"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Berriki igaro dugun pandemiaren eta konfinamendu- eta isolamendu-esperientziaren ondorioz, komunikazioa bitarteko digitalen menpe geratu da. Horri erantzuteko, ‘Zin Ex. Gorputza eta arkitektura’ erakusketak aztergai ditu gorputzaren, teknologiaren eta ingurune eraiki eta naturalaren arteko harreman fisikoak. 1960ko hamarkadaren amaierako eta 1970eko hamarkadako zinema eta arte feministak, zinema klasikoaren espaziotik ateratzeaz gain, gorputzaren irudia objektibaziotik askatu zuten, eta errealitatearekin kontaktuan jarri. Clara Montero Tabakalerako kultur zuzendariak arestian azaldu duenez: “Gorputzaren eta espazioaren arteko harremanetan zentratzen da, ikuspegi kritiko eta feminista batetik”.
Aretora sartzean, instalazio batek egiten du harrera; Discoteca Flaming Star taldearen proposamenaren ardatza gorputzaren eta teknologiaren arteko harremana da, eta bideo lanak eta collageak uztartzen ditu. Eskuinera eginda, Ana Mendietaren hiru bideo daude. Katja Davarren hiru margolan zuri-beltz eta bideo lan bat, Rory Pilgrimen instalazio bat, Haus-Rucker-Co taldearen obren lagin bat, Sohrab Hura argazkilariaren film labur bat, eta Dora Maurerren zuri-beltzeko bideo bat datoz jarraian, besteak beste. Eta, amaieran, Sergio Pregoren instalazio bat paratu dute: Miguel de Prada Poole arkitektoaren hainbat irudi erakusten ditu, pantaila puzgarri batean proiektaturik.
Zin Ex proiektuaren bigarren edizioa den honek, gainera, zuzeneko performanceak, proiekzioak eta solasaldiak hartuko ditu erakusketa-aretoan bertan. Erakusketak tresna zinematografikoak erabiltzen dituzten arte garaikideko praktika ezberdinak biltzen ditu. Horien artean daude pantailan ikus daitezkeen dokumental antzeztuak, erdi-fikziozko narratiba, musika eta dantza.
Finean, ‘Zin Ex. Gorputza eta arkitektura’ erakusketak 30 bat artistaren film, instalazio, argazki, eskultura eta marrazkiak biltzen ditu, eta gorputzaren, espazioaren, naturaren, teknologiaren, generoaren eta arrazaren arteko harremanetan arakatzen du. Erakusketa 2022ko urtarrilera bitarte egongo da ikusgai, Tabakaleran.
Sergio Basurko