Mezu hau ondo ikusten ez baduzu edo hizkuntza aldatu nahi baduzu:
| euskara | castellano | english |
Jarraitu gaitzazu hemen

Babesle Ofiziala:
rtve.es Gas Natural - Fenosa movistar+
Barbara Albert, Alexandros Avranas, James Franco, Diego Lerman, Olivier Nakache eta Éric Toledano, Ivana Mladenovic, Matt Porterfield eta Nobuhiro Suwa izango dira, besteak beste, Urrezko Maskorra lortzeko lehian

Facebook-en
partekatu

Twitter-en
partekatu

Bereizmen handiko irudiak

Donostiako 65. Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko lehiak, irailaren 22tik 30era bitartean, munduko zinemagile garrantzitsuenetakoak bilduko ditu. Izan ere, Urrezko Maskorra lortzeko lehiatuko dira Barbara Albert austriar zinemagilea, Alexandros Avranas greziar zuzendaria, James Franco eta Matt Porterfield estatubatuarrak, Diego Lerman argentinarra, Ivana Mladenovic serbiarra, Olivier Nakache eta Éric Toledano frantsesak eta Nobuhiro Suwa, besteak beste.

Una especie de familia, Bárbara Lennie protagonista duen filma, Diego Lermanen (Buenos Aires, 1976) bosgarren film luzea da. Haren lehen obrak, Tan de repente filmak, film onenaren Zilarrezko Lehoinabarra jaso zuen Locarnoko zinema-jaialdian, beste sari askoren artean. Haren filmak aukeratu izan dituzte Veneziarako, Canneseko Zuzendarien Hamabostaldirako eta Donostiako Horizontes Latinos sailerako. Hain zuzen, azken sail horretan haren aurreko bi filmak ere proiektatu dira: La mirada invisible (2010) eta Refugiado (2014).

Love Me Not filma Alexandros Avranas (Larissa, Grezia, 1977) zuzendariaren laugarren lana da. Avranasek Venezian zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoia lortu zuen Miss Violence (2013) filmarekin. Jim Carrey eta Charlotte Gainsbourg antzezle protagonistekin True Crimes (2016) egin ondoren, Avranasek Love Me Not aurkeztuko du oraingoan: etorkin gazte bat alokairuko ama izateko kontratatzen duen bikote bati buruzko Greziaren eta Frantziaren arteko koprodukzio bat.

James Franco (Palo Alto, Kalifornia, Estatu Batuak, 1978) The Disaster Artist komediaren zuzendari, ekoizle eta protagonista da. Filmak historiako film txar-onentzat hartutako obraren filmaketa kontatzen du; hain zuzen, The Room (Tommy Wiseau, 2003) da pelikula hori, eta kultu-film bihurtu da amaieran. The Disaster Artist The Roomeko protagonistetako batek, Greg Sestero aktoreak, idatzitako izen bereko liburuan dago oinarrituta.  Francok (127 hours) The Room filmaren zuzendari, gidoilari, aktore eta ekoizle Tommy Wiseau hezurmamituko du.

Olivier Nakachek (Suresnes, Frantzia, 1973) eta Éric Toledanok (Paris, 1971) 2011ko Zinemaldiari amaiera eman zioten Intouchables filmaren munduko estreinaldiarekin. Lan horrek, gero, 35 sari irabazi zituen nazioartean egindako ibilbidean, eta mundu osoan arrakasta handiena lortu zuen Frantziako filma izan zen. Nakachek eta Toledanok 2014an berriz eman zioten amaiera Zinemaldiari, Samba filmarekin. Elkarlanean egin duten film berria Le sens de la fête / C’est la vie! da, Frantziako XVIII. mendeko gaztelu batean ezkontza frenetiko batean girotutako komedia bat. Lan horrekin, lehenengoz sartuko dira Urrezko Maskorra lortzeko lehian.

Soldaţii. Poveste din Ferentari / Soldiers. Story from Ferentari Ivana Mladenovicen (Kladovo, Serbia, 1984) fikziozko lehen film luzea da. Errumania, Serbia eta Belgikaren arteko koprodukzio horrek antropologo gazte baten istorioa kontatzen du. Antropologoa Bukaresteko auzo txiroenera joango da, Ferentarira, alegia, romanien komunitatearen pop musikari buruzko azterlana idazteko.

Barbara Albert austriar antzezle, gidoilari eta zuzendaria (Viena, 1970) Sail Ofizialera itzuliko da, Licht / Mademoiselle Paradis filmarekin. Albert Locarnon eta Venezian lehiatu zen, Böse Zellen / Free Radicals (2003) eta Fallen (2006) filmekin hurrenez hurren, baita Donostian ere, Die Lebenden / The Dead and the Living (2012) lanarekin. Oraingoan, pianista gazte itsu batek aurre egin beharreko dilema hunkigarrian barrendu da.

