"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Andrew Dosunmu Nigerian hazi zen eta bertan ikasi zuen. Yves Saint Laurenten laguntzaile gisa hasi zen lanean. Egin zuen lehengo fikziozko film luzea, Restless City, Sundanceko NEXT programaren barruan estreinatu zuten. Egun New Yorken bizi da, eta bertan filmatu eta girotu du bigarren film luze hau, Mother of George.
Filmeko protagonistak Adelike eta Ayodele nigeriarrak dira, eta Blooklynen bizi dira. Ezkondu ostean arazoak izango dituzte, ezin baitute seme-alabarik eduki. “Bikote baten ugalkortasun arazoei buruz hitz egin nahi izan dut, ez New Yorkeko nigeriar komunitateari buruz. Istorio klasiko bat da, hedaduraz unibertsala. Ingurunea, hori bai, Blooklyngo nigeriar auzunean kokatuta dago eta ni nerau bezalako immigrante baten ikuspuntutik kontatuta dago”, adierazi du.
Izan ere, Dosunmu Estatu Batuetako afrikar jatorriko aktore ezagunez inguratu da bigarren zinelan honetarako; hala nola, Isaach De Bankolé, Yaya Alafia (aka Yaya DaCosta) modeloa edo Danai Gurira (The Visitor bikaineko protagonistetako bat eta batez ere, The Walking Dead telesailan samurai sableaz zonbien buruak etengabe mozten dituen Michonne pertsonaia porrokatua).
Kontua da pelikulak egiten hasi aurretik, Dosunmuk musika-bideo ugari zuzendu zituela, tartean Isaac Haysenak, edo film honetan rol labur bat jokatzen duen Angélique Kidjo abeslari eta konpositore benindarrarenak. “Musika-bideoekin nolabaiteko izen ona lortu nuen ikus- ntzunezkoen munduan, bereziki lan hauen argazki bero eta koloretsuari esker. Hortaz, ez nuen zailtasun handirik izan pentsatuta neuzkan aktoreak filmera erakartzeko garaian. Oso aktore- errenda txukuna da, egia esan”, harro esan du.
Filmeko alderdi teknikoei begiratuta azpimarratzekoak dira zuzendariak baliatu dituen desfokuratzeak: “Nirea asmo nagusia ikuslearen begirada pertsonaiengana zuzentzea zen, horregatik, fokua haiengan ipintzen saiatu naiz, hauen ingurua desitxuraturik utzita. Alegia, garrantzia pertsonaietan dago, ez hauen ingurunean”, esan du.
S.B.