Beraien aurretik ez gizakirik ez gizakien asmakizunik existitu ez zirela sinestun huts eta hutsalak direnek filmen prekuelak gaur egungo zinemagintzaren kontua direla uste eta aldarrikatzen dute, istorio berriak asmatzeko gaitasuna galdu dugula oihuka, oihuka aienetan. Auskalo non, auskalo noiz galdu ere galdetuz. Erantzunik aurkitu barik.
Beste hamaikak oker daudela badakigu. Ederki asko gainera. Zineman beti izan dira prekuelak, sekuelak eta atalez atal ikusten ziren, diren, pelikulak. Frogarik eskatzen badizuete, gonbida itzazue fedebako horiek, geroxeago (1959an) Rock Hudsonen eta Doris Dayen Pillow Talk sinatuko zuen Michael Gordonek elegantziaz eta jakinduriaz bideraturiko 1948ko Anothe Part of The Forest hau ikustera. Hemen, William Wylerren Little Foxes-en gertatuko den tragedia aurreikusten dugu, hemen, argi eta garbi uzten du gidoiak Hubbardtarren malezia aspalditik zetorrela; hemen Patuak zergatik jo zuen horren gupidagabe Reginarekin, Oscarrekin, Benekin azaltzen da. Hemen, gaiztakeriak belaunaldiak zeharkatzen duen bizitzeko eta bizitzan jokatzeko modu bat, gaitza genetiko bat, agian, dela antzematen dugu.
Lilian Hellmanek biak idatzi zituen. Antzerkirako. Hau 1946an, Little Foxes, berriz, 1939an. Bietan Hubbardtarrak protagonistak. Baina hemen ezagutzen ez genituen Marcus eta Lavinia senar-emazteak agertzen dira. Regina, Oscar eta Benen aita eta ama dira. Laviniak penetan emango du film osoa behin batean sakon maite zuen gizona munstroa bilakatu delako. Diru gosez, botere egarriz, azpikerietan pasa du bizitza osoa inoren aurrean errukior agertu gabe. Negozio zikin-zikinetan ibili da beti, jaio zen pobreziatik eskapatu nahian. Ez du berriro ere inor bere gainean izango. Estatu Batuetako Gerra Zibilean, bando batekin eta bestearekin egin zituen negozioak. Gazte fin pila hil ziren berak, ahalik eta mozkin handiagoak buruan beti, bultzaturiko segadetan…
Herriak ezinbestekoak zituzten produktuekin (gatza esaterako) maltzur jokatzen zuen, prezioak bere nahieran igoz…
Nolako zura, halako ezpala. Bai seme biek bai alabak Little Foxesen aitaren krudelkeria gaindituko dute. Hemen, berdintzen dira hasiak…
Frederich Marchek antzezten du Marcus Hubbard eta bizitza errealean emazte zuen Florence Eldridge antzerki aktore finak Lavinia gaisoarena egiten du. Bukaera aldera erreibindikatzen du bere burua. Altu, ozen, prestu, lehendiziko aldiz beldurra ez duela aldarrikatuz. Patuak ederki daki, askotan, nor zigortu, nor laztandu.
Anothe Part of the Forest zuzendu zuen Michael Gordon McCarthy senatorearen Sorgin Ehizaren biktimetako bat izan zen. Kostata bueltatu zen antzerkia a eta pelikulak egitera, bere kasuan Patuak gaizki eta oker jokatu zuela, nork ukatuko?
Askoz sinesgaitzagoa filmaren gidoia sortu zuen Valdimir Poznerren biografia. Judua zen, sustraiak Errusian edukita, frantziarra zen nazionalitatez. Aita Rosa Luxenburgoren taldekidea izan zen eta bera, Vladimir, komunista, Alderdikoa. Hitlerrek Alemaniako herri kasik osoaren nahia bereganatu bezain pronto hasi zen Polzner ihes egin nahi zutenak laguntzen. Arrisku handian zela Europan, Estatu Batuetarako bidea hartu eta batek daki nola, Hollywoodera iritsi, Gaurko pelikularenaz gai, Robert Siodmaken Dark Mirroren gidoia idatzi zuen eta Oskarretarako izendatua suertatu. Berarekin Patuak asko arriskatu zuen… beti.
Hori zen garai hartako Hollywoodeko giroa, iheslariek errefuxiatuek, zigortuek gizaki ankerren kontra egiten zuten kameraz eta lumaz. Gora Lavinia. Biba, noizbehinka bada ere, atrebituen eta zuzenen alde jokatzen duen Patuak.
Begoña del Teso