"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Era askotako begiradei zuzendutako zinemaldia izango da aurtengoa, nork bere begiradari jarraituz, seguru aurkitzen duela jaialdi honetan non gozatu, hauxe Zinemaldiaren ateak zabaldu dituen galako mezu nagusia. Edurne Ormazabal eta Eduardo Noriega izango dira galaren aurkezleak eta besteak beste, Leticia Dolera, Quim Gutiérrez, Belén López, Verónica Sánchez eta Adriana Ugartek ere parte hartu dute aurkezpen lanetan. Txuri, gorri eta orlegi koloreak nagusi izan dituen agertokian, Olivia Williams aktoreak Fipresci saria jaso du Polanskiren izenean The Ghost Writer filmagatik, eta hari egotzi dio saritutako lanaren meritu guztia: “Roman egile osoa da, zentzu guztitan”. Eszenatokitik igaro dira, halaber, Realak gaur iluntzean ‘izarren’ Real Madrilen aurka izango duen neurketari keinu egin dion Diego Luna eta John Malkovich. Jarraian, gero eta garrantzi handiagoa duten ez fikzioaren bide berriak azpimarratu ditu Isaki Lacuesta zuzendariak.
Galan, bestalde, Epaimahai Ofizialaren buru Goran Paskaljevic zuzendariak oraintsu zendutako Claude Chabrol zinegilearentzat gogoeta hunkigarria izan du.
Azkenik, Cazalsek Chicogrande aurkeztuko du ekitaldiari amaiera eman eta Donostiako Zinemaldia ofizialki irekitzat emateko. Hizlarien arteko tarteak betetzeko, Dantzaz konpainiak parte hartu du ekitaldian.