Donostia Zinemaldiaren hurrengo edizioan bigarren Sebastiane Latinoa saria emango da; iaz estreinatutako filmen artean, lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen aldarrikapenak eta balioak ondoen defendatzen dituen film luzearen saria.
Sari hau Zinemaldiaren apustu logikoa da, Latinoamerikako ekoizpenak beti babestu dituelako eta dagoeneko Sebastiane saria ematen zuelako. Azken hori sendotuta dago Zinemaldian, eta aurten, hamabosgarren edizioa beteko du; hamabost urte hauetan, zinema errealitate sexual eta afektibo guztien erreferente eta ispilu izatea izan da asmoa.
2013an, Sebastiane sariaren luzapen gisa sortu zen Sebastiane Latinoa. Roberto Fiesco mexikarraren Quebranto dokumentalak irabazi zuen.
Bigarren edizio honetarako, Sebastiane sariaren epaimahaiak, urtea osoan, sexu-dibertsitatea babesten duten film luze ia guztiak ikusi ahal izan ditu. Haietako bakarra aukeratuta ere, film horiek posible egin dituen jende guztiari babesa eman eta gorazarre egin nahi zaie sariaren bidez, eta horrez gain, Latinoamerikako zinemak LGTB kolektiboa defendatzearen alde egiten duen gero eta apustu handiagoari oihartzuna eman.
Epaimahaiak, era berean, bost pelikula finalistak nabarmendu nahi ditu: hiru Brasilen ekoitziak dira, beste bat Mexikon eta bestea Argentinan. Laster, pelikula irabazlearen izena jakinaraziko da.
TATUAGEM (TATTOO) (BRASIL)
Zuzendaria: Hilton Lacerda
1978. urtea. Brasilen 1964tik agintean dagoen erregimen militarra kolokan dagoela dirudi. Testuinguru horretan, hemezortzi urteko soldadu bat kabaret anarkista bat daukan intelektual batez maiteminduko da; bera baino zaharragoa den eta diktadura onartzeari uko egiten dion gizon batez.
PRAIA DO FUTURO (BRASIL-ALEMANIA)
Zuzendaria: Karim Aïnouz
HOJE EU QUERO VOLTAR SOZINHO (THE WAY HE LOOKS) (BRASIL)
Zuzendaria: Daniel Ribeiro
Leonardo nerabe itsua da, eta beste edozein nerabe bezala, bere tokia bilatzen ari da. Independenteago izan nahian, bere mugen eta amaren gehiegizko babesaren kontra borrokatu beharko du. Berarengandik urrundu nahi ez duen Giovana lagun minaren atsekaberako, Leonardok egunerokotik ihes egiteko trukaketa-bidaia bat antolatuko du. Baina ikastetxera ikasle berri bat, Gabriel, iristean Leonardori ordura arte ezagutzen ez zituen sentimenduak piztuko zaizkio eta mundua beste era batera ikusaraziko diote.
AMAR ES BENDITO (ARGENTINA)
Zuzendaria: Liliana Paolinelli
Mecharen eta Ofeliaren bikote-harremana krisian dago, eta hirugarren emakume bat agertzean, lehertu egingo da. Mechak Juliari maitalea utziko duela aginduko dion arren, ezinezkoa zaiola konturatuko da; era berean, Ofelia ez da Mecha uzteko gai izango. Mecha halabeharrezko irtenbideak bilatzen saiatuko da, baina guztiek porrot egingo dute. Beraz, bere estutasunak maitasunarekin batere zerikusirik ez daukala susmatzen hasiko da.
CUATRO LUNAS (MEXIKO)
Zuzendaria: Sergio Toval Velarde
Maitasunaren eta desamodioaren inguruko lau istorio dira, beren gatazkei eta beldurrei aurre egin beharko dieten belaunaldi ezberdinetako gizonen artekoak. Maitasunarekin eta norbere buruaren onarpenarekin lotutako lau istorio. Hamaika urteko haur batek lehengusuarekiko erakarpena sentituko du. Bi unibertsitariok harreman bat hasiko dute, eta horietako batek homosexualtasuna onartzeari uko egitean, korapilatu egingo da. Urte luzetako harreman bat arrisku bizian egongo da bikotekideetako batek hirugarren gizon batenganako erakarpena sentitzean. Gizon zahar bat dirua biltzen ahaleginduko da, burutik kendu ezin duen gizon gazte prostitutuarekin topaketa bat eduki ahal izateko.