Sollers Point Matt Porterfielden (Baltimore, Estatu Batuak, 1977) azken filma da. Aurrez, kritikak txalotutako Hamilton (2006), Putty Hill (2010) eta I Used to Be Darker (2013) filmak egin zituen, eta Wisconsin, Berlin eta Sundanceko zinema-jaialdietan estreinatu ziren, hurrenez hurren. McCaul Lombardi (American Honey) da filmeko protagonista, eta droga-trafikatzaile txiki baten etxe barruko atxiloketak ematen dio hasiera Sollers Pointi.

Nobuhiro Suwak (Hiroshima, Japonia, 1960) Canneseko Fipresci saria eskuratu zuen bere bigarren filmarekin (M/Other, 1999), baita Locarnoko Epaimahaiaren Sari Berezia ere, Un couple parfait / A Perfect Couple (2005) lanarekin. Horrez gain, Yuki & Nina (2009) idatzi eta zuzendu zuen, Hippolyte Girardotekin batera; film hori Canneseko Zuzendarien Hamabostaldian estreinatu zen, eta Zabaltegi-Perlak sailaren aukeran sartu zen. Hiroshima mon amour filmari buruz egin zuen remake-ahalegina, H Story, Zinemaldiko Japoniako zinema independente berria 2000-2015 atzera begirako zikloan sartu zen. Le lion est mort ce soir / The Lion Sleeps Tonight filmak antzezle zahar bat (Jean-Pierre Lëaud) eta zinemagile izateko ikasten ari den haur talde bat biltzen ditu, bertan behera utzitako etxe batean.

Horiekin hamabost dira Sail Ofizialerako baieztatu diren filmak. Ohar honetan aipatutakoei gehitu behar zaizkie inaugurazioko filma eta joan den astean Espainiako zinemari buruzko prentsaurrekoan jakinarazitakoak: Submergence (Wim Wenders), El autor (Manuel Martín Cuenca), Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi) eta Life and Nothing More (Antonio Méndez Esparza), Urrezko Maskorra lortzeko lehian; Marrowbone (Sergio G. Sánchez) eta La peste telesaila (Alberto Rodríguez), lehiaketaz kanpo; eta Morir (Fernando Franco) filmaren emanaldi berezia.

Datozen asteetan emango dira ezagutzera 65. ekitaldiko Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmak.


 
Le lion est mort ce soir / The Lion Sleeps Tonight
Nobuhiro Suwa (Frantzia - Japonia)
Antzezleak: Jean-Pierre Léaud, Pauline Etienne

Frantziako hegoaldea. Gaur egun. Jeanek, iraganak harrapatutako aktore zahar batek, bere film berria zehaztu gabeko aldi baterako eten dela jakingo du. Lagun zahar bati bisita egiteko baliatuko du aukera, eta etxe abandonatu batean finkatuko da ezkutuan; bertan, beste garai batean, bere bizitzako amodioa bizi ohi zen, Juliette. Lagun talde batek, zinema ikasle batzuek, etxe bera aurkitu eta hurrengo beldur-filma egiteko kokaleku ezin hobea dela erabakiko du. Lehenago edo beranduago, elkar topatuko dute Jeanek eta haurrek.


 
Le sens de la fête / C'est la vie!
Olivier Nakache, Éric Toledano (Frantzia)
Antzezleak: Jean-Pierre Bacri, Gilles Lellouche, Suzanne Clément, Jean-Paul Rouve

Ezkongaientzat beren bizitzako gau garrantzitsuena da. Baina ekitaldian lan egiten dutenentzat –Max, catering enpresakoa; Guy, argazkilaria; James, abeslaria; eta gainerako langile guztiak– besteak bezalako gau bat besterik ez da. Pierrek eta Helenak erabaki dute Pariseko aldirietan dagoen XVIII. mendeko gaztelu eder batean ezkonduko direla. Festari jarraituko diogu, prestatzeko lanetatik eguzkia atera arte, ia-ia denbora errealean, baina ezkontzan lan egiten dutenen begien bitartez soilik. Eta sorpresaz beteriko gaua izango da.


 
© Christian SchulzNGFLOOKS
Licht / Mademoiselle Paradis
Barbara Albert (Austria - Alemania)
Antzezleak: Maria Dragus, Devid Striesow, Katja Kolm, Lukas Miko, Maresi Riegner, Johanna Orsini-Rosenberg, Susanne Wuest, Stefanie Reinsperger, Christoph Luser

Viena, 1777. Maria Theresia Paradis haur prodijioak, 18 urteko pianista itsuak, ikusmena galdu zuen gau batean, hiru urte zituenean. Ezin konta ahala esperimentu medikok porrot egin ondoren, gurasoek Franz Anton Mesmer 'mirari mediku' polemikoaren etxaldera eramango dute; han, paziente xelebrez osatutako talde batekin bat egingo du. Mundu rokoko hartan, atseginez hartuko du etxaldeko giro liberala eta aske sentituko da lehenbizikoz, baina sumatzen hasiko da Mesmerren tratamenduak ikusmena itzultzen dion bitartean bere birtuosismo musikal preziatua ere galtzen ari dela…


 
Love Me Not
Alexandros Avranas (Grezia - Frantzia)
Antzezleak: Eleni Roussinou, Christos Loulis

Bikote batek etorkin gazte bat kontratatuko du alokairuko ama izateko eta bere txalet ederrera eramango du. Gizona kanpoan lanean ari dela, emakumearen eta neskaren arteko harremana estutzen joango da, bikotearen bizimodu aberatsaz gozatzen duten bitartean. Baina, bere alaitasun behartuaren atzean, emakumeak gero eta deprimituagoa dirudi. Neskarekin edanean aritu ondoren, gidatzera aterako da. Hurrengo goizean, senarrak dei bat jasoko du: emaztea hilda dago, haren gorpu errea aurkitu dute suntsitutako autoan.


