Mezu hau ondo ikusten ez baduzu edo hizkuntza aldatu nahi baduzu:
| euskara | castellano | english |
Jarraitu gaitzazu hemen

Babesle Ofiziala:
rtve.es Gas Natural - Fenosa movistar+
Sigourney Weaverrek, ''Un monstruo viene a verme (A Monster Calls)'' filmeko protagonista, 64. Donostia Zinemaldiaren Donostia saria jasoko du
J.A. Bayonaren ''Un monstruo viene a verme (A Monster Calls)'' filmaren Europako estreinaldia Sail Ofizialean izango da, lehiaketaz kanpo

Facebook-en
partekatu

Twitter-en
partekatu

Bereizmen handiko irudiak

Donostia Zinemaldiaren 64. edizioaren Sail Ofizialean, J.A. Bayonaren azken lanaren Europako estreinaldia egingo da, lehiaketaz kanpo: Un monstruo viene a verme (A Monster Calls). Antzezle-taldean dira Sigourney Weaver, Felicity Jones, Lewis MacDougall eta Liam Neeson. Filmaren gala-pasea irailaren 21ean izango da, Kursaal auditoriumean, eta bertan Donostia saria jasoko du Weaverrek. Zinemaldiak ematen duen ohorezko sari garrantzitsuena da Donostia saria, eta aurtengoan estatubatuar aktorearen ibilbideari egingo dio aitortza. Haren izena azken lau hamarkadetako ekoizpen-lanik garrantzitsuenetan ageri da, Ridley Scott, Peter Weir, James Cameron, Mike Nichols, Roman Polanski, Ang Lee, David Fincher eta tankerako zinemagileek zuzenduta.

Un monstruo viene a verme (A Monster Calls) –Apaches Entertainment, Telecinco Cinema eta Películas La Trini etxeek ekoitzia eta Universal Pictures International Spainek banatua– aurten ikusmin handiena piztu duten filmetako bat da.

Un monstruo viene a verme (A Monster Calls) filma izen bereko eleberrian oinarrituta dago. Liburu hau Erresuma Batuan gazteentzako liburu onena hautatua izan da. Eleberriaren egilea den Patrick Ness-ek idatzi du gidoia. Filmean Conorrek, 12 urteko ume batek, bere amaren gaixotasunari aurre egiten dio gauero bisitatzen duen munstro baten laguntzarekin.

Bayonaren (Bartzelona, 1975) ibilbide arrakastatsuko hirugarren film luzea da hau, eta nagusiki amen eta seme-alaben arteko loturak protagonista dituzten kontakizun indartsuen trilogia bat amaitzen du. Bere lehendabiziko filma, El orfanato (2007), Canneseko Kritikaren Astean estreinatu zuten eta zazpi Goya eskuratu zituen; besteak beste, zuzendari berri onenarena. Bigarrena, Lo imposible (Ezinezkoa, 2012), Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten lehiaketaz kanpo, Sail Ofizialean, eta bost Goya eskuratu zituen, zuzendari onenarena barne; horrez gain, Oscar sarietarako eta Urrezko Globoetarako ere izendatu zuten, Naomi Watts aktorearen interpretazioagatik.

2013an, Espainiako Zinematografia saria jaso zuen Bayonak, Zinemaldiaren barruan. Bere hurrengo proiektua Jurassic World lanaren jarraipena zuzentzea izango da.

Donostia saria jasotzera etorrita, hirugarrenez bisitatuko du Sigourney Weaverrek Zinemaldia, Alien (1979) eta A Map Of The World (1999) aurkeztu ondoren. Aurten, Donostia sariak 30 urte betetzen dituen edizio honetan, hogeigarren aldia izango da emakumezko aktore batek saria jasotzen duena.

SIGOURNEY WEAVER Biografia

Oscar sarietarako izendapenak jaso dituen eta Urrezko Globoa irabazi duen Sigourney Weaver aktoreak pertsonaia gogoangarri askori eman die bizia; esate baterako, Alien filmeko Ripley tenienteari eta Gorillas in the Mist filmeko Dian Fossey zoologoari. Urte luzez liluratu egin ditu ikus-entzuleak, eta munduko aktorerik estimatuenetakoa da gaur egun, hala antzerkian nola zineman.

New Yorken jaio zen Weaver. Stanfordeko Unibertsitatean graduatu eta gero, Master bat egin zuen Yaleko drama-eskolan. Ordezko gisa egin zuen bere lehen lan profesionala; hain zuzen ere, sir John Gielgud-ek zuzendutako The Constant Wife antzezlanean, Ingrid Bergman zela antzezle nagusi.

