"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Gaur estreinatuko den Mirande: film bat egiteko zirriborroa dokumentalarekin itxiko da aurtengo Zinemira saila. Josu Martinez zuzendariak bi film ekarri ditu aurten Donostiara, Bizkarsoro fikziozko film luzea eta Miranderi buruzko lana. Kontraesanez betetako intelektual bat aukeratu du Martinezek oinarrian ikerketa bat duen lan hau sortzeko. Izan ere, Jon Mirande egile eta pentsalaria euskal literatura modernoaren ezinbesteko figuratzat hartzen den neurri berean pizten ditu eztabaida sutsuak, bere testuetan jorratzen zituen gaiengatik (pederastia, erotismoa, nazismoa, eta abar).
Institutu garaian irakurritako ipuin batek esnatu zion Miranderi buruz film bat egiteko gogoa zuzendariari. “Zinema beltzeko errelatoak ziruditen ipuinak eta euskaraz horrelakoak gutxitan neuzkan irakurriak, oso zinematografikoa iruditu zitzaidan”, dio Martinezek, “eta beti pentsatu dut Mirande pertsonaia puska bat zela eta film bat bazuela”. Oso berea duen estiloan, zuzendari bizkaitarrak ikerketa aukeratu du dokumentalaren ardatza finkatzeko. “Denek bezala, interesatzen zaizkidan gaiei buruzko filmak egiten ditut eta saiatzen naiz munduan gai horri buruz gehien dakien pertsona bilakatzen”, adierazi du zinemagileak. Hortaz, Miranderen lan osoa irakurri zuen, bere gutunak bilatu eta bestelako material ezezaguna aurkitu zuen. Baina batik bat, Miranderi buruz esaten zena interesatzen zitzaion Martinezi. “Jon Miranderen inguruan gauza asko esan dira eta hain gauza larriak esan direnez, hasieratik burura zetorkidana hainbesteko epaiketa egiten zaizkionari hitza eman behar zitzaiola zen”. Mirande bere hitzetan bizi dela izan da zuzendariaren apustua: “Miranderekin elkarrizketa bat izatea nahi nuen eta filmaren ardatza berak esandakoa izatea, bai literaturari buruz, bai bere pentsaerari buruz, eta baita bere bitzitzari buruz ere”.
Baina, nola eman hitza orain 50 urte zendu zen egileari? Peio Berterretxe punta-puntako aktorea aukeratu du Martinezek Mirande gorpuzteko. “Fizkioa ez den eta baden dispositibo bat muntatzen saiatu naiz, errealitateari oso itsatsia eta Bertolt Brechtek aipatzen zuen distantziazioaren bidea hartzen duena egia bilatzeko. Aktorea medium bat da nolabait, Miranderen ahotsa entzuteko. Bere gorputza utzi egiten dio baina ez du Mirande ordezkatzen. Formalki arriskatua den dispositiboa dela aitortzen du egileak, baina emaitzarekin kontentu dago.
Miranderen hitzez gain, haren inguruko lekukotzak ere biltzen dira dokumentalean. Joseba Sarrionaindia edo Itxaro Borda bezalako idazleen testigantzak eta euren artean sortzen zen elkarrizketa interesatzen zitzaion Martinezi. “Argi nuen Mirandek izan behar zuela zentroa eta Miranderi eman behar zitzaiola hitza; baina haren inguruan halako koru bat osatuz, beharbada ikusleari gehiago pentsatzen laguntzen zaio”, esan du zinemagileak. Eta gehitu du: “Filmaren asmoa ez da erantzunak ematea, ez bada pentsatzeko gako batzuk ematea eta bidean galdera batzuk uztea bakoitzak bere ondorioak atera ditzan”.
Irene Elortza Gereño