Eloy de la Iglesia zinemagilearen historia berrartu du Gaizka Urresti zuzendariak, horretarako Eloyren hitzak, bere familiaren testigantza eta bere filmografia erabiliz. Eloy de la Iglesia, adicto al cine dokumentalak zarauztarraren irudia aldarrikatzen du, aurreiritzietatik haratago.
Nola sortu zen dokumentala egiteko ideia?
Proiektu honek ibilbide luzea du. Altube Filmeak ekoiztetxeak dokumental bat egin nahi izan zuen Eloy hil ostean, baina ez zuten finantzaziorik aurkitu. Duela urte batzuk RTVEk baiezkoa eman zuen eta hor proposatu zidaten proiektua gidatzea. Nik ez nuen Eloy bera ezagutu, baina zinemazale gisa jarraitzen nuen, urrutia iristeko aukerak zituen euskal zuzendariaren jarraitzaile nintzen. Egia esanda, filma aurrera ateratzeko arazo asko izan ditugu, inork ez zuen parte hartu nahi.
Zergatik uste duzu ez dagoela pertsonaia horrekiko interesik?
Bizitzan, eta agian heriotzan ere, pertsonaia deserosoa izan da. Gure gizartearen eta arimaren alde iluna erakutsi zuen, eta askotan gai horiek ekidin egiten ditugu. Hala ere, mundu guztiak onartzen du bikaina dela. Dokumentalean Eloyk berak dio “heroinomanoa naiz, baina baita komunista, marikoia eta zinemagilea ere”. Uste duzu gizarteak berari buruz duen ikuspegiak ez diola justizia egiten? Asko estigmatizatu zuen, naiz eta berak horri ihes egin nahi izan zion. Izan ere, biografoak esaten duen bezala lau urte egin zituen heroinari lotuta, baina irudi hori betirako geratu zitzaion. Batez ere 80ko hamarkadatik aurrera egin zuen zinema motagatik. Egia da istorio horrek zinemagilearen ibilbidea itzalean utzi zuela. Hala ere, bere zinemak oraindik ere lilura sortzen duela errealitate bat da, gazteen kasuan, esaterako; gaur egun zineman aurkitzen ez duten urrats-hausketa topatzen dute Eloyren zineman.
Dokumentalaren bidez zein ekarpen egin nahiko zenioke pertsonaia honen iruditegi orokorrari?
Pertsonaia ulertzea gustatuko litzaidake. Eloyk zapalkuntzaren aurka agertzeko modu gisa erabili zuen zinema, eta bere izaeragatik, berak esandakoagatik eta bere filmengatik pertsona bera ulertzea gustatuko litzaidake. Argiak eta itzalak izan zituen pertsonaia horren sufrimendua ulertzea. Bere zinema aldarrikatu nahiko nuke, baina baita bere pertsona ere.
Zer zenekien Eloy de la Iglesiari buruz dokumentatu aurretik eta zerk harritu zaitu gehien bilaketan?
Nik zuzendari toxikomanoaren ideia nuen, eta dokumentazio prozesuak leku deseroso batean jarri nau, baina ulertu egin dut. Eta azkenean maitatu ere egin dut.
Zein bota duzu faltan dokumentalean edo nork uste duzu egon beharko, ezin izan bada ere?
Pertsonaia eztabaidagarria da eta pertsona batzuk ezezkoa eman dute. Uste dut emakumeak falta direla dokumentalean. Baina azkenean, filmak “egin genezakeenaren fruitu dira” esaten diot neure buruari, eta hortaz, ahal genuena egin dugu.
Eloyren zinematografiaren zatirik latzena kontuan hartuta, zeure burua autozentsuratu al duzu?
Bai. Berak ez du bere burua defendatzeko aukerarik izan, hortaz, ekarpenik egiten ez duen hori kanpoan utzi dut.
Zer suposatzen du zuretzat dokumentala Zinemira sailean sartu eta Irizar Sarirako hautagai izateak?
Pozgarria da, batez ere, sarirako hautagaiak nortzuk diren ikusita. Ohore bat da beraien ondoan egotea.
Naia Arantzamendi