Sigourney Weaverrek Ridley Scott zuzendariaren Alien film arrakastatsuaren bidez egin zuen debuta pantaila handian. Gerora, berriz beteko zuen Ripley tenientearen papera, James Cameron-ek zuzendutako Aliens sekuelan. Lan horri esker, Oscarretarako eta Urrezko Globoen emakumezko aktore onenaren sarirako izendapenak lortu zituen Weaverrek. Hirugarrenez ere hezurmamitu zuen Ripley, David Fincher-ek zuzendu eta Weaverrek berak koproduzitutako Aliens 3 filmean, bai eta laugarrenez ere, Jean-Pierre Jeunet zuzendariaren Alien Resurrection produkzioan.

Alien egin eta gero, hiru film arrakastatsu protagonizatu zituen Weaverrek: Gorillas in the Mist, Dian Fossey primatologoaren papera betez; Mike Nichols-en Working Girl komedia; eta Ghostbusters II. Weaverrek Oscarretarako bere bigarren eta hirugarren izendapenak lortu zituen, eta Urrezko Globo bana irabazi zuen Gorillas in the Mist eta Working Girl filmetako paperengatik. Bere beste film batzuk: Copycat thrillerra; Paul Rudnick-en Jeffrey komedia; Roman Polanskik zuzendutako Death and the Maiden antzezlanaren film-moldaketa zoragarria; Half Moon Street, Michael Caine aktorearekin; Ridley Scotten 1492; One Woman or Two, Gerard Depardieu-rekin; Eyewitness, William Hurt zuela ondoan, eta Showtime katearen Snow White filma, Grimm anaien ipuin originalean oinarritutakoa. Azken horrekin, Emmy sarietarako izendapena eta Screen Actors Guild elkartearen izendapen bat lortu zituen.

1997an, Ang Lee zuzendariaren The Ice Storm film bikainean parte hartu zuen, ondoan Kevin Kline, Joan Allen, Elijah Wood eta Christina Ricci zituela. Film horretan egindako lanari esker, BAFTA saria irabazi zuen, Urrezko Globoetarako izendatu zuten, eta Screen Actors Guild elkarteak Emakumezko Bigarren Aktorerik Onenaren sarirako izendatu zuen. Geroago, bikain aritu zen A Map of The World filmean. Jane Hamilton-en eleberri batean oinarritutako film hori Scott Elliott-ek zuzendu zuen, eta kritikari guztiek Weaverren lan aparta goraipatu zuten. Gainera, emakumezko aktore onenaren Urrezko Globorako izendapena lortu zuen. Tim Allen eta Alan Rickman aktoreekin batera Galaxy Quest zientzia-fikziozko komedian, benetan pozik utzi zituen Weaverrek ikus-entzuleak, barrea eragiteko zuen dohainarekin. Dean Parisot zuzendariaren film horrek sekulako arrakasta lortu zuen 1999an. Horren ondoren, Heartbreakers komedia ospetsuan parte hartu zuen, Gene Hackman eta Jennifer Love-Hewitt zituela ondoan.

2003an, Holes komedian, Weaverrek odol hotzeko espetxezain ilegorriaren papera egin zuen, eta aktore nagusia izan zen The Guys antzezlanaren zinemarako bertsioan, Anthony LaPaglia-rekin batera, Jim Simpson-en zuzendaritzapean. Gero, M. Night Shamalyan-en The Village filmean agertu zen Weaver, eta oso kritika onak jaso zituen Dan Harris-ek idatzi eta zuzendutako Imaginary Heroes filmean egindako lan apartagatik.

Beste lan batzuk: Infamous, Toby Jones-ekin eta Sandra Bullock-ekin; Jake Kasdan-en The TV Set; Snow Cake, Alan Rickman-ekin; Tim Allen-en Crazy on the Outside; The Girl in the Park, Kate Bosworth-ekin batera; Vantage Point, Dennis Quaid eta Forrest Whitaker-ekin; Tina Fey eta Amy Poehler-en Baby Mama komedia, eta Andy Fickman zuzendariaren You Again komedia, Jamie Lee Curtis, Kristen Bell eta Betty White-rekin batera. 2008an, Weaverrek ahotsa jarri zuen Pixar etxearen Wall-E animazio-film arrakastatsuan, Matthew Broderick, Dustin Hoffman eta Emma Watson aktoreekin batera.2009ko abenduan, Weaver Jim Cameron-en Avatar film berritzailean agertu zen. Historian diru gehien bildu duen filma da hori. Film onenaren Urrezko Globoa irabazi zuen Avatar pelikulak, eta film onenaren Oscarrerako izendatu zuten. Beste film batzuk: Cedar Rapids, John C. Reilley, Anne Heche eta Ed Helms-ekin; Paul, Simon Pegg, Seth Rogen, Kristen Wiig eta Jason Bateman-ekin batera; Abduction, Taylor Lautner-ekin; Amy Heckerling zuzendariaren Vamps, Alicia Silverstone-rekin; Mabrouk El Mechri-ren The Cold Light of Day, Bruce Willis-ekin; Red Lights, Robert De Niro-rekin; Exodus: Gods and Kings, Christian Bale eta Aaron Paul-ekin, eta Neil Blomkamp-en Chappie, Hugh Jackman aktorearekin batera.

