Mezu hau ondo ikusten ez baduzu edo hizkuntza aldatu nahi baduzu:
| euskara | castellano | english |
Jarraitu gaitzazu hemen

Babesle Ofiziala:
rtve.es Gas Natural - Fenosa movistar+
Euskal ekoizpeneko zazpi film izango dira Euskal Zinemaren Irizar Saria lortzeko lehian
Julia Juaniz muntatzaileak Zinemira saria jasoko du Euskal Zinema eta ETBren Galan, non “Elkarrekin-Together” estreinatuko baita

Zinemirak fikzioaren alorreko bi debut aurkeztuko ditu, “Bi txirula”, Iñigo Garcíarena, eta “Non”, Eñaut Castagnet eta Ximun Fuchsena

Facebook-en
partekatu

Twitter-en
partekatu

Bereizmen handiko irudiak

Hamalau euskal ekoizpen izango dira 65. Donostia Zinemaldiko zortzi sail eta programetan. Horietatik zazpik Zinemaldian izango dute munduko estreinaldia eta Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dute.

Zinemira sailak lehiaketako hiru film hartuko ditu berean. Eñaut Castagnet (Berria 10 urteWhen I Was a Child) eta Ximun Fuchs, Le Petit Théâtre de Pain antzerki-konpainiaren sortzailea, fikzio zinematografikoaren alorrean estreinatuko dira Non filmarekin. Bertan, Frantziako herri txiki bateko komunitate baten borrokaren berri emango digute, enpresa batek itxi ondoren. Bi txirula, gogoetarako bidaia, Iñigo García lehen fikzio-film luzea da. Lanbidez arkitekto, zenbait film labur egin ditu aurretik, esaterako, Big Boy dokumentala eta Errusia. Eta Pura vida (2012) eta Walls (2015) filmen zuzendari eta ekoizleek, Pablo Iraburuk, Migueltxo Molinak (Iruña, 1978) eta Igor Otxoak (Donostia, 1978), Elkarrekin-Together zuzendu dute. Filmean, Estatu Batuetako ekialdeko kostaldean dagoen irla urrun bateraino joango dira euskal arkeologoen espedizio bati jarraikiz, euskal bale arrantzaleak eta bertakoak han elkartu eta lankidetzan aritu zirela baieztatuko duten frogen bila. Elkarrekin-Together izan da Euskal Zinema eta ETBren Galako emanaldirako aukeratutako filma.

Saila lehiaketaz kanpo parte hartuko duten bi filmekin osatuko da: Converso, David Arratibelen (Oírse) bigarren filma, eta Nur eta herensugearen tenplua, Juanba Berasategik (Pasaia, 1951-2017) zuzendutako azkenekoa. Arratibelek bere familiaren fede katolikorako konbertsioa ulertu nahi du filmaren bitartez, eta obra horrekin Publikoaren Saria jaso du Punto de Vista zinema-jaialdian, baita dokumental onenaren saria Malagako zinema-jaialdian ere. Berasategik, bestalde, Toti Martínez de Lezea arabar idazlearen pertsonaia literarioan oinarritutako animazio-filma zuzendu zuen.

Sail Ofizialean bi obra izango dira Irizar sarirako hautagai: Morir, Fernando Francok (Sevilla, 1976) La herida egin ostean zuzendutako bigarren filma, Marian Álvarez eta Andrés Gertrudix antzezleek protagonizatzen dute; aldiz, Handia-k, Aitor Arregiren (Oñati, 1977) eta Jon Garañoren (Donostia, 1974) filmak, Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse ditu protagonista.

Halaber, saria lortzeko lehian izango da Operación Concha, Antonio Cuadri (Trigueros, Huelva, 1960) zuzendariaren filma, Jordi Mollà, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Ramon Agirre eta Bárbara Goenaga protagonistekin. Belodromoan izango da emanaldia.

