"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Rashid Masharawi zinemagileak Palestinako errealitate zibilaren erretratu itxaropentsua irudikatu du Layla’s Birthday filmak irauten duen 70 minutu eskasetan.“Palestinarrek eguneroko bizitzan jasan behar dugun nahasmen-egoera deskribatzen saiatu naiz”, azaldu zuen zuzendariak; zeinak taxi-gidari gisa lan egitea beste erremediorik ez duen epaile baten begien bitartez, Ramalako eguneroko bizitzaren gora-beherak pantailara eraman dituen.
Egun bakar baten kontakizuna, protagonistaren alabaren urtebetetzearena, besterik ez du baliatu Masharawik, etengabeko anabasan bizi diren herrialde okupatuen erotzeko moduko egunorokotasuna bere gordinean erakusteko.
“Hobe dugu azken 60 urteotako zapalketa egoerak herri xehearekiko izan duen eragina irudikatzea, gatazka bera aztertzen eta analizatzen ibiltzea baino”, iritzi zuen zauzendariak.
Palestina, Holanda eta Tunisiaren arteko koprodukzio honek nolabaiteko ironia kutsua barne du; eta bertan, argi eta garbi erakusten dira bai “Palestiko egoera zentzugabea” eta orobat zinegileak istorioari gehitzen dion amaiera itxaropentsua.
Zine-areto bakarra milioika ikuslerentzat
Masharawik nazioarteko sona bereganatu du zinema jaialdien zirkuituan bere ibilbidea palestinar zinema industria urriaren altzotik abiatu arren: “Kontuan hartu beharra dago, gaur egun, 4,5 milioi biztanleentzako zinema-areto bakarra daukagula”, azpimarratu du zuzendariak.
Hori dela eta, lan hau ez da zinemako berariazko baliabide teknikoekin filmatu, “proiektua gorpuzten den heinean filmaketarako beharko dugun materiala, gailu eta tresneria zaharretatik birziklatzen saiatzen gara”, azaldu zien zinegileak prentsaurrekora bertaratutako komunikabideetako ordezkariei.“Film berri bati ekiten diogun bakoitzean ustekabez beteriko abentura batean murgiltzen gara”, esan zuen.
Filmak herritarren eguneroko bizitza du hizpide Palestinako gatazka bera baino, zuzendariaren arabera Al Fatah-ren eta Hamasen arteko barne gatazkak ezinezko bilakatzen du Israelekin dagoen liskarrari konponbide bat ematea: “Geure artean bakea lortzeko gauza ez bagara, nola demontre lortuko dugu hamarkadatan zehar zapaldu gaituen beste herrialde batekin bakea lortzea?”, galdetu zuen zuzendariak bere artean.
S.B.