"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Lehen ere Zinemaldian egonak dira Yutaro Seki eta Kentaro Hirase zuzendariak, hain zuzen ere, 2022ko New Directors sailean Roleless lanarekin parte hartu baitzuten. Aurten, SAI: Disaster lana dakarte, izen bereko telesailaren translazio zinematografikoa. Bitxia da Sekik eta Hirasek lau eskutara zuzendu eta idatzitako proiektua. Alde batetik, sei atal eta bost orduko iraupena duen jatorrizko telesaila dago, joan den udaberrian Japoniako telebistan estreinatua, eta, bestetik, puzzle itxuraz Urrezko Maskorraren lehiaketara aurkezten duten bi ordu pasatxoko filma.
Donostian egun hauetan ematen ari diren filma telebistako telesailaren sintesi bat da. Honen pasarteak desmuntatu egin dituzte zinemako ikuslearentzat laburbiltzen duen muntaia baten bidez, ikus estilo soil eta atmosferiko batekin. SAI eta SAI: Disaster-ek erakusten dute film bat eta telesail bat bereizten dituena ez dela soilik iraupena. Izan ere, azaldu dute filma egiteko ez dutela gidoi berri bat idatzi, atal horietako zatiak josiz sortu dutela. “Puzzle itxura izan dezake, baina erronka bezala hartu genuen, horrela sortzea gustatzen zaigu”, azaldu du Seki zuzendariak.
Kontakizun bakoitzean hilketa bat gertatzen da, baina Sekik eta Hirasek indarkeria pantailan erakustea saihesten dute; horren ordez, arrastoak eta zantzuak ematen dituzte, ikusleari nor bere puzzlea osatzeko aukera ematen diotenak eta gizabanako bera den edo hainbat pertsonaia aktore berak interpretatzen dituen zinema-jokoa pantailaratuz. Misterioa eta beldurra nabarmentzen dira filmean, eta zuzendariek aitortu dute “beldur mota berri bat” islatzen ahalegindu direla: “Ez daude beldurrezko eszenak, baina ez da beldur zuzena, zeharkakoa da, eguneroko gauzak pasatzen dira, eta eszena horiek beldurra sortzea lortu dugu. Beldur ikusezin bat”.
Zerikusirik ez duten lau pertsona aurkezten zaizkigu, bakoitza bere hirian, bakoitza bere bizitzarekin, gizon misteriotsu batek lotzen ditu, guztietan agertzen baita Teruyuki Kegawa, guztietan pertsonaia ezberdin bat antzeztuz. Film hasierako eszenan dakusagunez, hondamendi naturalez hitz egiten du pelikulak: “Japonian asko daude, tsunamiak, lurrikarak, gaixotasunak... eguneroko kontua dira, eta hori ere islatu nahi genuen. Antzezle nagusiari ere hondamendi natural baten gisako hiltzailea agertzeko eskatu genion”.
Trametako batek krimen batzuen ikerketa jarraitzen badu ere, SAI: Disaster ez da polizia-generoan sartzen. Kronika beltzaren, pertsonaien azterketaren eta erretratu sozialaren artean mugitzen da filma, baina bere anbiguotasunak zaila egiten du genero jakin batean sailkatzea. Narratiba zatikatuak eta misterioaren eraikuntza progresiboak bizitza arruntaren ezegonkortasuna nabarmentzen dute ustekabearen aurrean, eta azken zatian bakarrik azaleratzen dira gertakarien denbora-erlazioa eta haien kronologia, eta, pertsonaietako baten testigantzaren bidez, obraren tesia eta helburua iradokitzen dira.
Sergio Basurko