"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Joachim Lafossek badaki zer den Donostian lehiatzea (eta garaitzea): 2015ean, Les chevaliers blancs filmarekin Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra eskuratu baitzuen; eta duela bi urte, Un silence pelikula aurkeztu zuen. Aurten, belgikar filmegilea atzera lehiatuko da Six jours ce printemps-là izenburuko lanarekin.
Batere ez ohikoa izanik, proiekzioaren osteko prentsaurrekoa filmaren argazkigintzari buruzko galdera tekniko batekin hasi zen. Laffossek Iparraldeko argiarekin lan egitea ohituta dagoela aitortu zuen, baina “oraingoan hegoaldeko argiarekin lan egin dut; eta aldea izugarria da, zoragarria da Mediterraneoko argitasuna”. Eta bertan zegoen Jean-Françoise Hengens argazki zuzendariak pasa zion hitza: “Zailtasunez eta kontrastez beteriko lana izan da —lekukoa hartu dio argazkilariak—; batetik, hondartza eta itsasaldeko argitasun itsugarria genuen, eta bestalde, barrualdeetako iluntasuna. Ikusi duzuenez, kandelen argiekin eta hauek inguruan sortzen duten argi parasitoa baliatu ditugu argiztapenean”.
Baina gatozen testuinguru pixka bat ematera. Sana (Eye Haïdara) protagonistak bere semeek udaberriko oporrak izan ditzatela nahi du, baina asmo guztiek porrot egingo dute. Ez du dirurik. Baditu, ordea, senar ohiaren gurasoen oporretako etxetzarraren giltzak. Elkarrekin, Rivierako etxe horretan geratzea erabakiko dute, inori ezer esan gabe. Sei egun eguzkitsu, inozentziaren amaiera markatuko dutenak.
Zuzendariak azaldu zuenez, “gidoia nire haurtzaroko bizipenetan oinarrituta dago, nire ama dibortziatu berriak aiton-amonen etxera oporretan eraman gintuen ezkutuan. Sekulako abentura sekretua izan zen. Eta egoera honek —gaineratzen du—, zer pentsatu eragiten du. Gauzak ezkutuan egin beharrak suposatzen duen izugarritasunaz dihardu pelikulak”.
Laffoseren zuzendaritza bikaina da aktoreekiko gertutasunean; hezur-haragizko filma da. Gidoia, Chloé Duponchellerekin batera idatzia, desfokuratze oso indartsu eta eremu sakontasun txikitan oinarritzen da, hasieratik gorputzen eta paisaia fisikoaren arteko liskarra markatzen du, non ez bata ez bestea ez diren inoiz egokitzen. Erritmoari eusten dio, eta ez du filmaren iraupena luzatzen esan beharreko dena esanda dagoenean.
Aktoreek sendotasun handiz eusten diote filmari. Eye Haïdarak, amaren rolean, ahultasuna eta indarra ematen ditu neurri berean; semeak bikain daude beren naturaltasunean; inoiz artifizial sentitzen ez den drama bat indartzen dute ñabardura apenas sumaezinekin.
Joachim Lafosse belgikarrak ahalegin berezia egin du bilbea haurren eta amaren begiradatik kontatzeko. Hortaz, esango genuke sentsazioak direla heltzen zaizkigunak: ume bikote bihurriaren eta horien ama nekaezinaren oporraldi ezkutua dira pelikula honen benetako arima.
Sergio Basurko