2016an aurkeztu ziren Eusko Jaurlaritzak bultzatutako “Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014” txosten mardularen emaitzak jendaurrean. Aurkezpen ekitaldira gonbidatuetako bat izan zen Ander Iriarte (Oiartzun, Gipuzkoa, 1986) zinemagilea eta han entzundakoak asaldatuta utzi zuen. Bazuen aspalditik torturen berri, baina auziaren dimentsioak eta larritasunak hausnarketa intimoago batera eraman zuten: “eta bere aitak, Joxe Iriarte ‘Bikila’ politikari eta idazleak, duela urte batzuk komisaldegian pairatutakoa tortura kasu bat balitz?” Hari horri tiraka hasi eta ikerketa sakon eta luze batean murgildu zen zuzendaria. Karpeta urdinak bere azken dokumentalean bildu ditu sei urteko bidean aurkitutako erantzunak.
Zerk bultzatu zaitu tortura bezalako gai delikatu bati buruzko dokumentala egitera? Torturaren denuntzia beti sinetsi izan dugu nire etxean, baina pertsonifikatuta zegoen (Unai Romano, Anparo Bengoa...). Ondorioz, hemen gertatu zenaren nire imaginarioa leku zehatz batean zegoen. 2016an, txostenaren aurkezpenean dena erori zitzaidan. Auziak zeuzkan dimentsioa, zenbakiak, sistematizazioa, zientifikotasuna… nire amesgaiztorik okerrenak gainditzen zituen. Pau Perez Sales adituak azaldu zuenez, fenomeno bat gertatzen da zeinetan jendeak uste zuen ez zituela besteak adina kolpe eta sufrikario pairatu eta askotan ez zuela bere burua torturatutzat hartzen. Nire aitak “Borrokaren gorrian” liburuan jasotakoa errepasatu nuen eta galdetu nion: “zu torturatua izan zara?” Eta ezetz erantzun zidan. Ados. Orduan hasi zen txosten hori ulertzeko nire ikerketa, han jasotzen zena pertsonalki ulertzeko. Txostena nola irakurri jakitea eta bere dimentsioa ulertzea ez zen erraza izan.
Testigantzak jasotzea zeregin zaila izan al da? Asko landu dut zaintza. Parte-hartzaileek esku onetan zeudela eta materiala ongi erabiliko genuela jakin zezaten saiatu naiz. Dokumentalean lehenengo aldiz erakutsiko dira Istanbulgo Protokoloak modu honetan. Dena eman dute guztiek, nigan konfiantza eduki dute eta ez da batere erraza izan. Ni entzuteko eta nire zalantzak argitzeko pazientzia izan dute. Zinemaldira ekarri duguna oso lan sakona eta zehatza da; pedagogia egiten saiatu gara. Zorionez, Laurent Dufreche eta Amaia Merino muntatzaileekin lan egiteko pribilegioa eduki dut. Koma eta puntu bakoitza zergatik jartzen genituen ondo pentsatzera eta galdetzera eraman naute.
Urteak eman dituzue proiektua osatzen. Zergatik? Nazioarteko koprodukzio bat da, Euskal Herrikoa, eta nazioarteko erakunde eta eragile ugarik parte hartu dute. Ez atzera ez aurrera geratu ginen momentu batean crowdfunding deialdia ere egin genuen eta erantzuna sekulakoa izan zen. Hiru aste eskas behar izan genituen 25.000 euro lortzeko. Hamaika lekutik hartu dugu dirua ondo filmatu nahi genuelako. Lanketa bat egon da egin duguna kalitatezkoa izan zedin, baita filmatzen ari ginenean filmaketa jardunaldiak oso luzeak zirelako ere. Elkarrizketatuak lasai egotea eta zinemagintzaren parafernalia guztia ahaztea nahi genuen gauza asko arakatu behar zirelako. Nik sentitu nahi nuen denek dena esaten zutela eta dena lasai eta konfiantzan esaten zutela. Konfiantzazko prozesu oso luzea izan da.
Filmean (eta jatorrizko txostenean) ageri diren datuek hotzikarak sorrarazten dituzte. Giza Eskubideetan jarduten duten erakundeek beti esaten dute gatazkak ez direla konparatu behar, baina hemen badago sufrikarioak konparatzeko tendentzia bat. Norbaitek behin galdetu zidan ia tortura kasu ezagunak izebergaren punta al diren eta dokumentalean agertzen diren kasuak izerbegaren alde ezkutua ote diren. Ez, hemen agertzen diren 4.000 kasuak zalantzarik gabe probatutakoak dira. Horrek esan nahi du hau dela izebergaren punta. Hemen, urtero 80 tortura kasu probatu dira, 50 urtez. Astakeria bat da! Lau atxiloketetik batean probatu izan da tortura izan dela. Eta hori ezezaguna da. Torturaren inguruan esaten da Europan bi pertsona mota daudela: tortura badagoela sinesten dutenak eta sinetsi nahi ez dutenak. Torturaz ez da hitz egin nahi, ez da galdetu nahi… Beraz, honelako testuinguruak eta filmak behar dira torturaz hitz egiteko. Nik egin dut bidea. Hona iritsi naiz. Gogorrena egin dugu eta orain ikusiko dugu debatea sortzen ote den. Ea lortzen dugun torturaz hitz egiten hastea.
Gizartearen zauriak sendatzeko? Gizarte bezala sendatzea gauza bat da, gero banakako bakoitzak bere bidea egin behar du. Nik ez dakit sendatuko garen, baina argi dago ez badugu egiten ez garela sendatuko. Hitz, lege eta akordio ponpoxoak ondo daude baina salpuespena existitzen den bitartean ez dute ezertarako balio. Oraingo testuinguruan zailagoa da torturatzea inkomunikazio egoera aplikatzea zailagoa delako, baina inkomunikazioa bezalako tresna bat dagoen momentutik tortura itzuli egingo da. Beti. Beraz, lege nazionalak eta nazioartekoak egin behar dira hori gelditzeko. Eta hauek aurrera
aterako dira bakarrik jendeak bultzatuko baditu. Hor ez dago zuria ala beltza. Inkomunikazio epea dagoen bitartean torturatuko da.
IRENE ELORZA GEREÑO