"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinearen ospakizuna, gehien ukitzen dituena; laburbilduz, etxeko festa. Zinemaldia hamaika modutara bizi daiteke, denak ala denak bereziak, denak ala denak gozamenerako bide bilakatzen direnak. Horrela izan da, hain zuzen ere, Euskal Zinemaren Irizar Saria erabakitzeko ardura daukaten hirukotearentzat ere. Aktore gisa, kazetari gisa zein ikusle gisa parte hartu dute orain arteko Zinemaldietan. Aurten, ostera, bestelako modu batera bizitzeko aukera eskaini diote, eta pozarren hartu dute hirurek proposamena. Gozamenetik, baina erantzukizunez.
Ane Gabarain aktorea izango da aurtengo epaimahaiburua. Ikusle gisa ezik, parte hartze zabala izan du aktore bezala Zinemaldian, tartean, Pecata minuta (Ramón Barea, New Directors, 1999), La comunidad (Alex de la Iglesia, Sail Ofiziala, 2000), Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, Sail Ofiziala, 2014) edo 20.000 especies de abejas (Esti Urresola, Zinemira, 2023) bere filmografia zabalaren barruan egindako lanen erakusleiho direlarik. Eginkizuna aurrera eramateko orduan “bihotza eta burua” oinarri izango dituela aitortu du eta taldekideen babesa ezinbesteko izango duela. Aia Kruse aktore donostiarra eta Urtzi Urkizu kazetaria dira hirukotea osatzen duten epaimahaikideak eta “konfiantza osoa” du Gabarainek beraiengan: “Oso lagungarria egingo zait bere aztertzeko gaitasuna. Oso pozik nago osatu dugun taldearekin”.
Euskal ekoizpenen datuak ikusita urte oparoa da aurtengoa euskal zinemarentzat, eta horretan aditu den Urtzi Urkizu kazetariak pozarren hartu du gonbita. Berria egunkariaren sorreran parte hartu zuen, eta 2003tik gaur arte bertan aritu da lanean, bereziki, komunikabideen eta ikus entzunezkoei buruz idatziz. Horrez gain, Donostia Zinemaldian urte luzez aritu da kritikak eta zutabeak idazten. “Euskal herrian mende honetan egin den zinemaren parte handi bat ikusi dut, eta aurten bereziki polita da euskal ekoizpen asko daudelako, horiek ikustea beraiekin eta zinemaz hitz egitea luxu eta ohore handi bat da”.
Hirukotea osatu duen epaimahaikideen artean gazteena baina sekulako ibilbidea egina duena, Aia Kruse aktore donostiarra dugu. Zorion Perfektua (Jabi Elortegi, Zabaltegi-Tabakalera, 2009), Handia (Aitor Arregi, Jon Garaño, 2017), Ane (David Pérez Sañudo, New Directors, 2020), Nora (Lara Izagirre, Zinemira, 2020) eta aurtengo Zinemira sailean eskainiko den Faisaien Irla (Asier Urbieta, 2024) dira donostiarraren lanaren aleetako batzuk.
Hiru ikuspuntu, hiru erpin eta helburu bakar bat. Bakoitzak beretik, zinemarekiko pasioa elkarbanatuz, gauza ezberdinak eskatzen dizkiote zinemari. Emozioa, pentsamendua eta poesia jartzen ditu erdigunean Gabarainek. Desberdina izatea edota zinematik zerbait aldatu denaren sentipenaz ateratzea Krusek. Ikusleari proposamen bat eskaintzeko ahalegina egitea, Urkizuk. Hirukote sendoa dira, ideia argiak dituena eta zinemak eskaintzeko duena esku zabalik hartzeko gogoz dagoena.
Naia Arantzamendi