"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Beharbada, Oshimak gaizki neurtu zuen tiroa. Beharbada ez zuen ondo ulertu bestialismoa urrunegi zegoela kritikak onartu zezakeenetik, eta Max, mon amour, emakumezko diplomatiko baten eta tximu baten arteko maitasunezko istorio iradokitzailea porrot handia izan zen. Beharbada eskandalagarriegia zen, beharbada huraxe zen gainditu ezin zitekeen muga, askotan esan izan baita ama-semearen arteko intzestua eta bestialismoa edo zoofilia direla gaur egungo tabu sexualik oraindik indartsuenak; beharbada lanak ez zuen aurrekoen maila lortu, besterik gabe. Kontua da Max mon amour hau dela kritikak Oshimari inoiz barkatu ez zion filma.
Eta, hala ere, zinemagilearen ibilbide logikoaren ondorioa da. Jean Claude Carriererekin lanean hasi zenetik, surrealismo eta probokaziorako bidean beste koska bat igo beharra zeukan Oshimak. Carriere Buñuel zuzendari espainiarraren lankide estua izan zen, eta Buñuelek ikaragarri maite zuen surrealismoa eta probokazioa, ezaguna da. Horregatik, tximua etxerako ekartzen duen emakume ederraren istorio plegu askotarikoa ez da inola ere burugabea edo inprobisatua. Probokatzeko gogoa bezainbeste, gizonezkoaren voyeurismoa dago filmari eusten dion sortzezko bultzadaren atzean.
Eszena batek laburbiltzen du dena: emakumea, Charlotte Rampling ederra, biluzik dago ohean, eta halako batean izaren azpitik txinpantzea ateratzen da. Eszenak ez digu esaten zer gertatu den. Baina gizonezkoak ikusi egin nahi du, eta prostituta bat kontratatu du tximuarekin larrua jo dezan. Domaia: txinpantzea monogamoa zen.
ALBERTO BARANDIARAN