Irizar sariaren epaimahaiak kontuan hartuko du Bestelako jarduerak programaren esparruko Volar filma ere. Bertha Gaztelumendik (Irun, 1962) zuzendua -Zinemiran Mariposas en el hierro (2012) estreinatu zuen- genero-indarkeriaren biktima diren bederatzi emakumerengana hurbilduko da. Protagonistek asteburu bat elkarrekin ematen dute landa-eremuan.

Gainera, Koldo Almandoz (Donostia, 1973) berriz izango da Zabaltegi-Tabakaleran iaz Sipo Phantasma aurkeztu ondoren. Aurten Plágan izeneko film laburrarekin parte hartuko du. Kimuak 2017 ekimenerako hautatua izan zen, eta, urtero bezala, ekimeneko zazpi obrak profesionalentzako emanaldia izango dute Zinemaldiaren esparruan.

Lau euskal ekoizpen industriako jardueretan

Lau euskal ekoizpen ere -hiru hasiberriak, bat amaitzear- protagonista izango dira 65. Zinemaldiko industria-jardueren esparruan. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, euskal ekoizpena dute hastapenetan dauden bi proiektuk. Akelarre, 1609ko Euskal Herrian girotua, Pablo Agüerok zuzenduko du (El Bolsón, Argentina, 1977); hau da, 77 Doronship (Zabaltegi-Zuzendari Berriak 2009) eta Eva no duerme (Zinema Eraikitzen 27 eta Sail Ofiziala 2015) filmen errealizadoreak.

El doble más quince Mikel Ruedaren (Bilbao, 1980) proiektu berria da. Caminan (Zabaltegi-Tabakalera 2016 eta Kimuak 2016), New York. Bosgarren solairua (Zinemira 2016) eta A escondidas / Ezkutuan (Malagako zinema-jaialdia 2014) filmen egileak 30 urtek banatutako emakume eta nerabe baten istorioa kontatuko digu.

Horrez gain, Glocal in Progress ekimenak, hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako filmei emandako industria-jarduerak, Telmo Esnal (Zarautz, 1967) zuzendariaren Dantza aukeratu du lehenbiziko edizioan. Aurrez hainbat lan aurkeztu ditu zuzendariak Zinemaldian: Aupa Etxebeste! (Zuzendari Berriak, 2005), Asier Altunarekin batera; Amona putz! (Zinemira - Euskal Zinemaren Panorama 2009);  Urte berri on, amona! (Zabaltegi-Zuzendari Berriak 2011); eta  Iraila, berriz ere Altunarekin, Kalebegiak talde-filmaren barruan.

Azkenik, Zinemaldiak eta Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, ikus-entzunezko proiektuak sustatzeko asmoz, elkarrekin antolatzen duten Ikusmira Berriak programan Las letras de Jordi aukeratu da, Maider Fernández Iriarteren proposamena. María Elorzarekin batera Gure hormek (Zabaltegi-Tabakalera 2016) eta La chica de la luz egin ditu Fernández Iriartek; azken hori, Kalebegiak (Belodromo 2016) film koralaren barruan.
 

SAIL OFIZIALA


 
Handia
Aitor Arregi, Jon Garaño (Espainia)
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Antzezleak: Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre, Aia Kruse

Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia gazte Joakin ohikoa baino askoz ere handiagoa dela aurkituko du. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote, Europan zehar. Bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua. Benetako gertakarietan oinarritutako istorio bat.


 
Morir / Dying
Fernando Franco (Espainia)
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Antzezleak: Andrés Gertrúdix, Marian Álvarez
Emanaldi Bereziak

Luisen eta Martaren bizitzak bat-batean geldituko dira. Gezurrek, erruak eta beldurrak proban jarriko dute bikotearen egonkortasuna.

 

ZABALTEGI - TABAKALERA


 
© Koldo Almandoz
Plágan / Plague (Izurria)
Film laburra
Koldo Almandoz (Espainia)

Plaga: latinetik, plaga 'kolpea', 'zauria'. Esanahia: animalia edota landare populazioei kalte larriak eragiten dizkieten espezie bereko izaki bizidunen agerpen masibo eta bat-batekoa. Kaltegarria den zerbaiten ugaritasuna.

