"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Belodromoko programazioak Go!azen telesailaren hamabigarren denboraldiko lehen atalaren bi emanaldi hartuko ditu barne, Rondallas –Daniel Sánchez Arévaloren film berria– eta Hasta que me quede sin voz –Leiva musikariari buruzko ez-fikzioa– estreinatzeaz gainera. Halaber, areto itzel honetan itxiera galaren emankizuna ere eskainiko da, EITB gala, Kontzertua & Proiekzioa eta Ikastetxeak Belodromoan ekimenaren goizeko emanaldiez gain.
Asteartean, hilaren 23an, 19:00etan estreinatuko da Rondallas, Daniel Sánchez Arévaloren itzulera zinemara. Javier Gutiérrez, María Vázquez, Judith Fernández, Tamar Novas eta Fer Fraga dira komedia dramatiko honen protagonistak; filmak kontatzen digu nola Galiziako udalerri batek erabakiko duen herriko musika-talde tradizionala (errondaila) berreskuratzea; garai gogorretan komunitateak duen garrantziari eskainitako oda bat.
Ostegunean, hilaren 25ean, 19:00etan, Hasta que me quede sin voz filma emango da pantaila erraldoian. Bertan, Leiva musikariaren bizi-unea, zurrunbiloa eta bere ahots-kordetako batean duen lesio osaezin baten ondorioz bizi duen egoera labaina azaltzen dira. Hiru egileren lan kolektiboa da filma: lehenik, proiektu ugari ekoitzi dituena Mario Forniés dugu, besteak beste, kantautore madrildarraren bideoklipak; bigarrenik, Lucas Nolla, hainbat filmetan muntatzaile-lanak egin dituena; eta, hirugarrenik, Sepia, argazkilaria eta musika-bideoen zuzendaria.
Gainera, lehen aldiz, Go!azen telesailaren bi emanaldi egongo dira bertan: bata, asteazkenean, hilaren 24an; bestea, ostiralean, hilaren 26an; bi saioak 18:30ean. Go!azen telesailaren hamabigarren denboraldiko lehen atala aurkeztuko da, eta, iaz bezala, emanaldiaren aurretik zuzeneko funtzio bat egingo dute protagonistek. Itziar Gomez Sarasolak zuzendu du Basakabi udalekuko musika-abenturen denboraldi berri hau. Azkenik, hiriko aretorik handienean egingo da lehendabizikoz EITB gala, eta Euskal Herria Hegan programaren lehen atal Gipuzkoa hegan estreinatuko da ekitaldian.
Ohi denez, Zinemaldiaren azken egunean Belodromoak itxiera galaren zuzeneko emanaldia hartuko du. Halaber, Sail Ofizialari amaiera emango dion filma eta laster iragarriko den beste pelikula bat ere proiektatuko dira.
Sergio Basurko