Nurembergek bete-betean kokatzen gaitu duela laurogei urte Aliatuek erregimen naziaren porrotaren ondoren egindako epaiketetan. Douglas Kelley psikiatra estatubatuarra izendatu zuten preso nazien osasun mentala ebaluatzeko eta gerra-krimenengatik epaitu ote zitezkeen erabakitzeko. Gauetik goizera, Kelley buruargitasun-borroka korapilatsu batean murgilduko da Hitlerren eskuineko eskuaren eta gizadiaren historiako gizonik beldurgarrienetako baten aurka: Hermann Göring.
Göring (Russell Crowe) eta Kelley (Rami Malek) pertsonaia nagusien arteko harremana ardatz hartuta, epaiketa prozesuaren barrunbeak, ongiaren eta gaizkiaren arteko marra, eta batez ere, botere gosea lantzen ditu filmak. Jack El-Hairen “The Nazi and the Psychiatrist” liburuan oinarritutako filma da, eta James Vanderbilt zuzendari eta gidoilariak adierazi duenez, “liburuaren lehen orriak irakurri ahala film batera eramateko istorioa zela iruditu zitzaidan. Jende askok ez baitzekien, ezta neuk ere, auzipetu nazien osasun mentala aztertu zutela epaiketaren aurretik”. “Hori dela eta, ikuspuntu psikiatrikoak erakarri ninduen, gaizkiaren izatea zein den aztertzea. Hori erakustea erakargarria eta beharrezkoa iruditu zitzaidan”, gaineratu du.
Aktoreek egindako lana goraipatu du Vanderbiltek; guztiak biziki “inplikatu” zirela esan du eta adibide zehatzak eman ditu: Crowe Alemaniara joan zen lekua ezagutuz hobeto ulertzeko asmoz, Malekekin orduak eta orduak igaro ditu eszena bakoitza xehatzen. Eta Michael Shannonen antzezpenaren aurrean “txapela kentzen dut. Izan ere, Estatu Batuetako zinema munduan ‘aktoreen aktore’ deitzen baitzaio. Arrazoi osoz, ziurta dezaket”, esan du bere aktore-zerrendari dion miresmena azpimarratuz.
Filmaketako eszena gogorrena, bestalde, kontzentrazio esparruetako irudiak epaitegian eman zituztenekoa dela aitortu du, irudi horiek publikoak badira ere, aktoreei eskatu zien ez zitzatela ikusi, eta lehenengo aldiz grabaketan bertan ikusi zituzten. Une gogoangarriak ere bizi izan zituen filmaketan, besteak beste, Croweren eta Michael Shannonen arteko hogeita bost minutuko elkarrizketarena. Inolako etenik gabe grabatu zituzten “gidoian zeuden hogei orrialdeak“, kontatu du, eta argitu du eszena horrek indar berezia duela “benetako epaiketako transkripzioak direlako”. Pelikulak erakusten du nola Görinek epaiketa bitartean erantzun iheskor eta korapilatsuak eman zizkien galdera zuzenei, eta gerra garaiko ekintza bakoitzerako aitzakia onargarriak zituen. Esaterako, Himmlerren kontrolpean zeuden kontzentrazio-esparruetan gertatutakoaz ezer ez zekiela.
“Azkenean, erruduntzat jo zuten konspirazioagatik, bakearen aurkako krimenengatik, gerrako krimenengatik eta gizateriaren aurkako krimenengatik. 1946ko urriaren 1ean urkamendian hiltzera zigortu zuten. Apelazio bat aurkeztu zuen, soldadu gisa tiro egin ziezaioten eskatuz, kriminal arrunt bat bezala urkatu beharrean, baina auzitegiak uko egin zion. Exekuzioa baino ordu batzuk lehenago bere buruaz beste egin zuen zianurozko anpoila bat hartuta”, historiako eskola eman du Vanderbiltek.
“Pelikula on batek galderak egiten dizkizu; pelikula txar batek, berriz, erantzun guztiak ematen ditu. Beraz, galderak egiten dituen filmak egitea gustatzen zait, eta beharbada erantzunik ematen ez dutenak”, hausnartu du zuzendariak amaitzeko.
Sergio Basurko