ZINEMIRA

Euskal zinemari eskainitako saila da eta Donostia Zinemaldiak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Euskadiko Filmategiak antolatzen dute, Irizar eta EITBk babestuta eta EPEren, IBAIAren eta Zineuskadiren lankidetzarekin.


 
Bi txirula
Iñigo Garcia Agirrezabalaga
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Antzezleak: Jon Elizalde, Iker Hazas, Jon Garcia, Kandido Uranga, Amaia Goikoetxea

Bi gizon oinez doaz. Ihesi. Hainbat paisaia igaroko dituzte lurralde lasaiago eta epelago baten bila. Txori migratzaileak bezala. Bi txirula bidaia bat da. Bizirik irauteko egin beharrekoaz gain (janaria bildu, lo egin, babesa bilatu...), bizitzaz eta bestelako mundu baten aukeraz hausnartzeko denbora ematen duen bidaia.


 
Converso / Conversus
David Arratibel
Antzezleak: Raúl del Toro, María Arratibel, Pilar Aranburo, Paula Tellechea

"Instrumentu batzuek, adibidez tronpetak, adorera bultzatzen dute. Beste batzuek, adibidez flautak, gozotasunera. Eta badaude beste batzuek, organoak, kasurako, zerutiarra den orori arima kentzen diotenak (Aristoteles). Nire familia osoa fede katolikora konbertitu da. Haiekiko distantzia gero eta handiagoa zenez, erabaki nuen film bat egitea, ulertzeko nola sartu zen Espiritu Santua haien bizitzetan, eta, nolabait, baita nirean ere. Maitasun, absentzia, hutsune eta distantzien film bat". (David Arratibel)


 
Elkarrekin - Together
Migueltxo Molina, Pablo Iraburu, Igor Otxoa
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da

Euskal arkeologoen espedizio batek AEBko ekialdean hutsik dagoen irla urrun batera bidaiatuko du. Aspaldiko dokumentu batzuen arabera, euskal balea-arrantzaleen eta bertakoen arteko lankidetzarako elkargunea izan zen. Espedizioko kideekin batera joango gara, lanbro artean, zuhaitz eta harri-labirinto batean barrena. Haien ametsa aurkitzen badute, erakutsiko dute beste mundu bat posible izan zela; beste mundu bat posible dela.


 
Non / No (Ez)
Eñaut Castagnet, Ximun Fuchs
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da

Frantziako hiri txiki bat, 2016ko lan-erreformaren garaian. Radial enpresak bere ateak itxiko ditu greba gogor baten ondoren. Jeansé, Juliette, Bruno, Christine eta Pierre kanporatze-prima iraingarria irensteko elkartu dira. Etxerako bidean, Brunok bortizki uko egingo dio jendarme-kontrol bati. Non film koralak langile talde baten kexa kutsakor eta sumindua kontatzen du. Kuadrilla bat eromenean murgilduta, gelditzen zaien gizatasun apurra mantentzeko.


 
Nur eta herensugearen tenplua / Nur and the Dragon Temple
Juan Bautista Berasategi Luzuriaga

Nur eta bere gurasoak Txinara joan dira bizitzera. Nurrek lagun berriak egin ditu eta gaur bere lagun Guo Guoren urtebetetzea ospatuko dute. Horretarako, jolas parke batean elkartu dira eta, jolasean daudela, Guo Guo desagertu egin dela ohartuko dira. Haren bila joatean labirinto batean sartuko dira, eta irteteko, bertan aurkituko dituzten enigmak argitu beharko dituzte. Horrela, herensugearen bederatzi ateak zeharkatuko dituzte.

