Mezu hau ondo ikusten ez baduzu edo hizkuntza aldatu nahi baduzu:
| euskara | castellano | english |
Jarraitu gaitzazu hemen

Babesle Ofiziala:
rtve.es Gas Natural - Fenosa movistar+
Antoniak, Berneri, Finkiel, Libon eta Hinant, Popescu eta Schwentke, 65. Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorra lortzeko lehiara gehitu diren azken izenak

Facebook-en
partekatu

Twitter-en
partekatu

Bereizmen handiko irudiak

Zinemagile nabarmenak gehitu dira Urrezko Maskorra lortzeko lehiara: adibidez, Urszula Antoniak zuzendari poloniarra, Anahí Berneri argentinarra, Emmanuel Finkiel frantsesa, Jean Libon eta Yves Hinant belgikarrak, Constantin Popescu errumaniarra eta Robert Schwentke zuzendari alemaniarra.

Emmanuel Finkiel (Boulogne-Billancourt, Frantzia, 1961) lehenbizikoz etorriko da Donostiara La douleur / Memoir of Pain filmarekin. Marguerite Duras idazlearen estutasunei eta bihozminari buruzko egunkariaren egokitzapena da. Hark II. Mundu Gerraren amaieran idatzi zuen, bere senar Robert Antelme Erresistentziako kidea, Gestapok deportatua, zer zori izan zuen ez zekienean. Bertrand Tavernier, Krzysztof Kieslowski eta Jean-Luc Godard zuzendarien laguntzaile aritua da Finkiel, eta hainbat lan ditu bere filmografian: Madame Jacques sur la Croisette (1997), film labur onenaren Cesar saria; bere lehen film luzea, Voyages (1999), bi Cesar sariren eta Canneseko Gazteriaren sariaren irabazlea; Nulle part terre promise (2008), Jean Vigo saria; eta Je ne suis pas un salaud / A Decent Man (2016), Anguleman saritua. La douleur / Memoir of Pain filmean Mélanie Thierry (BabylonA Perfect DayAu revoir là-haut), Benoît Magimel (La HaineLa PianisteLes petits mouchoirs) eta Benjamin Biolay musikari eta aktorea (StellaPersonal Shopper) zuzenduko ditu.

Constantin Popescuk (Bucarest, 1973) Christian Mungiu-ren Tales from the Golden Age (2009) talde-filmeko Pig atala zuzendu zuen. Bere lehen film luzea, Portrait of the Fighter as a Young Man (2010), Berlinaleko Forum sailerako aukeratua izan zen, eta bigarrena, Principles of Life (2010), Zabaltegi – Zuzendari Berriak sailean izan zen, Donostian. Pororoca-n, egin duen hirugarren filmean, familia batek seme-alabetako bat desagertzen denean biziko duen eraldaketari buruz hitz egiten digu.

Robert Schwentke (Stuttgart, Alemania, 1968) bere herrialdean hasi zen zuzendari-lanetan, Tattoo (2002) eta Eierdiebe (2003) filmekin. 2005ean Estatu Batuetan egin zuen debuta, Jodie Fosterrek protagonizatutako Flightplan filmarekin, eta azken hamarkadan han jarraitu du lanean: The Time Traveler’s Wife (2009), RED (2010) eta Divergent saileko bi atal, Insurgent (2015) eta Allegiant (2016). Der Hauptmann / The Captain filmarekin Alemaniara eta II. Mundu Gerrako azken uneetara itzuli da.

Urszula Antoniak (Czestochowa, Polonia, 1968) zuzendariaren debutak, Nothing Personal (2009) filmak, sei sari irabazi zituen Locarnoko zinema-jaialdian; horrez gain, Europako Zinema Akademiaren bi saritarako izendatu zuten. Haren bigarren lana, Code Blue (2011), Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zen. Beyond Words laugarren filma du. Protagonista abokatu gazte eta asmo handikoa da; aita bisitan joaten zaionean, mingarria suertatuko zaio berriz ere bere sustraiekin topo egitea.

