"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hiru etorkin hil dira Ziburun trenak harrapatuta. Beste pertsona migratzaile bat desagertu da Bidasoan. Bidasoan itota agertu zen gazteak hemezortzi urte zituen. Bidasoan hogeita bost urteko migratzaile bat hil da. Albistegietako titularrek etxe ondoan gertatzen ari denaren berri ematen digute, baina oraindik ez gara jabetu egoeraren larritasunaz.
Goiz batean egunkaria eskuartean hartu eta gosaltzen ari zen bitartean titular bat irakurri eta gosaria kontrako eztarrira joan zitzaion Asier Urbieta zuzendariari. Hor abiatu zen Faisaien Irla filmaren ibilbidea. “Ez nekien nire etxetik hain gertu hau gertatzen ari zenik” eta, behin egoeraz jabetuta, kontatzeko beharrari jarraitu zion Urbietak.
Dokumentazio lanetan murgiltzean erabaki zuen gertatzen ari zena fikzio baten bitartez jorratu nahi zuela, hain zuzen ere, gertatzen ari zen hori gizarteari ez zitzaiola hel-tzen somatu zuelako. Horren aurrean, modu emozionalago batetik ailegatu nahi izan du jendearengana. “Kontatzen ari dira baina ez dugu ikusi nahi, horregatik aukeratu nuen fikzioa”.
Abiapuntu horrekin, filmak Espainiar estatuaren eta Frantziar estatuaren artean kokatutako muga du erdigune, Jone Laspiur eta Sambou Diaby bikotearen artean sortzen delarik filmaren konflikto nagusia, egoera kritiko baten aurrean modu oso desberdinean jarduten dutelako. Gatazka horretatik aurrera filmak hari mutur asko eskaintzen ditu solasteko.
Filma Goteborgen estreinatu zenetik Malagako zein Bartzelonako jaialdietan ikusi ahal izan da, tartean. Horrez gain, filmaren helburua jendearengana heltzea izanik, herriz-herriko emanaldiak egin dituzte, horietatik asko solasaldi batekin osatuta. “Gai honen inguruan hitz egiteko eta gaia azaleratzeko egin dugu filma”.
Faisaien Irlaren bitxikeria “oso zinematografikoa” iruditu zitzaion zuzendariari eta aitzakia bide erabilita lurraldeari buruzko eztabaida jartzen du erdigunean. “Lurra norena da? Nik zergatik daukat kanpotik datorren pertsona batek baino pribilegio gehiago lur honekin, hemen jaio naizelako? Badirudi lurra gurea dela eta guk erabakitzen dugula pertsona bat sartu daitekeen edo ez, ni ez nago horren alde”.
Filma estreinatu zenetik ibilbide sendoa egin du eta oihartzuna izan du, azken finean, filmaren helburua hori izan baita. Urbietak ez dio gehiegi eskatzen ikusleei: “Gaiari buruz hausnartzen badute, gu pozik”. Mundua ez baita egun batetik bestera aldatzen, baina gauzak uneoro aldatzen ari dira. Hortaz, alez ale egin daiteke bidea, filmean Jone Laspiurren pertsonaiak, Laidak, argi proposatzen duen bezala. “Pertsona bat laguntzea gutxi iruditzen al zaizu?”.
Naia Arantzamendi