ZINEMIRA KIMUAK

(PROFESIONALENTZAT ETA AKREDITAZIODUNENTZAT SOILIK)
Zinemira sailean, halaber, Kimuak 2017 programako film laburren aukeraketa bilduko da. Kimuak-ek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Euskadiko Filmategiaren arteko ekimenak, urteko film labur nabarmenenak zabaltzea du helburu. Aurten, zazpi film labur sartu dira Kimuak programaren aukeraketan.

 
Ab alio
Film laburra
Iñigo Royo, Iñigo Fernández Ostolaza
Zinemira Kimuak

Ab alio Augusto Monterrosoren aipu honi lotzen zaio: ''Hay tres temas: el amor, la muerte y las moscas'' (Hiru gai daude: amodioa, heriotza eta euliak).


 
Aprieta pero raramente ahoga
Film laburra
David P. Sañudo
Zinemira Kimuak

Daniel lan-elkarrizketa batera doa. Lanposturako hautatzen badute, Sigfried paseatuko du, Cosmeren txakurra. Baina txakur basatia da Sigfried, eta ez badira emandako jarraibideak betetzen gupidagabea izan daiteke.


 
Areka
Film laburra
Atxur Animazio Taldea , Paula Huarte , Bego Vicario , Miriam Inza , Jugatx Astorkia , Itxaso Navarro , Beñat Barandika , Usue Egia , Esteban Ramos , Naiara Gallego , Sergio Martínez , Aitor Oñederra , Kote Camacho , Oihana LENnda , Arrate López , Izibene Oñederra , Alots Arregi , Andere Molinuevo , Ximon Agirre , Jon Munarriz , Zaloa Ipiña
Zinemira Kimuak

Euxebiri aita hil zioten gerran. Gaztaroan frankismoaren errepresioa jasan zuen, eta gaur arte, diktadura aspaldi amaitua egonagatik ere, ez du izan bere aitaren memoria agerira ekartzeko aukerarik. Haren bila urteak eman eta gero, azkenik hobia ireki dutenean, argazki bat utziko du Euxebik bere aitaren hezurren ondoan.


 
Euritan
Film laburra
Irati Gorostidi, Arantza Santesteban
Zinemira Kimuak

Itxaro Bordak 1985ean idatzitako Klara eta biok narrazioa berrikustea proposatzen du Euritan filmak. Egilea bere iraganeko hitzen aurrean jarrita, euskal nortasunaren inguruko harreman periferikoaren gaineko begirada eguneratzen da.


 
For The Good Times
Film laburra
Andrés Daniel Sainz
Zinemira Kimuak

Familiako patriarkaren urtebetetzean, semeetako batek armairutik atera eta senideen tolerantzia proban jartzeko erabakia hartuko du. Baina gordeta dituen ustekabeak ez dira hor amaitzen.


 
La fiebre del oro
Film laburra
Raúl de la Fuente
Zinemira Kimuak

Cabo Delgadon (Mozambike), oraindik ere bateraezinak dira herritarren pobrezia eta lurpeko aberastasuna, eta ehunka meatzariren bizitzarekin akabatzen du horrek. Ba al dakizu zure osasuna ere haien lanaren menpe dagoela?


 
Plágan / Plague (Izurria)
Film laburra
Koldo Almandoz
Zinemira Kimuak

Izurria: latinetik, “plaga”, 'kolpea', 'zauria'. Esanahia: animalia edota landare populazioei kalte larriak eragiten dizkieten espezie bereko izaki bizidunen agerpen masibo eta bat-batekoa. Kaltegarria den zerbaiten ugaritasuna.

BELODROMOA


 
Operación Concha / Operation Golden Shell
Antonio Cuadri (Espainia - Mexiko)
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da
Antzezleak: Jordi Mollà, Karra Elejalde, Unax Ugalde, Ramon Agirre, Bárbara Goenaga, Bárbara Mori, Mara Escalante, Alosian Vivancos

Marcos Ruiz de Aldazábal, eskrupulurik gabeko enpresaria, porrot egin duen ekoiztetxe baten buru da. Etsi-etsian eta dirurik gabe, Marcosek eta bere taldeak plan bat antolatuko dute inbertitzaile milioidun bati iruzur egiteko. Horretarako, haien filmean lan egiteari uko egin dion Ray Silvela aktore prestigiotsuaren ordezkoa erabiliko dute. Donostia Zinemaldiaren esparruan hasiko da iruzur itzela, eta bertan ezer ez da izango dirudiena.

