Zinemira da berariaz euskal zinemari eskainitako saila, eta aurten hamahiru proposamen jasoko ditu. Horietako lau Zinemaldian erabateko estreinaldia izango duten film luzeak dira eta, hortaz, Euskal Zinemaren Irizar Saria eskuratzeko hautagai izango dira. Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatutako saila da Zinemira, Irizarrek, EITBk eta Urbilek babestua, eta Euskadiko Filmategiaren, EPE-IBAIA ekoiztetxe-elkartearen eta Zineuskadiren lankidetza du.
Inge Mendiorozek bere bigarren ez-fikzioarekin irekiko du saila. Artxiboko irudiak eta euskal musika eta literaturaren munduko hainbat pertsonaren aitortzak baliatuz, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako ondu du zuzendari gipuzkoarrak, euskal kantagintzaren ikur honen bizitza beste ikuspegi batetik kontatzen duen biografia.
Beste pertsonaia ospetsu baten biografiak emango dio amaiera Zinemirari; Anuska Ariztimuñoren Hombre bala ez-fikzioak, Mikel Erentxun musikari donostiarraren ibilbide profesionalaren eta bizitza pertsonalaren artean nabigatzen duenak.
Film biografikoen sokari jarraituz, dagoeneko bi Goya sari bereganatuta dituen Gaizka Urrestik autore sailkaezin baten kontakizuna egiten du Eloy de la Iglesia, adicto al cine pelikulan.
Arg(h)itzen: torturaz argi hitz egiten, tortura ez-fikzioa Manu Gomezen gidaritzapean egindako auzolan baten emaitza da. Filmak 1966 eta 2011 urteen artean Nafarroako Sakana eskualdean tortura pairatu zuten 30 lagunen lekukotzak jasotzen ditu, tortura zer den erakutsi eta estatuaren inpunitate egiturak argitara ateratzeko asmoz.
Zinemira lehiaz kanpo
Jesus Mari Lazkanok lehiaz kanpo emango dio hasiera Zinemirari, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako filmarekin batera proiektatuko den Natura fugit film laburrarekin. Margolari ospetsuak, ARTiKO dokumentalaren ostean, animazioko film labur hau ondu du lau urteetan zehar, fotogramaz fotograma, formatu handiko 3.000 margo originaletan oinarrituta.
Donostiako euren emanaldiak baino lehenago estreinatu izanagatik Euskal Zinemaren Irizar Sarirako hautagaiak ez diren beste zortzi ekoizpenek hartuko dute parte sailean: Daniela Forever, Nacho Vigalondoren azken lana; Ombuaren itzala, Patxi Bisquert aktoreak zuzendutako lehen filma, Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitzaren pasarte bat kontatzen duena. Halaber, Borja Cobeagaren azken komedia, Los aitas; Asier Urbietaren lehen film luzea, Faisaien irla, Göteborgeko zinema jaialdian lehiatu zena; Oier Plazaren ez-fikziozko debuta, Popel/Errautsak, bere estreinaldia Pragan izan zuena; Sara Fantovak zuzendutako lehen lana, Jone, batzuetan, Malagako jaialdian aipamen bat eskuratu zuena; Gijon-go jaialdian lehiatutako eta Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxek eta Ainhoa Andrakak elkarlanean zuzendutako Itoiz udako sesioak, eta Arantxa Aldaz, Javier Roldán eta David Taberna El Diario Vasco egunkariko kazetariek zuzendutako Gregorio Ordoñez, el asesinato que despertó la rebelión contra ETA ez-fikzioa.
Sergio Basurko