Anahí Berneriren (Martínez, Argentina, 1975) lehen filmak, Un año sin amor (2005) izenekoak, Teddy saria irabazi zuen Berlineko zinema-jaialdian, eta Por tu culpa-rekin (2010) berriz itzuli zen hara. Aurten hirugarrenez lehiatuko da Donostian, aurrez bertan aurkeztu baitzituen Encarnación (2007), Fipresci sariaren irabazlea, eta Aire libre (2014), bi urte lehenago Europa-Latinoamerika I. Koprodukzio Foroan parte hartu zuena. Berneri Zinemaldiko Epaimahai Ofizialeko kidea izan zen iaz; Alanis-en, prostituzioan aritzen den emakume batek, haur txiki baten amak, bizi dituen zailtasunak deskribatzen ditu.

Jean Libon kazetari grafiko eta dokumentalistak Strip-Tease telesail dokumentala sortu zuen 1985ean, eta ondoren Yves Hinant kazetaria hasi zen bertan. Elkarrekin Les arbitres (Kill the Referee, 2009) dokumentala zuzendu zuten, 2008ko Eurokopako epaileen errealitatera hurbiltze aldera, Eric Cardot eta Delphine Lehericey zituztela zuzendarikide. Ni juge, ni soumise / So Help Me God filmean, Strip-Tease telesailaren atzean dagoen talde satirikoak gertutik jarraituko dio Anne Gruwez-i, Bruselako instrukzioko epaile guztiz ezohikoari.

Film horiekin erabat osatu da 65. Zinemaldiko Sail Ofiziala; hain zuzen, lehiaketako 18 film, lehiaketaz kanpoko hiru, eta lau emanaldi berezi izango dira.


 
Alanis
Anahí Berneri (Argentina)
Antzezleak: Sofía Gala Castiglione, Dante Della Paolera, Dana Basso, Silvina Sabater, Carlos Vuletich

Alanis prostituzioan aritzen da. Haurtxo bat du, eta bere lagun Giselarekin partekatzen du bizilekua. Bertan hartzen ditu bere bezeroak ere, baina egun batean bi polizia-inspektorek etxea itxi eta Gisela eramango dute, emakumeen salerosketa egotzita. Alanis gezurrez beterik iritsiko da bere izebaren lokalera, Miserere Plaza parean. Arraza anitzeko auzo bortitz horretatik, Alanisek ahaleginak egingo ditu bere duintasuna berreskuratu, bere lagunari lagundu eta bere semea zaintzeko. Kalean eskainiko du berak egiten dakiena, baina kaleak bere arauak ditu, eta Alanisek bere lekua aurkitzeko borrokatu egin beharko du.


 
© Global Screen
Beyond Words
Urszula Antoniak (Polonia - Herbehereak)
Antzezleak: Jakub Gierszał, Andrzej Chyra, Christian Löber

Michael eta Franz, haren nagusi eta lagun mina, etxean bezala sentitzen dira Berlingo modako jatetxe, taberna eta klubetan. Itxuraz, haien artean ez dago desberdintasunik, baina Michaelek Poloniatik emigratu zuen bere amaren heriotzaren ostean, duela zenbait urte, eta oraindik ere arreta berezia jartzen dio bere azentuari. Poloniar bohemio zarpailtsu bat etxean agertzen zaionean, bere aita dela esanez, erabat ukituta geratuko da Michael. Ezin arrotzagoak dira aita-semeak, eta asteburu deserosoa biziko dute, enpatiaren, arbuioaren eta mesfidantzaren artean. Michaelek bere sustraiak aurkitu ahala, saihetsezina izango da krisi mingarria…


 
Der Hauptmann / The Captain
Robert Schwentke (Alemania - Frantzia - Polonia)
Antzezleak: Max Hubacher, Milan Peschel, Frederick Lau, Alexander Fehling

II. Mundu Gerraren azken uneetan, 19 urteko soldadu zarpailtsu eta gosetu batek kapitain baten uniformea lapurtuko du. Ofizial bat itxuratuz, desertore talde bat bilduko du eta bere bidean dagoen guztia hiltzen eta arpilatzen hasiko da, Alemania nazi astinduan zehar. El capitán filmarekin, berriz ere Alemaniara itzuli da Robert Schwentke gidoilari eta zuzendaria.