Weaver A Monster Calls filman ikusiko dugu aurki, Liam Neeson eta Felicity Jones aktoreen ondoan. Orain dela gutxi, Tomboy, a Revenger's Tale filmeko lana bukatu du. Udazken honetan, Avatar filmaren hiru sekuelatan hasiko da lanean, James Cameron-en zuzendaritzapean, baita oraingoz izenik ez duen Neill Blomkamp-en Alien serieko proiektuan ere.

Filmetan ez ezik, antzokietan ere distira egiteko abagunea izan du Sigourney Weaverrek. Weaver oso antzoki txikietan hasi zen New Yorken, Christopher Durang-en The Nature and Purpose of the Universe, Titanic eta Das Lusitania Songsipel lanetan. Azken antzezlan horren testua Durangekin batera idatzi zuen, eta Drama Desk sarirako izendatu zituzten biak. Broadwaytik kanpo, antzezlan askotan parte hartu du, eta John Guare, Albert Innaurato, Richard Nelson edo Len Jenkin antzerki-idazleekin aritu da lanean. Eskualdeko errepertorioan, Pinter, Williams, Feydeau eta Shakespeareren lanetan antzeztu du. PBSren The Best of Families minisailean ere agertu da.

Weaverrek Tony sarirako izendapen bat jaso zuen Broadwayn Mike Nichols-en zuzendaritzapean Hurlyburly antzezlanean egindako lanagatik. Portiaren papera egin zuen New Yorkeko Classic Stage konpainiaren The Merchant of Venice produkzioan. 1996an, Weaver Broadwayera itzuli zen, Lincoln Zentroan eskainitako Sex and Longing produkziora. Christopher Durang da antzezlanaren idazlea. 2012ko udazkenean, Christopher Durangen Vanya and Sonia and Masha and Spike produkzioan parte hartu zuen Lincoln Zentroan. Produkzioa Broadwayera mugitu zuten 2013an. Urte hartan, Vanya and Sonia and Masha and Spike produkzioak antzezlan onenaren Tony saria irabazi zuen.

Weaver, gainera, A.R. Gurney zuzendariaren mundu mailako bi estreinalditan arituko da: Crazy Mary, Playwrights Horizons-en eta Mrs. Farnsworth, Flea Theater-en. Neil LaBute-ren The Mercy Seat antzezlanean ere lan egin zuen, Liev Schreiber aktorearekin batera. John Lahr-ek The New Yorker aldizkarian idatzitako kritikan esan zuenez, “horrelako sakontasuna eta kontzentrazioa eskaini dizkiguten antzezpenak ez ditugu urte askotan ikusi New Yorken”. Weaverrek Anne Nelson-en The Guys antzezlaneko emakumezko pertsonaia nagusiaren papera egin zuen The Flea antzokian, Jim Simpson-en zuzendaritzapean. Antzezlan horretan, suhiltzaileetako kapitain baten istorioa kontatzen da, irailaren 11ko atentatuen ondorioei aurre egin behar dienean.

Telebistan, Weaverrek Emmy sarietarako, Screen Actors' Guild sarietarako eta Urrezko Globoetarako izendapenak jaso zituen Lifetime katearen Prayers for Bobby filmean egin zuen Mary Griffith-en paperarengatik. Filmak, era berean, telebistako film onenaren izendapena lortu zuen Emmy eta Urrezko Globoaren sarietan. 2012an, USA Network-en Political Animals minisailean azaldu zen. Screen Actors Guilds elkartearen sarietarako, Urrezko Globorako eta Emmy sarietako izendapenak lortu zituen lan horri esker.



Babesle Ofiziala:

rtve.es Gas Natural - Fenosa movistar+

Laguntzaile Ofizialak:
AUDI KUTXABANK

Instituzio Kideak:

Ayuntamiento de San Sebastián Diputación de Gipuzcoa Gobierno Vasco Ministerio de cultura, educación y deporte


Festival de San Sebastián
© Donostia Zinemaldia | Castellano | Euskara | English |
E-mail hau jaso duzu Donostia Zinemaldiako informazio bidalketako zerrendan zaudelako. Boletinak jasotzen jarraitu nahi ez baduzu, erantzun e-mail honi eta Gaia jarri behar duzun eremuan idatzi "baja eman".
Sar gaitzazu zure kontaktuen edo helbide zerrendatan, gure informazioa sarrera bandejan sartuko zaizula ziurtatzeko.