"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Irrintziaren oihartzunak (2016) eta Lurralde hotzak (2018) lanei segida emanez, Iratxe Fresneda Delgadok “Erregistroaren trilogía” itxi du Tetuán film dokumentalarekin. Gaurtik Zinemiran ikusgai egongo den lan pertsonal honetan, migrazioari eta memoriari buruzko hausnarketa egin du egileak. “Erregistratzearen inguruko analisia eta pentsamendua garatzen ibili naiz nire ibilbide guztian” azaldu du. “Hiru filmak oso ezberdinak dira beraien artean, nahiz eta estilo aldetik badaukaten nolabaiteko lotura”, gaineratu du.
Gazte zendu zen bere aitaren iraganaz sentitzen duen jakin-minak gidatuta Fresnedak egindako bidaia berezia jasotzen da Tetuán filman. Familiaren iragana berregiteko eta bilatzeko odisea zinematografikoa aitzakia hartuta, iragana eta oraina harilkatzen ditu zinegile bizkaitarrak. ”Memoria handi bat badago, gu guztiak zeharkatzen dituena, baina horren inguruan errelato txiki asko daude eta niri horiek pizten didate interesa; hor nire tanta jartzen saiatzen naiz”, dio Fresnedak.
Nortasunaz hausnarketa
Zinemagile bizkaitarrak beti entzun izan zuen abenturaz beteriko kontakizun bat etxean falta zen aitari buruz hitz egiten zenean. Carmelo Fresneda Almerian jaio, Tetuanen hazi eta Bizkaian bizi izan zen. Azkenean, aurkitutako argazki batek eraman zuen alaba haren bizitzaren inguruko ikerketa egitera eta emaitza lehen pertsonan kontatzera. “Familiaren bizipenak markatu egin zuen filmaren bilaketa eta garapena”, adierazi du zuzendariak.
Aitaren historiaren bilaketa-lanak ausentzia batek markatu zuela eta lan prozesuan ustez gaindituta zuen ausentzia hori berriro gorpuztu zela aitortzen du Iratxe Fresnedak filmari buruz azalpenak ematen dituenean. “Zauria irekia zegoela jabetu nintzen; hala ere, polita izan zen bere ibilbidea jarraitzea, aitona-amonaren Tetuango etxera itzultzea eta gaur egun bertan bizi den familia ezagutzea. Ezezagun haiek ateak zabaldu zizkiguten eta oso eskuzabalak izan ziren gurekin”. Tetuan hiriaren iruditeria jasotzeaz gain, bestelako hiri bat islatzen da Fresnedaren film luzean. Izan ere, beste irudi eta diskurtso batzuk ikuspuntu antropologiko eta sozial batetik erakustea, eta migrazio eta truke kulturalaren alde positiboak erreskatatzea dira, besteak beste, filmaren helburu.
Ama eta izebaren arteko gutun zahar bati esker deskubritu zuen Fresnedak familia aitaren eta amaren arteko ezkontzaren kontra zegoela. “Horrek markatu zuen bilaketa osoa, arrazismo kontu bat zegoelako atzean”, dio zuzendari eta gidoigileak, hau da, Mairua-ren alabak. “Familian hori bizitzeak eraman ninduen inguruan nuen migrazioari begiratzea eta galdetzera: Nor dira? Zer bizitza daude horien atzean? Nola geratzen dira gure artean pertsona migratzailearen ahotsa eta oroitzapena?”, dio. Filmeko protagonistetako batzuk diren Irina Conca eta Mohamed Iacob ezagunak ziren Fresnedarentzat. “Harremana modu naturalean sortzen joan zen eta proiektuan era oso konprometituan sartu ziren, bestelako familia bat sortu dugula sentitzeraino; zinemagintzak eman didan opari bat bezala bizi izan dut”, adierazi du.
Tetuan filma Xixongo FICX zinema jaialdian estreinatu zen, iaz, eta, harrezkero, jaialdi askotan erakutsi da, hala nola, Zinebin eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Bizkaiko Foru Aldundiak ematen duen Lauaxeta Saria ere irabazi zuen ikus-entzunezkoen kategorian. “Harrera polita izan du filmak eta, orain, etxera, Zinemaldira, bueltatzea eta beste publiko batzuk erakartzea beste opari bat da niretzat”, azaldu du Iratxek.
Irene Elortza Gereño