"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hasiera batean behintzat harrigarri samarra egin ahal zaie Happy-Go-Lucky pelikula Mike Leigh-en filmografia hasieratik jarraitu duten zinezaleei. Orokorrean esan liteke bere aurreko pelikula gehienak azken hau baino dexente dramatikoagoak direla, gehienetan auzo langileetan kokatuak eta ikuspuntu kritiko batetik egindakoak. Hemen, berriz, protagonista pertsona zoriontsu bat da, zoriontsuegia agian, zoriontasunaren aldeko militante bat ia, munduko arazoei irrifar kutsakor batez aurre egiten diena. Inork pentsa lezake Leigh maitemindu egin dela eta horregatik atera zaiola horren pelikula baikorra. Edonola ere, ongi begiratzen bada, baikortasunaren ondoan bada puntu mingots bat ere, beti topatzen baitira arazoak dituen jendea, sufritzen duten umeak edo beren patua onartu nahi ez duten helduak.
Poppy protagonistak ez du deusen aurrean aurpegi txarrik jarriko, ezta txirrindula lapurtzen diotenean ere. Hori gertatu zaionean gidatzeko baimena ateratzeko momentua iritsi dela pentsatu eta eskolak hartzen hasi da. Irakaslearekiko harremena pelikularen zati garrantzitsuenetakoa da, irakasle hori guztiz kontrakoa baita, jeloskorra, zekena, arrazista, hitz gutxikoa eta maniaz beterikoa, ia-ia soziopata bat. Alabaina, horrez gain badira filmak ukitzen dituen beste gai batzuk, esate baterako familian arazoak izaten dituzten haurrena. Eta ez dira falta hainbat eszena dibertigarri, batez ere flamenko klasearen ingurukoak.
Naked, Vera Drake, Secrets and lies edo All or Nothing gogoan izanda, zail samar egiten da Happy-Go-Lucky hau ere zuzendari berberak egin duela sinestea, baina hala da. Hainbat momentutan betiko Mike Leigh datorkigu gogora, adibidez Poppy eskale batekin elkartzen denean. Lagunen arteko harremanek, beste alde batetik, Career Girls filma gogorarazten dute. Baikorrago edo ezkorrago, nire ustez Mike Leigh-ek beti izan du erraztasun handia gaur egungo mundua erakusteko, eta berak aurkezten dizkigun pertsonaiak, kaleak eta egoerak oso hurbilak zaizkigu.
M.B.