BESTELAKO JARDUERAK


 
Volar
Bertha Gaztelumendi (Espainia)
Euskal Zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da

Iraganean genero-indarkeria bizi izan duten bederatzi emakumek asteburu bat elkarrekin emango dute landa-eremuan, eguneroko bizitzatik urrun. Askotariko adinak eta lanbideak dituzten emakumeak badira ere, gai dira hitzen beharrik gabe elkar ulertzeko. Indarkeria horren infernuari aurre egiteko izan duten adoreak elkartzen ditu, baita hortik bizirik irten izanak eta pairatutako sufrimenduari zentzua eman nahiak ere. Gainera, beste emakume batzuen eta gizartearen esku jartzen dute beren bizitzako ibilbidea, biktimismorik gabe.

ZINEMIRA SARIA
Julia Juaniz

Euskal Zinema eta ETBren Galan, irailaren 26an (asteartea) Victoria Eugenia antzokian, Elkarrekin-Together filma proiektatuko eta Zinemira saria emango da. Donostia Zinemaldiak eta EPE eta IBAIA ekoizle-elkarteek ematen dute ohorezko sari hori, euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzeko. Aurreko urteetan Imanol Uribek (2009), Álex Angulok (2010), Elías Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015) eta Ramón Bareak (2016) jaso dute. Aurten, Julia Juaniz muntatzailearen jarduna sarituko da.

Zaragozako Unibertsitatean Medikuntza eta Spectrum galerian argazkilaritza ikasi ondoren, 60tik gora produkzio muntatu ditu Julia Juanizek (Arellano, Nafarroa, 1956), bai zuzendari ezagunenak, besteak beste, Carlos Saura (Taxi, Pajarico, Tango, Goya en Burdeos, Buñuel y la mesa del rey Salomón, El 7º día, Io, Don Giovanni), Víctor Erice (Alumbramiento), Daniel Calparsoro (Guerreros / Gerrariak, Asfalto), Mercedes Álvarez (El cielo gira), Rafael Gordon (Todo mujer, La reina Isabel en persona), Ramón Barea (El coche de pedales, Pecata minuta), Alberto Morais (Un lugar en el cine, La madre) eta Inés Parísenak (Miguel y William), bai euskal zinemagile gazteenak, esate baterako, Alberto Gorritiberea (Arriya / La piedra), Jabi Elortegi (Zorion perfektua), Pedro Aguilera (Naufragio / Hondoratzea) eta Arantza Ibarrarenak (Zigortzaileak / Los castigadores).

Errealizadore gisa egindako film laburrak ere aurki daitezke bere filmografian, besteren artean, Traintime (1991), Euskal Zinemaren Sari Nagusiaren irabazlea Bilboko zinema-jaialdian; El vuelo de Dora Salazar (2011), Altsasuko artistari buruzkoa; El grito de Guernica (2012); Mankind (2012), Lars von Trier zinemagilearen Gesamt proiekturako hautatua, eta El lenguaje de los objetos (2013), Marijose Recalde artistari buruzkoa.

Bitan izendatu dute muntaketa onenaren Goya sarirako, Goya en Burdeos (1996) eta Iberia (2005) filmengatik hain zuzen; horrez gain, El cielo girak (2004) Espainiako Kritiko Zinematografikoen Zirkuluaren saria ekarri zion.