 
Soldaţii. Poveste din Ferentari / Soldiers. Story from Ferentari
Ivana Mladenovic (Errumania - Serbia - Belgika)
Antzezleak: Adrian Schiop, Vasile Pavel-Digudai, Stefan Iancu, Nicolae Marin-Spaniolul, Kana Hashimoto, Dan Bursuc

Adi neska-lagunak utzi berri duen antropologo gazte bat da. Ferentarira joango da (Bukaresteko auzo pobreena), maneleari (erromani komunitatearen pop musika) buruzko tesi bat idaztera. Gaiari buruz ikertzen ari den bitartean, Alberto preso ohi erromania ezagutuko du, eta hark lagundu egingo diola hitz emango dio. Gutxi barru maitasun-harreman batean hasiko dira biak. Adik pobreziatik ateratzeko animoak emango dizkio, nekez lortzeko moduko planak proposatuz, eta Albertok ondo landutako amodio-hitzen bitartez erantzungo dio. Dirua amaitzen denean, apartamentu batean harrapatuta geratuko dira, irabazlerik gabeko beharrizan eta botere-joko batean elkar maitatzen eta erabiltzen duten bitartean.


 
Sollers Point
Matthew Porterfield (AEB - Frantzia)
Antzezleak: McCaul Lombardi, Jim Belushi, Zazie Beetz

Keith, 24 urteko gazte bat, baldintzapeko askatasunean dago espetxean urtebete eman ondoren, eta aitaren etxean bizi da. Baltimoreko bere auzoa gizarte-maila zorrotzetan banatuta dago; bertan, lanaren eta bere bizitzari zentzua emango dion zerbaiten bila dabil Keith. Kanpoko munduak baditu bere arriskuak, baina Keithen etsai handienak bere baitan bizi diren deabruak dira.


 
The Disaster Artist
James Franco (AEB)
Antzezleak: James Franco, Dave Franco, Seth Rogen, Alison Brie, Zac Efron, Josh Hutcherson, Jacki Weaver, Ari Graynor, Jason Mantzoukas

The Disaster Artist, James Francorena, The Room filmaren making-ofari buruzko benetako istorioa da; izan ere, The Room “pelikula txarren Citizen Kane”a dela esan izan da. Tommy Wiseau-ren kultu-film klasikoa hamar urtean baino gehiagoan proiektatu da, sarrera guztiak agorturik, Ipar Amerika osoko aretoetan. The Disaster Artist amets baten bila doazen bi lagun moldatu gaberi buruzko buddy comedy bat da. Munduak bazter uzten dituenean, beren filma egiteko erabakia hartuko dute, eta film zoragarriki zatarra izango da, nahi gabe bizi dituzten une komikoei, trama sakabanatuei eta antzezpen erabat txarrei esker.


 
Una especie de familia / A Sort of Family
Diego Lerman (Argentina - Brasil - Polonia - Frantzia)
Antzezleak: Bárbara Lennie, Daniel Araoz, Claudio Tolcachir, Yanina Ávila

Malena erdi-mailako klaseko sendagilea da Buenos Airesen. Arratsalde batean Costas doktorearen deia jasoko du: esaten duenez, berehala bidaiatu behar du herrialdeko iparraldera, espero zuen haurtxoa jaiotzear da eta. Bat-batean eta ia-ia pentsatu gabe, Malenak zalantzaz eta bidegurutzez jositako bidaia bati ekiteko erabakia hartuko du. Bidean orotariko oztopo legal eta moralei egin beharko die aurre, eta bere buruari etengabe galdera hau egitera eramango dute Malena: zer muga zeharkatzeko prest dago bere irrika biziena lortzeko?



Babesle Ofiziala:

rtve.es Gas Natural - Fenosa movistar+

Laguntzaile Ofizialak:
AUDI KUTXABANK

Instituzio Kideak:

Ayuntamiento de San Sebastián Diputación de Gipuzcoa Gobierno Vasco Ministerio de cultura, educación y deporte


Festival de San Sebastián
© Donostia Zinemaldia | Castellano | Euskara | English |
E-mail hau jaso duzu Donostia Zinemaldiako informazio bidalketako zerrendan zaudelako. Boletinak jasotzen jarraitu nahi ez baduzu, erantzun e-mail honi eta Gaia jarri behar duzun eremuan idatzi "baja eman".
Sar gaitzazu zure kontaktuen edo helbide zerrendatan, gure informazioa sarrera bandejan sartuko zaizula ziurtatzeko.