"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Zinemaldiaren 73.edizioak, euskaraz egindako lau film ertainen zaharberritzea aurkezteko balio izan du: Hamaseigarrenean aidanez (Anjel Lertxundi, 1985), Ehun metro (Alfonso Ungría, 1985), Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano, 1986). 4Kn egindako zaharberritzeak Euskadiko Filmategiak gidatu ditu, eta EITBk (Euskal Irrati Telebista) -eskubideen jabea- eta Euskadiko Filmategiak finantzatu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren babes orokorrarekin. Zaharberritze-prozesuak Bolognako L’Immagine Ritrovata laborategian egin dira berriro, zuzendarien ikuskaritzapean eta oniritziarekin.
Zergatik panpox (Xabier Elorriaga) eta Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano) dira gaur protagonismoa hartzen duten biak. Lehenengoa Irati Filmak enpresaren hiru film ertainen hasierako proiektuaren parte da. Elorriagak Arantxa Urretabizkaiaren eleberri laburra moldatu zuen, azken hamarkadetako gure idazlerik nabarmenetakoa. Eleberriak, senarrak abandonatu eta laguntzarik gabe semearen zaintzaren ardura hartu duen emakume baten barne-gogoeta eta bakarrizketak kontatzen ditu. Elorriagak, zuzendaritzatik, Arantza Renteriak protagonista gisa egindako interpretazio bikainari etekina ateratzen jakin zuen, baita Hans Burmannen argazkirako eta Pascal Gaigneren eta Amaia Zubiriaren musikarako talentuari ere. Pelikulak oso irakurketa gaurkotua du, feminista, arrastoa uzten du eta ez litzateke harritzekoa izango duela mende erdi baino gehiago Zinemaldian aurkeztu zen beste euskaldun batek zuzendutako film luze batekin lotzea: La femme de Jean (Yannick Bellon, 1974).
Oraingoz izen gabe (José Julián Bakedano) filmaren kasua desberdina da, ez baitzen Irati Filmak taldearen hirukotearen parte izan. Zuzendari durangarra fikzioaren arloan murgildu zen lehen aldiz, Borgesen “La intrusa” izeneko ipuin labur bat, zinerako moldatu zezala eskatu zion Bernardo Atxagari. Prostituta bat haien bizitzetara iritsitakoan bizikidetza zeharo aldatuko zaien bi anaien istorioa da, halako gatazka hirukoitz bat eragiten duena: sexu-identitatea, anaiarteko maitasuna eta generoen aurkakotasuna. Hamar egun eskaseko filmaketa oso azkarra egin behar izan zuten, profesionalak ez ziren aktoreekin, Luis Iriondoren kasuan izan ezik. Eta agian deigarriena Bakedanok zineman dramatizatzeko orduan euskarak gabeziak izan zitzakeela zioen hipotesiari kontra egiteko egin zuen ahalegina izan zen. Horretarako, euskara ez-normalizatua erabili zuen, bizkaiera, interpretazioetan naturaltasun handiagoa bilatuz, atmosfera ez batere idiliko eta bortitz batean kontraste joko tirabiratsu bat garatzeko.
Beti esaten dugu zaharberritzea filmei bizitza berria ematea dela, eta hau ez da salbuespena. Film ertain hauek berriro argitara ateratzea, ahalik eta baldintza onenetan ikusi ahal izateko, albiste bikaina da, eta, horren ondorioz, lehendik ezagutzen zituztenek irakurketa berriak egingo dituzte, eta orain aurkitzen dituztenek harritu egingo dira. Euskal zinemak baditu bere klasikoak. Eta klasikoek behin eta berriz erakusten digute film baten modernotasuna ez dagoela filmatua izan zen unearen menpe eta gaiak oso gaur egungoak izan daitezkeela duela berrogei urte baino gehiagoko filmetan.
Joxean Fernández