Dokumentalean funtzionario publikoen zaintzapean pairatutako torturari lotutako ibilbide historiko bat planteatzen da estatu espainiarreko egoera politiko eta soziala kontuan hartuta. Nola sortu zen proiektuaren hazia?
Taberna giroan sortu zen, Sakanan torturatuak izandako 150 pertsona zeudela komentatu eta testigantza horiek hartu behar genituela esanez. Dokumentala egitea hasieratik egon zen gure buruan baina ez genekien zein dimentsio eman behar genion. Berehala ikusi genuen gai honen inguruan Euskal Herriko historia kontatzeko aukera genuela.
1960tik 2011ra bitartean gertatutakoa azaltzen da. Hamalau urte pasatu direlarik, zergatik erabaki duzue dokumentala orain plazaratzea?
Tortura ezkutuan mantendu eta ukatua izan den zerbait da eta guk argitara atera nahi genuen, gure historia hurbilaren errelatoan sartu behar zelako. Batez ere, beraiei begira.
Duela bost urte abiatu zenuten proiektua eta baduzue jada emaitza esku artean. Zergatik izan da garrantzitsua prozesu hau abiatzea?
Dokumentala hasi genuenean ez zegoen Nafarroako Torturatuen Sarerik, esaterako. Eta honen harira biltzen hasi ziren. Beraiek hiru gauza nahi dituzte: gertatu izanaren gobernuaren onarpena, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermea. Biltzen ez dena galdu egiten da eta kontatzen ez dena ahaztu egiten da.
Proiektua aurrera eraman ahala, zein izan da gakoa?
Proiektuaren erroa da beraien aitortza bera nahikoa dela esateko hau gertatu da. Uste dut guretzat garrantzitsua dela beti ukatua izan den zerbait azaleratzea. Grabatu ditugun testigantza guztiekin, esaterako, protagonistak puskatu diren irudiak saihestu egin ditugu eta nahita egin dugu.
Eragin politikoren bat izan dezakeela uste duzu?
Dagoeneko izan du. Nafarroan zenbait pertsonei onarpena ematen hasi ziren, poliziaren biktima bezala aitortzak ematen hasi dira eta horien azterketa egiteko gure testigantzak erabili dituzte. Guk Nafarroako Paz y Convivenciako Sailari gure testigantza brutoak eman dizkiegu eta horretarako erabili dituzte. Uste dugu pauso bat eman dugula eta gehiago ere emango direla. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan pausoak ematen hasi dira.
Proiektua aurrera eramateko beharrezko baliabideak lortzeko, zein bide erabili dituzue?
Orduz kanpo egindako lan profesionala egin dugu, baina horretarako material ona behar genuela ikusi genuen. Hiru bide erabili ditugu hori lortzeko: Sakanako udaletara jo dugu eta udal guztiak, bik izan ezik, dirua eman digute eta jendeari laguntza zuzena eskatu genion, horretarako Crowfoundig-a martxan jarriz. Seguruenik Zinemaldian proiektatuko den pelikularik merkeena izango da.
Lanari buruz entzun duzuen hitzik esanguratsuena?
Beharrezkoa dela. Baina, batez ere, testigantzak eman dituztenen aldetik eskertuta daudela entzuteak betetzen gaitu.
Zein izango da orain proiektuaren norabidea?
Herriz herri eta etxez etxe zabaldu nahi dugu. Ahalegin horretan gaude, ez profesionaltasunetik, ez gara ohiko ekoizle bat, ez dauzkagu kontaktu zuzenak. Ari gara poliki-poliki pausoak ematen.
Zinemira sailean egoteak zer suposatzen du zuentzat?
Zinemaldiak hautatu izana, alde batetik, harrotasun puntu bat da egindako lana txukuna dela sinisteko, bestela ez ginateke hemen egongo. Eta bestetik, bozgorailu txiki bat izan daiteke, edo handi bat, ez dakit.
Naia Arantzamendi