Bere filmetako asko Donostia Zinemaldiaren historiaren parte dira: El tiempo de Neville (Zabaltegi, 1991), Urte ilunak / Los años oscuros (Zuzendari Berriak, 1993),Taxi (Sail Ofiziala, 1996), Muerto de amor (Zabaltegi, 1996), La fabulosa historia de Diego Martín (Euskal Zinemaren Eguna, 1996), Pecata minuta (Zabaltegi, 1998), Time’s Up! (Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 2000), Buñuel y la mesa del rey Salomón (Sail Ofizialaren inaugurazioa, 2001), El 7º día (Made in Spain, 2004), Cosmos (Zuzendari Berriak, 2007), El cielo gira (Made in Spain, 2005), Fados (Zabaltegi-Perlak, 2007), Un lugar en el cine (Euskal Zinemaren Eguna, 2008), Zorion perfektua (Zabaltegi-Zuzendari Berriak, 2009), Arriya (Zinemira – Euskal Zinemaren Panorama, 2011) eta Naufragio (Zinemira – Euskal Zinemaren Panorama, 2011).

Argazkilaritzaren eta bideoartearen alorretan eta filmetako negatiboak pintatzen egin duen artista-lana hainbat erakusketatan egon da ikusgai: Artistas Españoles en Daegu (2013, Hego Korea), Ver con los ojos y el alma (La Neomudéjar, 2014), Abrir mundos (Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademia, 2015), Alas-Hegoak (Iruñeko Zitadelako Arma Aretoa, 2015), Sueños (La Alhóndiga de Segovia, 2016), Emakumearen Eremua, el espacio de la mujer (La Neomudéjar, 2017). Errusian (Now&After), Mexikon (Casa Buñuel) eta Etiopian (AVAF Festival Ethiopian Videoart) ere erakusgai jarri dute bere obra.

Julia Juanizek zinemagintzako unibertsitate eta eskoletan muntaketa-ikastaroak eman ditu orobat. Europako Zinema Akademiako kide da, baita Espainiako Zinema Akademiako zuzendaritza-batzordekoa ere, muntaketako batzordekide gisa.

Gaur egun, Karzan Kader zuzendariaren Trading Paint (Espainia - AEB) muntatzen dabil, John Travolta, Michael Madsen eta Shania Twain protagonista dituen film luze bat, eta aurrez honako film hauek amaitu ditu: Bent, Bobby Morescok idatzia eta zuzendua (Crash eta Million Dollar Baby filmen ekoizlea), Sofía Vergara eta Andy García antzezleekin; Finding Steve McQueen, Mark Steven Johnson zuzendariarena (Daredevil), Travis Fimmel (Vikings) eta Rachael Taylor (Transformers) aktoreek protagonizatua, eta Black Butterfly, Brian Goodman zuzendariarena (What Doesn't Kill You), Antonio Banderas Donostia sariduna eta John Rhys Meyers (Match Point) antzezleekin.

EUSKAL ZINEMA ETA ETBren GALA


 
Elkarrekin - Together
Migueltxo Molina, Pablo Iraburu, Igor Otxoa

Euskal arkeologoen espedizio batek AEBko ekialdean hutsik dagoen irla urrun batera bidaiatuko du. Aspaldiko dokumentu batzuen arabera, euskal balea-arrantzaleen eta bertakoen arteko lankidetzarako elkargunea izan zen. Espedizioko kideekin batera joango gara, lanbro artean, zuhaitz eta harri-labirinto batean barrena. Haien ametsa aurkitzen badute, erakutsiko dute beste mundu bat posible izan zela; beste mundu bat posible dela.

INDUSTRY CLUB

EUROPA-LATINOAMERIKA KOPRODUKZIO FOROA


1  
Akelarre / Witches' Sabbath
Pablo Agüero (Espainia - Frantzia)

2  
El doble más quince / Double Plus Fifteen
Mikel Rueda (Espainia)

GLOCAL IN PROGRESS


 
Dantza
Telmo Esnal (Espainia)

Euskal dantzen sinbolo eta metaforak oinarri hartuta, sormenezko pelikula libre bat da Dantza, bizitzaren zikloaren istorioa eta gizakiaren eboluzioa erakusten duen fikziozko film musikal bat. Film honetan, dantzen bitartez gai unibertsal asko jorratzen dira; besteak beste, bizirautea, sinesmena, festa, maitasuna eta heriotzaren kontrako etengabeko borroka. Aldi berean, abestiez, keinuez eta erritmoaz lagunduta narrazio sinple baina argia osatzen da.

