"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Gizartean bizitzeko zein mundua ulertzeko hamaika modu daude, bakoitzak beretik, baina sentimendu batzuk batu egiten gaituzte; maitasunak edo beldurrak, esaterako. Are zehatzago, bakarrik geratzearen beldurra edota gurasoak desagertzearen aurreko beldurra.
Aita-alaben arteko harremana erdigunean ipini eta ikuspuntuak aldatzeko erabaki hartu du Jone Fantova bilbotarrak Jone, batzuetan ESCAC-eko Opera Primatik sortu den zuzendariaren lehenengo luzemetraian. “Hiru abiapuntu genituen: Bilboko jaietan grabatzea, amodio istoriotxo bat agertzea eta familia barneko istorio bat egotea”. Hiru elementu horiek uztartzearen emaitza izan da Fantovak modu kolektibo batean egindako filma.
Bere aitaren gaztaroko egunerokoetatik abiatuta sortu zen proiektua, hala nola, gurasoak beste ikuspuntu batetik ezagutu eta ulertzearen ariketa eginez. “Eguneroko horietan ez zen errebelazio handirik egon, baina idazteko moduari erreparatzean, bere beldurrak eta desirak irakurtzean, berarekin partekatu ez nituen bizipenak aurkitu nituen. Gurasoak ikuspuntu horretatik ezagutzean bazegoen zerbait berezia”.
Ohikoena ez den arren, hamar edo hamabi laguneko talde batekin atera du aurrera proiektua bilbotarrak, hain zuzen ere, azken unera arte ez duelako instituzioen laguntzarik jaso. “Normalean egoten diren hirurogei edo hirurogeita hamar laguneko lan taldeekin alderatuta lan talde txikia izan dugu, baina horrek gauzak erraztu dizkigu kasu batzuetan: komunikatzeko orduan eta Aste Nagusian grabatzeko orduan, esaterako”. Lantaldea oinarri, proiektua aurrera ateratzeko Bilbo Zaharreko sarea “ezinbestekoa” izan dela aipatu du.
Bigarren proiektu bati begira errodaje eredu ohiko batekin apurtu eta askatasun gehiago eskaintzen duen grabatzeko modua mantentzea desira du Fantovak, lan egiteko modu xume baten alde agertuz. “Hemen sortu den egiteko modua ez galtzea gustatuko litzaidake. Filmek bizirik egon behar dute eta prest egon behar dute ezustekoei aurre egiteko eta moldatzeko”. Erosotasunetik ateratzen gaituen heriotzaren gaia mahaigaineratzea lorpena litzateke berarentzat. “Heriotzaz hitz egitea ezinbestekoa da. Heriotzari buruz hitz egiten duzuenean, nahitaez bizitzaz hitz egiten duzulako”. Heriotzaren aurreko beldurrak, sarritan, izan ohi duen ezjakintasunaren aldeko erantzuna komunikazioa dela argituz: “Hitz egiteak doluak hobeto egitea errazten du eta gure inguruan daudenek zer nahi duten jakiteko ezinbestekoa da”.
Familia eta lagunak dira filmaren erdigune, eta ez da ausaz izan. Fantovak opari bat eskaini nahi izan die eta, hain zuzen ere, hori bilakatu da helduleku proiektua aurrera eramateko bidean. “Zailtasunak agertzean filma norentzat egiten ari nintzen pentsatzen nuen, ‘film hau ama, aita, ahizpa eta lagunentzat egiten dut’ esaten nion neure buruari”.
Malagako Zinemaldian (Epaimahaiaren sari berezia), Bartzelonako D´A Jaialdian (Impulso Colectivo saria) eta Mallorkako Atlantida Film Jaialdian(Sari nagusia) txalotua izan den bilbotarraren lehen lanak Bilboko Aste Nagusian abiatu zuen bidea Donostiako zinemaren aste nagusian borobilduko du.
Naia Aratzamendi