"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Karmele eta bere familia Frantzian babestu dira gerraren ondorioz etxetik kanporatuak izan ondoren. Bertan, Karmelek Txomin ezagutuko du, tronpeta-jotzaile profesionala berau. Venezuelan bizi ondoren, bikotea etxera itzultzen da diktaduraren aurka borrokatzeko. Horixe kontatzen du Kirmen Uriberen “Elkarrekin esnatzeko ordua” eleberrian oinarritutako filma, Urresti-Letamendi familiaren benetako bizitza gogoratuz.
Asier Altuna zuzendariak kontatu duenez, “liburua irakurri nuenean, txunditu egin ninduen Letamendi-Urresti familiaren historiak. Harrigarria da zenbat ekintzatan parte hartu zuten eta zenbat abentura bizi izan zituzten: frankistek etxetik bota, erbestea, II. Mundu Gerra, Paris, Venezuela, espioi lanetan hasi… Izugarrizko material mordoa zegoen Kirmenen obran, film baten batez besteko iraupenak barnean hartzeko ezinezkoa. Hartara konturatu nintzen –gogoratzen du Altunak–, ez nuela dena kontatu behar, ez zegoela dena esan beharrik. Istorioa pertsonaien bidez kontatu nahi nuela”.
Uribe pozik dago Altunak bere liburuaz egin duen moldaketarekin, “oso ederra da Asierrek egin duen irakurketa. Gehiago jo du pertsonaiengana, beldur sentipen eta poz txikietara”, adierazi du. “Halako historiak belaunaldiz belaunaldi kontatzen diren horietakoa da. Agian iraganaren zantzuak izan ditzake, baina gaur egun Palestinan gertatzen ari denarekin, zentzu handia daukala iruditzen zait”, airean utzi du pilota idazleak.
Jone Laspiurrek eta Eneko Sagardoyk abesten, dantzatzen eta instrumentuak jotzen dituzten pertsonaiak interpretatzeko erronkari aurre egin zioten. “Eskolaz kanpoko filmaketa bat izan zen, ez nuen inoiz pentsatu tronpeta jotzen ikasiko nuenik”, azaldu du Enekok.
Laspiurri, Karmeleren rolak arrasto handia utzi dio –“nire ibilbide laburreko erronkarik handiena izan da”–, bereziki bere amonak eta “kultura sortu zuten, oso indartsuak izan ziren eta orain arte aipatu ez diren emakume asko oso gogoan izan ditut. Garrantzitsua da haien eginbidea aintzatestea”. Sagardoy bat dator iritziarekin, eta pozik dago istorioak emakume baten ikuspegia ematen duelako: “duela urte batzuk gudari tronpetista eta espioi bati buruzko film bat izango litzateke”.
Nolanahi ere, ezin aipatzeke utzi filmaren alderdi artistikoa. Bikainak dira KUP koruaren eta Argia dantza taldearen agerraldiak. Baita, besteak beste, Eñaut Agirre bertsolariaren interpretazio zoragarria pelikulako eszenarik seduzitzaileenean. Edota pertsonaia nagusiei sostengua ematen dieten Kepa Errasti eta Iñaki Beraetxe aktore saiatuak.
Donostian aurkeztu ondoren, filmak bere ibilbideari ekingo dio eta oraingoz Aljeriako eta Argentinako jaialdietara joango da. Altunaren ustez “oso bertakoa eta oso gurea den zerbait kontatzen badugu ere, istorio unibertsala da, eta Euskal Herritik kanpo ikuslearentzat erakargarria izan daitekeela uste dut”.
Sergio Basurko