IKUSMIRA BERRIAK


 
Las letras de Jordi / Jordi's Letters
Maider Fernández Iriarte (Espainia)
EAE kategoria

"Jordi duela 51 urte jaio zen, garun-paralisiarekin; hala ere, ez du bere burua gaixotzat hartzen. Hitz egin ezin duen arren, kartoizko taula baten laguntzaz saiatzen da elkarrizketak izaten. Hain zuzen, hala komunikatzen gara elkarrekin. Jainkoak hitz egiten ziola sentitu zuen lehenengo aldiz 21 urte zituenean. Hala ere, gaur, etxea eta gurasoak utzi eta egoitza batera joan da, eta ez du Jainkoaren presentzia sentitzen. Jordi hutsik dago isiltasunaren eraginez. Filma Jainkoarekiko eta gizon aske baten hitzarekiko maitasunari buruzkoa da. (Maider Fernández Iriarte)


Erabat edo hein batean euskarazkoak diren filmak

  • AKELARRE, Pablo Agüero (Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa)
  • AREKA, Atxur Animazio Taldea (Zinemira-Kimuak)
  • BI TXIRULA, Iñigo Garcia Agirrezabalaga (Zinemira)
  • DANTZA,Telmo Esnal (Glocal in Progress)
  • ELKARREKIN - TOGETHER, Migueltxo Molina, Pablo Iraburu, Igor Otxoa (Zinemira / EUSKAL ZINEMA ETA ETB-REN GALA)
  • EURITAN, Irati Gorostidi, Arantza Santesteban (Zinemira-Kimuak)
  • HANDIA, Aitor Arregi, Jon Garaño (Sail Ofiziala)
  • NUR ETA HERENSUGEAREN TENPLUA, Juan Bautista Berasategi (Zinemira)

 

Euskarara bikoiztutako haur-filmak

Zinemira Euskaraz programaren barruan, Zineuskadiren laguntzaz, haurrentzat pentsatutako film-aukeraketa bat eskainiko da, euskarara bikoiztua.

Horrez gain, Belodromoan goizero Mark Osborne-n The Little Prince (Printze Txikia) filma emango da euskarara eta gaztelerara bikoiztua.

  • FROG KINGDOM (IGELAREN ERRESUMA), Shin Nelson
  • LILLA SPÖKET LABAN / LABAN THE LITTLE GHOST (LABAN, MAMU TXIKIA. A ZER BELDURRA!), Alicja Jaworski, Karin Nilsson, Lasse Persson, Per Åhlin
  • OZZI de Alberto Rodríguez, Nacho La Casa
  • PIXI POST ETA OPARI-EMAILEAK, Gorka Sesma
  • SNEZHNAYA KOROLEVA 2. SNEZHNYY KOROL / THE SNOW QUEEN 2 (ORM ELURRETAKO ERRESUMAN), Aleksey Tsitsilin
  • THE LEGO BATMAN MOVIE (BATMAN LEGO FILMA), Chris McKay

 

