"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Mutriku eta Ondarroa artean sortua, Euskal Herriko rock panorama astindu zuen Itoiz musika talde mitikoaren abeslari Juan Carlos Pérez da Itoiz, udako sesioak filmaren protagonista. Bere begiradatik, gogoeta sakon batean barneratzen gara ordura arte ikusi gabeko zinta bilduma baten aurkikuntza abiapuntu hartuta.
Zale grina oinarri, proiektua martxan jarri eta bilaketan murgildu zirenean udako sesioen zinta bat agertu zen, eta horrek guztia aldatu zuen. Lehen artxibo hori topatzeak hasierako faseari irudi eta soinuak jartzeaz gain, Juan Carlosen interesa piztea ekarri zuen. Hor topatu zuten filmaren bihotza.
Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka zuzendariek dokumental klasikoaren erritmo eta egiturak hausten dituzte filmean. “Hamaika modutara egin daiteke baina guk ekarpen bat egiteko gogotik abiatu genuen proiektua eta ikuspuntu zinematografikoren aldetik ere zerbait ezberdina proposatu nahi genuen”, argitu du Ainhoa Andrakak.
Taldearen lider izandakoak bidaia katartiko bat egiten du, taldeak unerik gorenean pop estilora eman zuen aldaketa eta osteko desegitea hausnartzen ditu, taldearen muinera jo eta iraganarekin adiskidetzeko balioko dion bidaia eginez. “Juan Carlosek dokumentala egiteko baimena ematetik parte aktibo izatera eman zuen pausoak dena aldatu zuen, benetako prozesu bat egin zuen berak eta inplikazio handia izan zuen”, azaltzen du Larraitz Zuazok.
Filmak hiru geruza lantzen ditu, fikzioaren bitartez kontatutako haurtzaroa, artxibo irudiak eta orainaldiko topaketak. Hiru alderdien arteko uztartze-prozesuan tonuaren bilaketa lan zaila izan dela aitortu dute zuzendariek. “Ildo narratibo guztiek elkar osatzeko oreka lortzea izan da zailena, hala nola, Juan Carlos barneratzeko aukera eskaintzen zuen gailu bat lortu nahi genuen, ekarpen bat egiteko errelatoari”, dio Zuri Goikoetxeak.
Hasieratik filmaren bilaketa etengabe batean aritu da hirukotea, gidoitik hasi eta muntaiara arte, eta hiruen artean zuzentzeko formula egokia topatzea gakoa izan dela aitortu dute. “Modu oso naturalean egin dugu. Gainera proiektuaren konplexutasuna kontuan izanda formula egokiena izan da, sarean lan egin dugu eta aberasgarria izan da, pisuak modu naturalean banatu baititugu”.
Taldea jarraitu duten eta jarraitzen duten zaleetatik haratago joateko egindako filmak ibilbide oparoa izan du. “Taldea ezagutzen ez zuten gazteen aldetik jasotakoa bereziki ederra izan da, taldearekiko interesa piztu dugulako”, gehitu du Zuri Goikoetxeak. Taldeaz haratago ere memoriaz hitz egiten duen filma da, izandako gazteari begiratzea dakarrena eta edonor identifikatuta sentitzeko moduko gaiak jorratzen dituena.
Zinemira sailean dago filma eta zuzendariek ibilbide baten amaiera “bikain” bezala hartu dute gonbita. “Etxean hasitako ibilbidea etxean amaituko dugu eta hori oso polita da, opari bat da”.
Naia Arantzamendi