 
© Les Films du Poisson
La douleur / Memoir of Pain
Emmanuel Finkiel (Frantzia)
Antzezleak: Mélanie Thierry, Benjamin Biolay, Benoît Magimel, Emmanuel Bourdieu

Kutxa ahaztu batean bi koaderno zahar aurkitzen dituenean, bere iragana eta itxaronaldiaren min jasanezina gogoratuko du Marguerite Durasek. 1944ko Frantzian, nazien okupaziopean, idazle gazte bikainak aktiboki parte hartzen du Erresistentzian bere senar Robert Antelme-rekin batera. Gestapok Robert deportatzen duenean, hura itzul dadila lortzeko borrokari ekingo dio, etsi-etsian. Harreman aztoragarria hasiko du Rabier kolaborazionistarekin, eta arrisku handitan sartuko da Robert salbatzeko, katuaren eta saguaren joko horretan Paris osoan zehar topaketak eginez, aurreikusi ezineko emaitzekin. Rabierrek benetan lagundu nahi dio? Edo, nazien aurkako talde klandestinoei buruzko informazioa lortu nahi du? Azkenean, gerra amaitu, eta biktimak eremuetatik itzuliko dira. Denboraldi jasanezina izango da beretzat, agonia luze eta isila, Parisen liberazioaren kaosaren ondoren. Baina zain jarraituko du, faltaren saminari kateaturik, baita itxaropenetik harago ere.


 
Ni juge, ni soumise / So Help Me God
Jean Libon, Yves Hinant (Frantzia - Belgika)

Anne Gruwez epaile aparteko eta zeharo ezohikoak bere benetako ikerketa kriminalen atzeko gelara eramango gaitu. Strip-Tease kultu-telesailaren atzean dagoen talde satirikoak, hiru urtez, ordura arte inor filmatzera ausartu ez dena harrapatu du bere kamerarekin. Aho bilorik gabe eta zuzentasun politikorik gabe. Ez duzue sinetsiko zuen begiek ikusten dutena. Ez da zinema: are okerragoa da!


 
Pororoca
Constantin Popescu (Errumania - Frantzia)
Antzezleak: Bogdan Dumitrache, Iulia Lumanare, Costin Dogioiu, Stefan Raus, Adela Marghidan

Cristina eta Tudor Ionescu senar-emazteek familia zoriontsua osatu dute, bere bi seme-alaba Maria eta Ilie-rekin. Senarrak telefono-konpainia batentzat lan egiten du; emaztea kontularia da. Hogeita hamar urte inguru dituzte, eta Errumaniako hiri batean bizi dira, apartamentu polit batean. Bikote-bizitza arrunta daramate seme-alabekin. Baina igande goiz batean Tudorrek seme-alabak parkera eramango ditu, eta Maria desagertu egingo da. Bat-batean, betirako aldatuko zaie bizitza.



Babesle Ofiziala:

rtve.es Gas Natural - Fenosa movistar+

Laguntzaile Ofizialak:
AUDI KUTXABANK

Instituzio Kideak:

Ayuntamiento de San Sebastián Diputación de Gipuzcoa Gobierno Vasco Ministerio de cultura, educación y deporte


Festival de San Sebastián
© Donostia Zinemaldia | Castellano | Euskara | English |
E-mail hau jaso duzu Donostia Zinemaldiako informazio bidalketako zerrendan zaudelako. Boletinak jasotzen jarraitu nahi ez baduzu, erantzun e-mail honi eta Gaia jarri behar duzun eremuan idatzi "baja eman".
Sar gaitzazu zure kontaktuen edo helbide zerrendatan, gure informazioa sarrera bandejan sartuko zaizula ziurtatzeko.