"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Bart arratsean, Kursaaleko agertoki nagusian, Epaimahaiko buru Juan Antonio Bayona arduratu da Jennifer Lawrenceri aurtengo bigarren Donostia saria emateaz. Izugarrizko dohainak dituela azpimarratu du eta publikoarekin “iman bat” duela esanez zera aitortu du: “Bere teknikak moldagarritasun miresgarria dauka; izan daiteke lasaia eta zorrotza, grinatsua eta sotila”. “Izan daiteke Lauren Bacall, baina baita Gena Rowlands ere, eta biak batera film berean. Nahi duena izan daiteke, egiaz betetzen baitu egiten duen guztia”.
“Nik baino lehen, Meryl Streepek, Pedro Almodovarrek, Lauren Bacallek eta beste artista batzuek jaso dute sari hau. Hau zoriona eta lilura nik ere sari hau jasotzea! Haien ekarpenek eta ausardiak zinema markatu dute, eta bizitza osoan inspiratu naute, bai pertsonalki eta bai sormenari dagokionez. Beraz, ia ezin dut sinetsi ere egin artista horietako bat naizela. Eskerrik asko. Ezin bereziagoa da. Ohore handia da”, esan du.
Zinema-jaialdi honetan, munduko bazter guztietako istorioak kontatzen dira eta horiei esker, sarituaren iritziz: “Gainerakoei buruz ikas dezakegu, esperientzia emozional bat parteka dezakegu eta, batzuetan, unerik egokienean ohartzen gara ematen duena baino lotuago gaudela”. Zinemaldiari eskertu dio “ohore handi” hau eta, bere ustez, “oso berezia da” Zinemaldian egotea: “Hemen jendeak benetan maite du zinema: kontakizuna, artea eta filmen arima”.
Maria Aranda Olivares, Sergio Basurko, Andrea de Toro