturarekin duen lotura direla-eta, aukera paregabea da programa hau bion harremanak estutzen jarraitzeko. Tokioko Cervantes Institutuarekiko eta TIFFekiko lankidetzak zinema espainiarraren presentzia egonkorra sendotzen du Japonian, bi herrialdeetako ikus-entzuleen arteko trukerako eta elkarrizketarako gune baten medioz».
Bestalde, Víctor Andresco Tokioko Cervantes Institutuko zuzendariak honako hau azpimarratu du:
«Zinema baliabide pribilegiatua da elkar ulertzeko. Donostia Zinemaldiak Japonian duen presentziaren medioz, Isa Campo eta Koldo Zuazua zinemagileekin, Tokiotik kritikoa eta plurala izanik giza eskubideekin, memoria demokratikoarekin eta berdintasunarekin konprometituta dagoen begirada bat sustatzeko dugun borondatea berresten dugu».
«Donostia Japonian» programaren edizio berri honekin, Zinemaldiak eta Tokioko Cervantes Institutuak Espainiaren eta Japoniaren arteko elkarrizketa zinematografikoaren erreferente bihurtu den lankidetza bat sendotzen dute, zinema espainiar garaikidea hedatzearen eta bi herrialdeen arteko zubi kultural iraunkorrak sortzearen aldeko apustu baten bitartez.



