"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Hamaika ikastola eta ikastetxek hartu zuten parte Zinemaldiak eskolekin hitzartutako Zinema Handiena Txikientzat programako lehen emanaldian. Euskarara itzulitako Nanny MacPhee and the Big Bang (Haurtzain miragarria eta Big Banga) ikusteko hitzordua hamarretan zuten jarria eta, ohi bezala, ordu erdi lehenago sekulako festa sortu zen aretorako sarbidean: sartu nahian zebiltzan haurrak alde batean, eta dagoeneko sartu eta, begiak zabal- zabal eginda, ingurunea miatzen ari zirenak bestaldean. Guztira Gipuzkoako hainbat bazterretatik etorritako bi mila haur eta, horiek gidatzeko, hainbat irakasle eta antolatzaile.
Azken hauen ekiteari esker, binaka, eskutik helduta eta txukun sartu ziren Belodromoko aretora. Gaztetxoen oihuen burrunba korridoreetako hormak zeharkatzen, azken orduan komunera joateko beharra suertatu zitzaion haurren bat eta, iskanbila handirik gabe, aise kokatu ziren euren eserlekuetan Donostia, Zarautz, Hernani, Azpeitia, Hondarribia eta beste
hainbat herritatik etorritako haurrak.
Futbol-zela bailitzan
Batzuentzat atzokoa izan zen Belodromoa bisitatzen zuten lehen aldia eta, gehien harritu zituena tamaina izan zen,“futbolzelai bat baino handiagoa agian”, aipatu zuen batek. Aurpegian igartzen zitzaien poza eta honen jatorria zinera joatean edo eskolatik ateratzean zegoen galdetuta, zinea gustuko dutela esan zuten gehienek (izan zen irribarre artean eskolara huts egitea oso gustuko duela aitortu zuenik), baina normalean gaztelerazko filmak ikusten dituztela azaldu zuten askok.
Behin eserita, pantaila erraldoiaren aurrean kokatutako dinamizatzaileak asmatu zuen haurren arreta erakartzen: energiak euren ikastetxearen izena entzutean jaurtitako oihuetan utzi zituzten eta “Zinemaldiaaaaaa!” oihuaz lagundutako giza olatuak ere izan zuen arrakasta. Hala pasa zuten azken bi taldeak kokatu arteko unea eta, 10.05ean, filma hasi eta ia-ia irreala zirudien isiltasuna nagusitu zen Belodromoan, haurrek, nahi dutenean, badakitelako portatzen.
Esan bezala, Susanna Whitek zuzendutako Haurtzain miragarria eta Big Banga ikusi zuten. Filmak Emma Thompsonen gidoia irudikatzen du eta bera da protagonista nagusia, haurtzain miragarria alegia. Baserrira iristean, bertako seme-alaben eta hiritik iritsi diren bi lehengusu lotsaganeen arteko liskarrak sumatuko ditu haurtzainak eta azken hauei sekula ahaztuko ez dituzten bost irakaspen emango dizkie. Lehen emanaldia amaituta gustura irten ziren aretotik
eta, Zinemaldiak irauten duen artean, beste hamaika ikastetxetako haurrek izango dute filmaz
gozatzeko aukera.
Amalur ARTOLA