"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Donostia bueltatzeko hiria dela esan ohi da eta baieztapen horren erakusle dugu Anne-Dominique Toussaint aktore eta ekoizlea, hain zuzen ere, hamabigarrenez baitugu gurean. Orain arte bere filmekin parte hartu du Donostia Zinemaldian, baina aurten bestelako betekizun batekin dator eta “bereziki hunkituta” dagoela aitortu du.
1990ean Les Films des Tournelles ekoiztetxea sortu zuen eta bertan hogeita hamar film ekoitzi zituen. Bere filmografiak zuzendari berrien lehen lan asko biltzen ditu, lehentasun bilakatu baitu Toussaintek Frantziako zein atzerriko zinemagileen ikusgarritasuna bilatzea.
Ekoizle bezala egunerokotasunean “instintiboki” jokatzen duela aitortu du, zuzendarien nortasuna bereziki interesatzen baitzaio. “Ekoizle bezala desioaren antzeko zerbait somatzen dut proiektuekin, irrazional samarra izan ohi dena”. Baina epaimahaikide bezala bestelako prozedura bat jarraitzen duela dio. “Epaimahai bezala film bat zergatik gustatzen zaizun azaldu behar duzu, zure pentsamendua egituratu eta besteekin iritziak trukatu. Oso ezberdina da jokatzeko modua”.
Gainontzeko epaimahaikideekin “giro paregabea” dagoela aitortu du, eta pertsonalki epaimahaikide gisa ikuspuntuak trukatzearen aberastasuna gustuko duela: “Zazpi epaimahaikide errespetagarri bezain interesgarri gara, eta bakoitzak bere ikuspuntu propioa du”. Gainera oraindik ez dira filmen inguruko eztabaidan sartu, baina elkarri entzutea oinarri izango dutela baieztatu du, errespetu handia baitiote elkarri.
Filmak ikusten hasiak dira jada eta hautaketa “bereziki ona” egin dela nabarmendu du, kalitate bikaina baitago. Gainera, interesgarria iruditu zaio aurkeztutako filmen artean kezka amankomunekin topo egitea. “Urte zinematografiko berberean herrialde ezberdinetako filmetan kezka amankomunak daude, eta bitxia da testuinguru oso ezberdinak izanik ere kezkak bat etor daitezkeela”.
Film batean hamaika ñabardura aurkitu daitezke eta bakoitzak bere interesekoa den horretan jarri ohi du begirada. Ekoizlearen kasuan, ez du gauza bakar bat bilatzen baina hizkuntza zinematografikoren bidez interesa pizten dioten gauzetan jartzen du arreta. “Gure lanaren alderdi interesgarrienetako bat iruditzen zait, pelikula batek aurkezten duen gaiaz gain, erabiltzen duen lengoaia zinematografikoa baloratzea”.
Lana polita da, baina erantzukizun handikoa, film baten ibilbideari eta etorkizunari buruzko erabaki bat hartzen baita. “Foku bat jartzen dugu film baten gainean. Ekoizle gisa, beste aldean egon izan naiz, eta badakit film bat zinemaldi batean aukeratua izateak zer suposatzen duen. Horrelako sari bat irabazteak film baten ibilbidearen %30a suposatu dezake”.
Saria jaso beharrean esleitzearen ardura bere gain hartu eta lanaz zein Donostiaz gozatzeko unea da orain. “Ardura gain hartuta, film zirraragarriak ikusi, hiriaz gozatu eta bereziki ondo jateko aukeraz gozatzeko unea da. Epaimahaikide bezala asko zaintzen gaituzte eta hori asko eskertzen da”.
Naia Arantzamendi