EUSKARAZKO AZPITITULUAK DITUZTEN BESTE SAILETAKO FILMAK

HORIZONTES LATINOS
  • ARÁBIA / ARABY, Affonso Uchôa, João Dumans
ZABALTEGI-TABAKALERA
  • 12 JOURS / 12 DAYS, Raymond Depardon
  • BRAGUINO, Clément Cogitore
  • GEU-HU / THE DAY AFTER, Hong Sang-soo
  • L'AMANT D'UN JOUR / LOVER FOR A DAY, Philippe Garrel
  • TESNOTA / CLOSENESS, Kantemir Balagov
  • VISAGES, VILLAGES / FACES, PLACES, Agnès Varda, JR
PERLAK
  • HAPPY END, Michael Haneke
  • JUSQU'À LA GARDE / CUSTODY, Xavier Legrand
  • NELYUBOV / LOVELESS, Andrey Zvyagintsev
  • SANDO-ME NO SATSUJIN / THE THIRD MURDER, Hirokazu Koreeda
  • TESTRÖL ÉS LÉLEKRÖL / ON BODY AND SOUL, Ildikó Enyedi
CULINARY ZINEMA
  • Euskarazko azpititulu elektronikodun lau film izango dira atal honetan eta datorren ostiralean iragarriko dira
SAVAGE CINEMA
  • TAKE EVERY WAVE: THE LIFE OF LAIRD HAMILTON, Rory
ZINEMIRA
  • ELKARREKIN - TOGETHER Migueltxo Molina, Pablo Iraburu, Igor Otxoa
  • NON / NO Eñaut Castagnet, Ximun Fuchs
JOSEPH LOSEY
  • ACCIDENT
  • SECRET CEREMONY 
  • THE GO-BETWEEN
  • THE LAWLESS
  • THE PROWLER
  • THE SERVANT

 


Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua
Euskal kulturak hainbat diziplinatan bizi duen loraldiaren adierazgarria da gure zinemaren egoera. Honen talentua, #65SSIFF-an izango da.
Euskal zinemak gure herria, kultura, historia ta istorioak mundura proiektatzen ditu. Talentuz ta ikuspegi unibertsal batez, mugak gaindituz.

EITBko zuzendari nagusia
Sektorearekin hamar urtez lankidetza estuan aritu ondoren, azken urteetan arrakasta handiak lortzen ari dira euskal zinean.
Aurten euskal produktoreek egindako bi lan ditugu sekzio ofizialean. Horietako bat 'Handia' euskaraz filmatu dela nabarmendu behar da.

IBAIAko presidentea
Euskal zinema bilakaera adierazgarria izaten ari da, ekoizpenen kalitatea nabarmen hobetuz. Bai lehiakortasuna bai onarpena handiagoak dira.
Loraldian bada ere, finantzaketa iturri nagusiak egokitzen eta indartzen jarraitu behar da. Izan dezagun sektorengan merezitako konfidantza.

EPEko presidentea
Euskal zinemaren egoera onak ez du diru-laguntzen politikarekin bat egiten. Aurrekontu orokorretatik aldendutako lerro berriak falta dira.
Azken urteotako produkzioek, "Loreak" eta "Psiconautas, los niños olvidados" bezala, mugak zeharkatzen dituzte eta memorian geldituko dira.

Donostia Zinemaldiaren zuzendaria
Euskal zinema, eta euskarazko zinema bereziki, Zinemaldiko sail garrantzitsuenetan presentzia nabarmena izaten ari da.
Hau filmen kalitatearen isla besterik ez da. Kasu batzuetan, gainera, gure zinematografia bezain txikirako produkzio maila harrigarriarekin.


Babesle Ofiziala:

rtve.es Gas Natural - Fenosa movistar+

Laguntzaile Ofizialak:
AUDI KUTXABANK

Instituzio Kideak:

Ayuntamiento de San Sebastián Diputación de Gipuzcoa Gobierno Vasco Ministerio de cultura, educación y deporte


Festival de San Sebastián
© Donostia Zinemaldia | Castellano | Euskara | English |
E-mail hau jaso duzu Donostia Zinemaldiako informazio bidalketako zerrendan zaudelako. Boletinak jasotzen jarraitu nahi ez baduzu, erantzun e-mail honi eta Gaia jarri behar duzun eremuan idatzi "baja eman".
Sar gaitzazu zure kontaktuen edo helbide zerrendatan, gure informazioa sarrera bandejan sartuko zaizula ziurtatzeko.